Kostaldean | 2019ko Martxoaren 14a

Ihauteria alegera Hendaian

Zoin pollita Kinto aldeko xerria!
Zoin%20pollita%20Kinto%20aldeko%20xerria!

Aroa ere alde, denbora eztia alabainan, ez bada ere iguzkia biziki agertu, ihauteria alegera izan da joan den larunbatean Hendaian. Gazte eta ez hain gazte jende mozorrotu frango. Hartza denen aitzinean. Mamu batzu untsa itsusiak harat eta hunat ibilki bainan nehor biziki iziarazi gabe! Dantzariak erne, musikariak ere ba. Karro batzu aski ederki prestatuak. Hala nola Zarpai Banda elkartearena. Hunek nahi ukan ditu ohoratu Kintoa eta eskualde hartako ekoizpenak. Hango urdeak beraz eta hango xingarrak. Hendaian haatik ez dituzte gure begi berekin ikusten gauzak. Guk Kintoko urdeak xuri ta beltxak dauzkagu. Hendaian, beltxa utzi dute beti beltx bainan xuriaren partez kolore arrosa eman diote... Karroaren segitzaileak ere arrosa koloreko soinekoekin. Hori da hain segur frantsesez erraiten den bezala, "voir la vie en rose". Gero eta jende gehiago bildurik, epaitu dute Zanpantzar. Nehor ez haren alde! Denak oihuka surat behar zela bota!

30 urte

Duela 30 urte ideki zen Donibane Lohizunen, Pergolako aldean, hondartz handiaren bazterrean, Hélianthal talasoterapia artategia bere hotelarekin. Jatetxe bat ere izanki han berean. Orai Hélianthal gero eta usuago Thalazur deitzen da, izen hortako etxeak hartua baitu segida duela bost urte Aurtengo uda bururatzearekin, zerratuko da, ez alde bat bistan da, ez dira aparantziarik ere hortan, bainan obra frangoren egiteko, baduela freskaldi on baten beharra Xehetasunak eman dituzte joan den egunean. Berritze hori egin beharra zela, hori badu denbora asko jakina dela. Eraikina bera dena berrituko dute, doi bat handituko ere, sei logela gehiago izanen dira eta sartzea ez da gehiago eskualde beretik izanen, jendearen errextasunarengatik. Tresneria gehienak eta muntadura frango berrituko dituzte hasian hasi. Orotarat, bada 25 miliun euroren gastua. Bestalde, toki hori herriarena zen eta Thalazur etxeak beretuko du, tratua egina sei miliun euro baino gehixagotan. Denbora berean, Ravel entzutegia, han berean dena, herriak atxikitzen du eta arramoldatua izanen da, kongresu gune bat hor izaiteko, holako zerbait eskas dela Donibanen. Izari on batetako kongresu gunea litake, aldian 250 edo 300 lagun hartzeko gisan, hein hori dela egokiena Donibane bezalako herri batentzat. Obra horiek gostako dira lau miliun euro, beharbada azkenean lau miliun eta erdi. Herriaren obrak eta Thalazur etxearenak betan akulatuko dira, heldu den udazkenetik harat, iraunen dute bederatzi hilabete nunbait han.

Bilkura nahasia

Ziburun, herriko kontseilua bildu da, aurtengo norabide nagusiak behar zituela finkatu. Bilkura luzea, lau oren iraun du, eta zinez nahasia. Ezagun da gehiengoa bi zatitan dela eta hori hola da heldu den urteko bozeri buruz eskuindarren zerrendaburua ezin hautatuz ukan dituzten istorioen gatik. Etzen errana haatik zatikatze hori hoinbeste ageriko zela norabide nagusietaz mintzatzeko keinkan. Norabide horietan sartua izanik herriko eskola publikoen elgarretaratzea Mariñela auzoaldean, aspaldixkoan aipu den xedea, gehiengoko hamar hautetsik boza xuri eman dute. Henri Hirigoyemberry pusatzaile bai eta Iñaki Ibarloza. Etzaiote iduritzen eskolen bateratze hori sartu behar zela norabide nagusietan, gisa guziz ez baita aurten egiten ahalko. Beraz hobe dela hori uztea heldu den urtean hautsetsiak izanen direneri. Apirilaren 10-ean bozkatu beharrak baitira aurtengo aurrekonduak ikusi behar zatikatze hori berriz agertuko den orduan bainan anitzen ustez holako zerbait gertatuko da. Gauzak nola itzulikatuko diren orduan, hori nehork ezin erran oraino. Azen ontzeko, bilkura bururatzerat zoalarik, manifestaldi bat izan da han berean. Kurutze-Gorri auzoaldeko jende batzu jin dira idazki zabal batzuekin salatzerat Bikaleak deitu etxegune berriaren proiektua, ezin onetsia baitaukate holako toki batentzat. Garbiki erran dute afera pusatuko dutela adminitrazio-auzitegirat. Buruhauste bat gehiago eskualde hortarik ere.

Erakustegi berri bat

Hendaian, erakustegi berri bat, Atalante deitzen dena, ideki da geltokitik hurbil. Ikusgai, margo eta argazkiak. Denak artista lan finak. Lau artista elgarretaratuak izanki lehen erakusketarentzat, bi margolari eta bi argazkilari, Monique Suertegaray, Bernard Bayle, Philippe Filoche eta Serge Minguet.

Hegoaldea ideki da

Duela zonbait denbora aipatu ginuen Hendaiaren bihotz-bihotzean idekiko zela etxegune berri bat, Hegoaldea, ez dena xahar-etxe bat bainan jende xaharrentzat egina eta xahar-etxetako zerbitzuak han berean segurtatuak izaiten ahal preseski. Ideki da beraz eta lehen pentsunerak arribatuak dira. 90 bizitegi izanen dira hor espresuki xaharrentzat, bestalde ere bizitegi frango, proiektu handia oro har, aski toki ederrean. Ez denen gustukoa diotenaz bainan nehork ez du denen ara egiten.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3490. zbk

Zer balio luke ilargiaz jabetzeak Lurra galdu behar baginu

François Mauriac

Gure Hitza | 2019/03/14

Gure buruekin ez beti xuxen!

Menane Oxandabaratz

Joano eta gehiago entzuten da eskuin eta ezker kasu egin behar dugula gure eguneroko kontsumitzeko eta bizitzeko maneretan. Bereziki janariaren inguruan ehunka emankizun, film, liburu, konferentzia… aholkuak emaiten dituztenak bai eta informazioak, zer ona den eta zer nola egina den. Sare sozialetako “lagunek”, hola deitzen direlakoz, partekatzen dituzte batzuen edo besteen iritziak, tarteka petizio batzuk ere banatuak direla eginahala pertsonek izenpetzeko, agintari politikoer edo industrial arduraduneri deiadarra zabalduz. Egia da, gure lurra xehatzen ari dugula, ikusiz artetan ekaitza batzuk zer desmasiak egiten dituzten, eragin bat izanez hormagune batzuk urtzen ari direla, biharamun ilun batzuen menturan. Gauza baikorretan, kontzientzia hartze hori joano eta gehiago zabaltzen ari da, ez dugu zer nahi, nun nahi botatzen. Lehen pentze zola batean ikusiko ginituen auto zahar batzuk edo etxe bazter batean erretzeak kasu egin gabe ondorioa izaiten ahal zuenez. Orain erakunde p...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016