Jainkoa bizia jendea | 2019ko Martxoaren 14a

"ESPERANTZARI LEIHO BAT..."

Peio Ospital

Aktualitateak berriz ere Eliz erakundearen funtzionamenduaren alderdi ilunenak eta okerrenak ezagutzea eman dauku ARTE telebista katean agertu den dokumentalaren bidez, lau kontinentetako hogeita hiru lurraldetan serora ez gutik apez "harraparien" ganik jasan behar izan edo jasaiten dituzten sexu abusuen gaineko oihala altxatuz.

Pedofiliaren eskandaloaren ondotik, hau... Egia erran, hainbeste urtez erakunde horri nola edo hala, hurbiltxago edo urruntxagotik, baina beti fede onez eta zintzotasunez jarraiki girenak ez dugu gure burua trahitua eta lohitua senditzeko motiborik falta... Beharrik baita besterik ere...

Hats edo arnas piska bat hartu nahiz, "esperantzari leiho bat" (B. Gandiagaren hitza) zabaltzea nahiago izan dut aldi huntan, Frantzia iparraldeko zazpi apez lagunek hiru diozesetako apezpikueri igorri gutuna zuenganatuz. Gutun hunen bidez, aseak direla jakinarazi nahi dute goraki eta ozenki." Gal zorian dagon Elizaren erdian, esperantza atxiki" eman diote izenburua beren gutunari.

Aseak zertaz?

- Aseak aduana baten gisan funtzionatzen duen sistema baten ordezkari izaiteaz,

- aseak sakramenduak ukatzeaz "laukietan" sartzen ez delako, - aseak sotanaz jantzirik dauden apez batzuek nexkatoak beretter izaitetik baztertzeaz,

- aseak gune autoritario edo "tradi"ko jendeak berek egin lana zangopilatzen ikusteaz,

- aseak Ekintza Katolikotik urrun dauden eliz korronte batzuri lehentasuna emaiten dela ikusteaz,

- aseak dena apezen gain uzten dela ikusteaz, beti eta gutiago direlarik,

- aseak Eliza elitista edo puristaz..., beren xedea jendearen zerbitzura jartzea eta maitasunezko Jainkoaren lekuko izaitea delarik.

Gutun horren lerro batzuk euskaratu ditut: "Gutarteko gehieneri, Kontzilioak ideki zauzkigun ateak eta gure ministeritza betetzeko ahalbidea eman. Bide hortarik, Ekintza Katolikoa zinezko parada izan da guretzat, eta izaiten segitzen du, jendartean engaiaturik dauden fededunen laguntzeko eta hauekin bide egiteko, aldi berean beti Eliza galdekatuz bere presentziaz Jainkoak hain maite duen munduari...

Apez eskasiaz apezpikuek duten griña, gure ustez, beldurraren ondorioa da: orai arteko funtzionamendua gal zorian dagolako beldurra, kleroek izanik fededunen kudeatzeko, lurraldea estaltzeko eta autoritatea bermatzeko misionea. Hau guzia desegoki gertatzen delarik eta Ebanjelioaren dinamikaren eta gure garaikideen xedeen kontra doalarik.

Erran ditzagun gauzak deplauki: ikusten dira gaur egun hainbat "erretor" (artzain baino gehiago), gizon ezkongabeak, gurutze ttipi edo handidunak, zonbaitetan sotanaz jantzirik manifestaldi identitarioak (xuri ta beltzez) kolorestatzera etortzen direnak. Meza saindua (eukaristia baino gehiago) beren arduren erdigunean ezarri nahiz, artoski lehiatzen dira gizon eta emazteak berexteaz, berdin neska ta mutikoak, sexu emekoeri debekatua zaiotela koruan sartzea. Toki hau (korua) hain da sakralizatua nun ez duen gehiago deus ikustekorik Jesusek bere azken afarirako bere dizipuluak bildu zituen goi-gelarekin.

Ez dugu onartzen apez eredu horrek gaina har dezan... beren komunitatearen bizia eskutan hartu nahi duten hainbat laikoen gogo ona lotsatzeraino.

Ohiko bihurtu den dogmaren, erritoen eta apezak ordinazionearen bidez hartua dukeen autoritate eztabaidaezinaren erabilpena dela eta, hainbat kristau urrundu dira igandetako edo tokiko ospakizunetarik eta utzi dituzte parropi ardurak.

Sinisten dugu badela beste biderik gure munduan Kristoren mezuaren egokitasuna hedatzeko, eta uste dugu bidezkoak direla gure galdeak. Eta zergatik ez luke Eliz erakundeak bere burua galdezkatuko bere egokitasun propioaz, bere tokia atxikitzeko jokoz kanpo uzten duen bere gaurko funtzionamendu moldeaz? Botereinstituzio gisa ez, baina gizarte bizitza alternatibo bat proposa lezakeen erakunde gisa bere tokia betetzeko..."

Azkenean, hauxe da gogo-bihotzez luzatzen duten deia: "Mendekoste berri bat dugu nahi!" Uste dut zazpi apez hauen izenak merezi dutela Euskal Herrian ere izendatuak izaitea: Jean-Marc Bocquet, Marc Delebarre, Patrick Delecluse, Bernard Denis, Adam Dobek, Joseph Nurchi, Yves Spriet.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3490. zbk

Zer balio luke ilargiaz jabetzeak Lurra galdu behar baginu

François Mauriac

Gure Hitza | 2019/03/14

Gure buruekin ez beti xuxen!

Menane Oxandabaratz

Joano eta gehiago entzuten da eskuin eta ezker kasu egin behar dugula gure eguneroko kontsumitzeko eta bizitzeko maneretan. Bereziki janariaren inguruan ehunka emankizun, film, liburu, konferentzia… aholkuak emaiten dituztenak bai eta informazioak, zer ona den eta zer nola egina den. Sare sozialetako “lagunek”, hola deitzen direlakoz, partekatzen dituzte batzuen edo besteen iritziak, tarteka petizio batzuk ere banatuak direla eginahala pertsonek izenpetzeko, agintari politikoer edo industrial arduraduneri deiadarra zabalduz. Egia da, gure lurra xehatzen ari dugula, ikusiz artetan ekaitza batzuk zer desmasiak egiten dituzten, eragin bat izanez hormagune batzuk urtzen ari direla, biharamun ilun batzuen menturan. Gauza baikorretan, kontzientzia hartze hori joano eta gehiago zabaltzen ari da, ez dugu zer nahi, nun nahi botatzen. Lehen pentze zola batean ikusiko ginituen auto zahar batzuk edo etxe bazter batean erretzeak kasu egin gabe ondorioa izaiten ahal zuenez. Orain erakunde p...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016