Egun eta bihar | 2019ko Ekainaren 27a
Egun eta Bihar
J-B D
Neurri berri batzu
Aspaldian, badu urteak eta urteak, arrangura handiak badira lan eskasarekin. Bai, zinez buruhauste gaitzak. Sail hortan ere gobernuak nahi du gauza frango kanbiatu. Erabaki parrasta bat badu beraz hartua. Egia erran, deus ez omen da aldatuko jadanik lanik gabe direnentzat. Neurri berriak zehaztuko dituzte uda huntan eta martxan ezarriko batzuk azaroan eta beste batzuk berantxago. Gobernuaren arabera errextasun gehiago izanen da nornahirentzat eta langabezia ozka batez behar litake apaldu. Beste frangok diote aldiz neurri berri horiek ez dutela deus onik ekarriko bainan ba zailtasun gehiago. Gisa guziz, lanik gabe geldituko denak laguntza gutiago ukanen du ez balinbada lanean arizana sei hilabetez bederen aitzineko bi urtetan. Orain arte lau hilabete aski zen eta 28 hilabeteko epean. Diru laguntza zonbatekoa izanen den, hortan ere izanen dira aldaketak, konduak ez dira orai artinoko moldean eginen, ondorioz batzuk irabazle naski eta beste batzuk galtzale. Bestalde, lanik ez duteneri formakuntza bide gehiago idekiko zaiote, eta formakuntza egokiagoak bakoitxaren kasua ikusiz. Gobernuak dauka hortan berean badela aitzinamendu on baten mentura eta ez entraalekoa. Bizkitartean, langile sindikatuak haserre dira, neurri berri horiekin ez dela aitzinerat eginen bainan izaitekotz gibelerat. Dena den, langabeziaz arduratzen diren zerbitzuek mila langile gehiago hartuko dituzte hiru urte barne, hobeki kasu egiteko lanik ez dutenetan nork duen lana xintxoki xerkatzen bai eta lanketa dabiltzanak gehiago laguntzeko beren harathunatetan.
Nork nahi du erosi?
Ez bide da baitezpada munta handia daukan istorio bat bainan ukaiten du zonbait eta zonbait aipaldi hedabide anitzetan! Mitterrand president zenaren familiak nahi du saldu Pariseren bihotz-bihotzean duen etxe bat, edo bederen etxe horren eskualde bat. 1971an, Mitterrand bera kargu gorenerat etzelarik oraino heldua, Mitterrand senaremaztek erosi zuten etxe hori, biziki merke omen, xahartua zena eta obra beharretan. Bi urte barne xaharberritua izan zen. Gero, senar-emazteak han bizi izan dira Mitterrand zendu arte. Eliseo jauregitik ere noiz nahi etxe hortarat jiten ziren. Familiak nahi du aitzina atxiki bigarren estaia, Mitterrand lehendakariak han zuen bulegoarekin, bainan gaineratikoa saldu, orotarat 79 metro karratu. Zendako du afera horrek hoinbeste aipaldi? Jakinaren gainean biziki kario nahi dutela saldu. Zinez gormantak agertzen dira hor Mitterrand-tiar horiek, galdetuz milioi bat eta 375 mila euro! Parisen bizitegiak kario direla, prezio hortaz harritzen dira halere bazterrak. Etxea bera toki arraroan izanikan ere. Artetik erraiteko, "Herria" irakurtzen dutenetan ba ote litake norbait erosle agertzen ahal litakeenik?
Liburu berri bat
Errekontru handiz kanpo, ortzegun huntan, ekainak 27, agertzekoa da Nicolas Sarkozy president ohiak idatzi liburu gotor bat - 370 orrialdekoa omen - "Passions" deitua duena. Politikaren eremu horietan nola ibilia den kondatuz eta nahitez oroitzapen anitz harrotuz. Zoin oroitzapen ote? Badira berantetsia dutenak jakitea zer agertuko den eta zer ez. Gisa guziz idazleak berak muga bat ezarria dauka haatik kondaketa hortan. Liburua gelditzen da alabainan 2007ko maiatzean, Sarkozy president jarri zen egunean. Ez ditu beraz aipatzen president egon zen bost urte heiek ez eta geroztik joan den denbora. Hola geroxagoko atxikiz berdin beste liburu baten gaia. Gisa guziz laster ageriko da lehenak nolako arrakasta ukanen duen.
Hautagai
Eskuindarrak eta bereziki "errepublikano" horiek lanetan direla beren artean ezin akomeatuz, elgar aditu behar luketeelarik hein bat untsa heltzekotan, Christian Jacob ministro ohiak, legebiltzarrean eskuindar deputatuen taldeburu denak, jakinarazi du hautagai litakeela alderdiaren buru jartzeko heldu den urrian. Orduan beharrra baita auzi hori xuritu. Iduriz, alderdikide frangok arras untsa hartu duten urratsa. Hautagai egokiena ditakeela orobat. Bainan beste batzuk agertzen ahal oraino.