Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2019ko Ekainaren 27a
Aiherra
Aiherrako besta alaien ondotik, MILESKER gazteria ederrari
Berriki iragan herriko pesten ondotik, lehen lehenik eskertu behar ditugu pesta komiteko gazteak, holako lana eramanik besta hauetan. - Ortziral arratsean, jende gutti, erran behar da frango hotz zela, eta ez zela herritar gazteek eman antzerkirik. - Larunbat arratseko zikiro bestarentzat, aroa xoragarria eta 590 afaltiar bildu zen, joan den urtean baino 40 gutiago, baina zer giroa! Giro zinez onean iragan zen gaualdi osoa, Erritmo taldearen dantzaldiarekin bai eta afari denboran jendea kantuz eta dantzan arrarazi duen Kontrabanda taldearekin. Igande goizaldera etxera itzultzeko presatua ez zen jende anitz bazen oraino, plazan. -Igande eguerditan, Herriko Etxeak eskaini aperitifak betiko arrakasta izan zuen. Zortzi taldeak zuen alaitu hau eta zoin ederki, bai eta herriko gaiteroek, hauek lehen aldikotz ikusten genintuelarik herrian, berriki hasiak baitira gaita jotzen. Biba zuek. - Igande arratsaldean Euskal Herriko txapelketaren finalaurdenentzat, publikoa bildu zen saldo handian. Denek Bat-ekoek zuten eraman tanto soil batez Atzarriko parearen aurka. Partidaren ondotik, Gizaki Gardenak kantari taldeak ez zuen ikusle handirik bildu. - Asteleheneko herritarren egunean gazte ala adinekoek parte hartu zuten, urtean behin bederen herritarrentzat pestetan elkartzea eta kurutzatzea garrantzitsua baita. Aurtengo birla lehiaketa Auxotean (joan den urtean bezala funtsean) iragaiten zen, Xavier APHAL herritarrak zuen ereman. Arratsean, 240 herritarrek parte hartu zuten paella afarian herriko plazan, eta ondotikako Kiki Bordatxok alaitu dantzaldian. Giro handia dutela gazteek beren artean ageri zen pesta hauetan. Kabalkadaren urtea dela ageri zen ere, bai larunbateko dantzaldian eta bai astelehenean herritarrak saldo handian ikusi baititugu dantzan, mutxikoetan eta gaineratekoetan, orain arte sekulan ikusi ez genituen makilariek ere dantzatu baitute. Aurtengo bestak bururatuak dira. Ondoko hitzordua, Aiherrako Kabalkada, buruilaren 22an eta buruilaren 29an, herriko plazan, igandearekin. Ez ahantz! Herriko pesta hauen argazkiak, deia Herriko Etxearen webgunean ikus daitezke www.ayherre.fr edo www.aiherra.eus!
62 urtez goitikoen bazkaria
Ortziralean zortzi Auxotea jatetxean, 62 urtez goitiko 85 herritar elgarretaratu ziren Herriko Etxeak eskainitako bazkaria gozatzeko. Aurtengo berritasuna zen “gazte batzuk”, aurten 62 urte eginik lehen aldikotz parte hartzen zutela Herriko Etxeak eskaini bazkarian, gisa hortan herriko bestak ortziral eguerditan hasiz. Eguna goxoki iraganik erretiratu zen jendea.
Igandean oinezko ibilaldi mokofinak, Aiherran
Eskola giristinoko burasoek antolaturik heldu den igandean ekainaren 30ean, oinezko ibilaldiak proposatuak zauzkigu, Aiherrako kaskoetan gaindi. Denen heinekoa izanen da, 2 ibilaldi moten artean hautatzen ahalko baita, bat 5 kmkoa (9:30) eta bestea 15 km-koa (8:00-8:30 artean) eginen direlarik. Ibilaldi hauen berezitasuna da tokiko laborarien ekoizpenak dastatzen ahalko direla ibilaldian zehar. Ibilaldi labur edo errexarentzat abiatzea eskolatik eginen da, hots eliza gainetik, eta goiza bururatzen ahalko da janari eta edariak heltzean hartuz, eskola giristinoan. Ongi etorri deneri!
Odol emaitea uztailaren lehen eta 2an
Odolaren eskasean direla eritetxe eta ospitaleak jakina da. Osagarrian den nornahik laguntza ekar lezake odola emanez. Odola emaiteko zentroak jakinarazten du, Hazparne aldearentzat, Aiherran Denen Etxeko gelan, odola emaiten ahalko dela uztailaren lehenean eta 2an, astelehenarekin (8:00-12:00) eta uztailaren 2an, asteartea (15:00-19:00).