Mundu zabalean | 2019ko Martxoaren 14a

Mundu Zabalean

M.L.

Abdelaziz Bouteflika
Abdelaziz%20Bouteflika

Aljerian egoera instituzional berria

Abdelaziz Bouteflika presidentea Suitzatik itzuli zen iragan igandean. Biharamunean presidentetzak erabaki du presidente bozen geroratzea heldu den apirilaren 16a baino aise geroago. Egiazko iraultza instituzional bat iragarri dute gobernutik. Presidente bozak aitzin nazio-konferentzia bat askotarikoa eta independentea bilduko dela lege nagusi berri baten pikoan emaiteko. Proiektu hori erreferendum batean onartua izan ondoan dela presidente bozketa berria iraganen. Iritzi publikoak ostiralero antolatzen zituen protestaldiek segituko dutea orain? Laugarren manifestaldi dei bat hedatua izan da astelehenean ostiral honetarako. Adituek artoski begiratuko dute hor zer pasatuko den. Hor ikusi behar liteke iritzi publikoak zein fidantziarekin hartzen dituen presidentetzaren xedeak. Gisa oroz gauza bat segur da: Abdelaziz Bouteflika ez dela berriz presidente aurkeztuko, ikusteko dago zenbatek erabaki horrekin aski izanen duen manifestaldiak uzteko. Mementoan isiltasunik handiena dago erakunde berri hori nola osatuko den, zer irekitasun erakutsiko duen, nor izanen den presidente independentea? Ahmed Ouyabiak gobernuburu kargua utzi zuen igandean, eta barne ministroak hartu zuen gidaritza. Ondoan gehitu diote gobernu buru-orde bat, gaur arte horrelako kargurik ez zelarik Aljeriako gobernuan.

Boeing hegazkin istriputik landa Boeing enpresa begipean

Etiopiako hiri nagusitik airatu berria zen Boeing 737 MAX 8 modeloko hegazkin bat lehertu zen joan den larunbat goizean 157 bidaiarirekin. Addis-Abebatik 60 kilometrotara hondatu zen hegazkina. Gidatzeko esperientzia luzea duen kapitainak eskatua eta erdietsia zuen airatu lekurat itzultzeko baimena, deseroso sentitzen zela aitortu ondoan. Ez du bere bidea bururaino eraman ahal izan. Boeing etxeak segidan mesfidantzaren ezeztatzeko berriak eman ditu. Hala nola hegazkina kontrolatua izana zela otsailaren 4an. Etiopiako hegazkin konpainia publikoak erabaki du bere hegazkinen geldiaraztea istripuaren zergatiak orratzetik harira ezagutu arte. Hain zuzen joan den astelehenekotzat aurkituak izan dira hegazkinaren bi ontzi beltzak. Baina mesfidantzak azkarki goiti egin du ohartu baitira adituak joan den urrian modelo bereko hegazkin bat hondatu zela Ozeaniako itsasoan 189 bidaiarirekin. Epe arras motzean boeing hegazkinak geldiaraztea erabaki dute: Cayman uharteak, Hego-Afrikak, Indonesiak, Txinak eta Hego-Koreak.

12 haur sortu berri zendu Tunisian

12 haur sortu berriak hil ziren joan den osteguna eta ostirala artean Tunis hiri nagusiko Rabta deitu amategi publikoan. Berri hori ihurtzuria bezala hedatu zen, segidan osasun ministro kargua utzi zuen Abderraouf Cherifek eta haren ondokoak hitza hartu behar izan zuen segidan, familia eta iritzi publikoari argitasunak zor baitzitzaizkien. Amategi barnean zen infekzio batengatik hil direla aitortu du. Gehitu du presako lehen erabakiak segidan hartuak izan direla. Ez zezakeen gutxiago egin. Tunisia denboran famatua zen osagarri mailan eskaintzen zituen artamenduen kalitatearentzat. Bazuen ordea istant bat fama hori azkarki beheititua zela, medikuek aspaldiskoan salatzen zuten bezala. Osagarri sistemak diru aldetik arazo handiak zituela, eta materiala zaharkitzen ari zela, berritzeko dirurik ez eta. Gertakari larri horrek ontsalaz arta programak berritzera lehiatu behar luke.

Aberats/pobreen arteka Frantzian 2019

Eztabaida biziak sortzen eta hazten dira hexagonoan aberatsak eta pobreak aipatzen direlarik. Batzuek gauzak anpletzen ari direla diote, klase media indartsu eta kopurutsua dela Frantzian segur dira, gehitzen dute emaztek gero eta gehiago lanpostu eskuratzen dituztela, klase media horren onerako. Parean aberats/pobreen arteko ozka beti handitzen ari dela diote beste batzuek. INSEE erakundearen estatistiketara jo dugu arteka horren hobeki haztatzeko. Zenbaki ofizial horietan bermatuz erran daiteke baietz, klase mediako jendetza kopurua hein beretsuan dagoela Frantzian azken 30 urte hauetan. Aldiz ortzadar ekonomikoaren bi puntetan dira mugimenduak gertatzen. Argi da menaiu pobreenen irabaziak %3an apaldu direla 1998tik 2015 artean. Aldiz denbora berean menaiu aberatsenen irabaziak %11,3 an emendatu dira. Aberaste horren ideia fidagarria emaiten du ezagutzerat “Forbes” aldizkariak. Honek plazaratzen du urtero munduko aberatsenen zerrenda, hasiz miliar dolarreko marra goiti pasatzen dutenetarik. Interesatzen gara gaur hexagonoko lehenbiziko bost aberatsenen izenei. Lehena Bernard Arnault deitzen da, munduko laugarrena da, 66,9 miliar euroko aberastasuna eskutan du. LVMH izeneko holdingaren buru lehena da, segur da urtean miliar bat euro pasatzen duen zerga ordaintzen diela botere publikoei. Bigarren frantsesa emazte bat da: Françoise Bettencourt- Meyers, l’Oreal holdingeko buruzagia, 43,4 miliar euroko aberastasunaren jabea da. Hirugarren tokian dator François Pinault, Kerig jantzi/zakueria eta usain on sailetan LVMH enpresaren lehiakari handienetakoa. 26,1 miliar eurorekin urtea %12aren emendioarekin bururatu du. Laugarren lekuan Wertheimer bi anaiak agertzen dira, bakoitzak 12,8 miliarreko ondarea ukanki. Bosgarren tokian Dassault familia agertzen da, Serge berriki zenduak familiako lau kiden artean utzi baitu enpresa. 22 miliar euroko ondarea partekatzen dute lauen artean. Oro har bost lehen horien fortunak %14,5ean emendatu dira urtea barne.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3490. zbk

Zer balio luke ilargiaz jabetzeak Lurra galdu behar baginu

François Mauriac

Gure Hitza | 2019/03/14

Gure buruekin ez beti xuxen!

Menane Oxandabaratz

Joano eta gehiago entzuten da eskuin eta ezker kasu egin behar dugula gure eguneroko kontsumitzeko eta bizitzeko maneretan. Bereziki janariaren inguruan ehunka emankizun, film, liburu, konferentzia… aholkuak emaiten dituztenak bai eta informazioak, zer ona den eta zer nola egina den. Sare sozialetako “lagunek”, hola deitzen direlakoz, partekatzen dituzte batzuen edo besteen iritziak, tarteka petizio batzuk ere banatuak direla eginahala pertsonek izenpetzeko, agintari politikoer edo industrial arduraduneri deiadarra zabalduz. Egia da, gure lurra xehatzen ari dugula, ikusiz artetan ekaitza batzuk zer desmasiak egiten dituzten, eragin bat izanez hormagune batzuk urtzen ari direla, biharamun ilun batzuen menturan. Gauza baikorretan, kontzientzia hartze hori joano eta gehiago zabaltzen ari da, ez dugu zer nahi, nun nahi botatzen. Lehen pentze zola batean ikusiko ginituen auto zahar batzuk edo etxe bazter batean erretzeak kasu egin gabe ondorioa izaiten ahal zuenez. Orain erakunde p...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016