Hegoaldean | 2019ko Ekainaren 27a

Hegoaldean

Hegoaldean

Izen aldaketa Iruñean

Iruñeako auzapez kargua hartu bezain laster, neurri sinbolikoa hartu du Enrique Maiak. Espainiako armadari eskainiko dio berriz ere hiriko etorbide nagusienetako baten izena. Gisa horretan, Joseba Asironek egin zuen aldaketa indargabetu du. Asironek Katalina Foixekoaren izena eman zion lehenago Espainiako Armada izena zuen etorbideari. Iruñeako Udalak jakinarazi du desmartxa administratiboak burutu orduko gauzatuko dela izen aldaketa. Etorbide hori 1960ko hamarkadan egina izan zen eta Espainiako armadari “aitortza” egiteko eman omen zioten indar armatu horren izena, Iruñeako gotorlekuaren inguruko lurrak eman zituelako. Hala ere, Katalina Foixekoaren izena ez da osoki desagertuko hiriko izendegitik: horrela deituko da Nafarroako Artxiboaren eta Nafarroako Erreinuaren Lorategien plazaren iparraldeko bidea.

Migratzaileentzat zentro bat Tolosan

Errefuxiatuak laguntzeko sortua den CEAR-Euskadi erakundeak (iheslariak laguntzeko batzordea) migratzaileei harrera egiteko zentro berri bat zabalduko du Tolosan. Elkarte horretako bozeramailea den Elena Valverdek eman du horren berri. Valverdek erran du gaur egun 930 migratzaile daudela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, neholako baliabiderik gabe, Espainiar Estatuko aterpetxe batean leku bat eskuratu artean. Tolosako aterpetxeak 30-35 pertsona errezibitzeko lekua izanen du, eta Tolosako Udalaren bai eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin jarriko da martxan.

Asilo eskaerak emendatzen

Aitzineko gaiaren ildo beretik, CEAR-Euskadi erakundeak jakinarazi du aurtengo lehen bortz hilabeteetan 2 075 lagunek asilo- eskaera egin dutela Euskadin, joan den urte osoan baino 500 gehiagok. Datu honen arabera, 2019 bukaerako, galdeak aitzineko urtean baino bi aldiz handiagoak izanen dira.

Hondarribiko alardea

Aspaldiko urteetan tirabira franko gertatzen da Hondarribiko besten karietara, alarde tradizionala eta parekidea sustengatzen dutenen artean. Joan den iraileko kalapitak sekula baino bortitzagoak izan ziren. Eztabaida samin horiek eztitzeko xedez, joan den otsailean Alarde Fundazioak proposatu zuen Hondarribian berean elkarrizketa prozesu bat plantan ezartzea, Gipuzkoako Diputazioaren elkarrizketa ildoari bizkar emanez, horrela. Azken egun hauetan Jaizkibel Konpainia prest agertu da Alarde Fundaziorekin solasak abiatzeko. Ondorioz, elkarrizketak Hondarribian iraganen dira bi alderdien artean. Halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin ere mintzatzeko prest dela baieztatu du Jaizkibel Konpainiak. Haatik, elkarrizketa mahaian parte hartzeko bi baldintza bete beharko dira: alde batetik, bitartekariek Jaizkibel Konpainiaren eta Alarde Fundazioaren onespena beharko dute, eta bertzalde, alardearen gatazkari konponbide adostua eman beharko diote.

Nafarroako Parlamentua

Ekainaren 19an osatu da Nafarroako Parlamentu berria. Geroa Baiko Unai Hualde hautatu dute presidente, Uxue Barkos buru duen koalizioak eta sozialistek azken mementoan onartu duten akordio bati esker. Alabaina, koalizioaren, Podemos-Ahal Duguren, EH Bilduren eta Izquierda- Ezkerraren bozez aparte, PSNrenak ere eskuratu ditu Hualdek. Negoziaketa bipilen ondotik, ganberako Presidente izateko hiru hautagai aurkeztu dira: Iñaki Iriarte (Navarra Suma), Inmaculada Jurio (PSN) eta Unai Hualde (Geroa Bai). Ondotik, Mahaiko bi presidenteordeak eta bi idazkariak hautatu dituzte. Inmaculada Jurio (PSN) izendatu dute lehen presidenteorde, sozialisten, Geroa Bairen, Ahal Duguren eta Ezkerraren sustenguarekin. Yolanda Ibañez Navarra Sumako parlamentaria hautatu dute bigarren presidenteorde (EH Bilduk zuri bozkatu du). Azkenik, idazkariak izendatu dituzte. Luis Sanchez Muniain Navarra Sumako kidea hautatu dute lehen idazkari (20 boz), eta Maiorga Ramirez EH Bilduko kidea bigarren (17 boz, EH Bildurenak berarenak, Geroa Bairenak eta Ezkerrarenak; Ahal Duguk zuri bozkatu du).

11/13 sumarioa

Heldu den irailaren 16an hasiko da presoen eskubideen alde lan egiteagatik epaituak diren 47 lagunen kontrako auzia, 11/13 sumarioa bezala ezagutzen dena. Orotara, 601 urteko presondegi zigorrak galdatuak dira akusatu horientzat. 47 auzipetuei sustengua agertzeko, hainbat lagunek “irtenbidera, etorkizuna askatu” izenburua duen agiria plazaratu dute joan den ostegunean. Jon Maia bertsulariak idatzia du testua eta, mementoko, 150 bat lagunen atxikimendua bildu du. Hauxe dio, bertzeak bertze, adierazpenak: “Euskal jendarteak aurrera egin nahi du, eta, etorkizunari behar bezala ekiteko, iraganeko zauriak ixtea eta korapiloak askatzea ezinbestekoa da”. Agiria plazaratzean, irailaren 14an eginen den manifestaldirako deia egin dute sinatzaileek. Halaber, mediku, erizain, psikologo, odontologo eta osagarri saileko 200 lagunez osatua den Jaiki Hadi elkarteak epaiketa salatu du, honen helburua presoek osasun zaintza egokia ukaiteko duten eskubidea kriminalizatzea dela ohartaraziz.

Gipuzkoako Batzar Nagusiak

Gipuzkoako Batzar Nagusiak osatu dituzte joan den astean. Xabier Ezeizabarrena EAJko kidea izanen da lehendakari berria, Eider Mendozaren lekua hartuz. Lehen presidenteordea EH Bilduko Ernesto Merino izanen da, bigarrena, aldiz, Julio Astudillo PSEkoa. Idazkari karguak beteko dituzte Victoria Eizagirrek (Elkarrekin Ahal Dugu) eta Saioa Bandresek (EAJ). Batzarkideen aitzinean eman duen lehen mintzaldian, Ezeizabarrenak erran du euskal herritarrei dagokiela beren etorkizuna erabakitzeko eskubidea, demokrazia “zauriturik” dagoela, eta hura indartzeko, “herrien eta estatuen arteko harremana berdintasunean eta elkarren errespetuan” oinarritu behar dela.

La Manada auzia

Ekainaren 21ean iragan da Espainiako Auzitegi Gorenenean 2016ko Sanferminetan Madrilgo neska gazte batek jasan zuen talde bortxaketaren auzia berrikusteko saioa. 18 urteko biktima bortxatu zuten bortz gizonen kontrako auzia 2017an abiatu zen Nafarroako Auzitegian. Fiskalak 22 urte eta 10 hilabeteko presondegi kondena galdegin zuen akusatuen kontra, hauek sexu-eraso, larderia eta ohointzaz akusatuz. 2018ko apirilaren 26an, ordea, Auzitegiak 9 urtera kondenatu zituen bortz akusatuak, ez omen zelako sexu-erasoa izan baina soilik sexu-abusua. Gainera, bortz gizonak laster libratuak izan ziren. Joan den ortziraleko saioan, fiskaltzak, akusazio partikularrak eta herri akusazioak galdegin dute akusatuak sexu-erasoarengatik zigortzea, eta beraz presondegikondena gogorragoa ematea. Isabel Rodriguez fiskalak 18 urteko presondegia galdegin du, hark dioenaz, bortz gizonen artean eta leku hetsi batean izanez, neska gazteak ez baitzuen amore emateaz bertze aterabiderik, kinka txar hartatik bizirik, edo bederen osorik ateratzeko. Akusazio partikularrak eta herri akusazioak ere fiskalaren argudioak berretsi dituzte. Azkenean, Auzitegi Gorenak 15 urteko presondegi zigorra eman die akusatuetako lau laguni, bortxaketarengatik, eta 17 urtekoa bosgarren akusatuari, sexuerasoa egiteaz gain, biktimari telefonoa ebasteagatik. Gorenak auzi-erabakia eman orduko, La Manadako bortz kideak arrastatu dituzte.

Torturaren biktimak aitortzeko eguna

Nazio Batuen Erakundeak ekainaren 26an ospatzen du, urte guziez, Torturaren Biktimak Laguntzeko Nazioarteko Eguna. Heldu den urtetik aitzina, Eusko Legebiltzarrak ere parte hartuko du egun horretan, hala erabaki baitute aho batez legebiltzarrean ordezkaritza duten indar politiko guziek. Elkarrekin Podemos alderdiak aurkeztua zuen proposamena, honen xedea delarik “bidegabekeria hori pairatu duten biktimei aitortza egitea gizartearen aurrean”.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3505. zbk

Nehori ez bazira sobera fidatzen hortaz etzira sekulan dolutuko

Leonado de Vinci

Gure Hitza | 2019/06/27

Bederatzi miliar!

Janbattitt Dirassar

Oraino haur hutsa nintzalarik eta Zelaiko eskolan ibilki, Urtsu mendiaren zola hartan – aspaldiko ixtorioa da beraz – oroit niz errientak behin erran zaukula lau miliar jende baginela lur huntan bizi eta jendetza beti emendatuz zoala.

Oraino haur hutsa nintzalarik eta Zelaiko eskolan ibilki, Urtsu mendiaren zola hartan – aspaldiko ixtorioa da beraz – oroit niz errientak behin erran zaukula lau miliar jende baginela lur huntan bizi eta jendetza beti emendatuz zoala. Besterik erran ote zaukun gai hortaz, ez niz gehiago oroit, bainan ateraldi hori ez dut ahantzia, lau miliar ginela beraz. Ez hain aspaldi, nazioarteko erakunde nagusiak plazaratu txosten batean irakurtua dut orai zazpi miliarren ozka gainditua dugula. Eta badakizue zer jakina dutan joan den egunean? Hola segituz, 2050ean, heldu baita 31 urteren buruan, bederatzi miliarretarat helduak izanen girela. Kasik hamarretarat hain segur. Hori idatzi duen ikerlea gogoetatua egoki. Nun nola kokatuko den, eta nun nola biziko, hoinbeste jende! Jatekoa ez ote den eskastuko. Ez gituenez kotsadura zerbaitek itoko. Egia erran, bada hameka gogoetaren egitekoa. Gauzak sobera ilun ikusi gabe ere bistan da, eta aise gehiago txarrena gogoan ibilki bagira. Jadanik ere l...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Imprimerie du Labourd - Cazenave bidea, 29 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016