Inbido | 2019ko Ekainaren 27a

Neska gazteak ere futbolean ari...

Muslaria

Neska%20gazteak%20ere%20futbolean%20ari...

Keinka huntan, eta uztailaren 7a arte, bada Frantzian gaindi lehiaketa berezi bat azkarki aipatzen dena eskuin eta ezker, hori da futbolarien munduko xapelketa bainan futbolari horiek denak neska edo (eta)emazte gazteak izanki. Partida guziak telebistak zabaltzen ditu eta biltzen da zernahi jende, lehen partidan baziren 40.000 ikusliar eta beste hainbeste, edo gehiago, izanen finala jokatuko denean. Usaian baino aise arrakasta gehiago badu beraz lehiaketa horrek. Zerk egiten du hori? Alde batetik, bai Frantzian berean bai eta beste herrialde frangotan, gero eta neska gazte gehiago emanak dira futbolari, gero eta jende gehiagok segitzen dituzte ere heien harat-hunatak. Bestetik lehiaketa hori burutik buru Frantzian jokatzen da eta gainerat frantses taldea ez da txarrenetarik, bere lau lehen partidak irabaziak ere ditu.

Zendako ez?

Egundainotik izan dira baloin jokoak. Edo baloina eskutan hartuz eta botaka erabiliz, edo alde bat zangoen puntan eta beraz ostikoka! Duela hogoita-zonbait mende orduko greziarrek bazituzten holako joko batzu, erromanoek ere bai. Xinatarrek aise lehenago naski. Orain futbola deitzen dugun hori hemeretzigarren mende erditsutan agertu zen Ingalaterrako ikastegi batzutan. Eskola bakoitxean bazituen bere neurri bereziak. Laster ohartu ziren desberdinkeria horiengatik etzela ikastegien artean zoin-gehiagoka manerakorik muntatzen ahal. Apailatu ziren beraz neurri guzien berdintzerat. Frango luze joan zen bainan azkenean xede premiatsu hori gauzatu zen hautsi-mautsi asko eginez. Bestalde 1857an, lehen aldikotz futbol partida batzu egin ziren ikastegietarik kanpo ere, hola zen futbola azkarki hedatzen hasi. Salbu hara, joko hortan mutiko gazteak ziren bakarrik artzen, ez neska gazteak, neskek etzutela indarrik aski eta gisa guziz etzela gisa holako kirol bortitz batean ager ziten. Bainan zendako ez denen buru? Ingalaterran baziren gero eta gehiago deplauki ziotenak etzela arrazoinik neska gazteeri joko hortan artzea debekatzeko, berek gustukoa kausitzen bazuten. 1884ean jokatu zen neska gazte batzuen arteko lehen partida. Frantzian aise berantago, 1917an alabainan.

Bide luzea

Luzea izan da, eta frangotan zaila, geroztik egin den bidea. Haste hartan bereziki neska gazteak futbolean artzen zirelarik, baziren heieri tirahala trufaka egoiten zirenak! Kirolzelaia etzela nesken tokia, ahalgingarriak zirela neska atrebitu horiek, mari-mutiko hutsak! Neska frango lotsatu ziren, beste frangok aitzina segitu zuten haatik. 1920-a irian, eztabaidak etziren samindu baizik eta anitz tokitan neskeri debekatu zioten futbolean artzea. Gehiago dena, 1926an neska gazte bat supituki hil zen futbolean ari zen batez eta gertakari latz horren estakuruan kontrakoak azkartu ziren, ez guti gainerat. 40eko gerlatik landa dira, eta ez oraino berehala denetan segurik, bazterrak arrunt lasaitu. Gaurko egunean, ba ote dira oraino neska eta emazte gazteeri futbolean artzea debekatu nahi luketeenak? Beharbada batzu badira han edo hemen bainan ez ditugu biziki aditzen eta ikusten duguna da egun hauetako xapelgo nagusi horrek arrakasta gaitza baduela. Horiek hola, Euskal-Herrian ere badira neska gazteak futbolari hautak eta bereziki hegoaldean, hango lau segurik ba Espainiako taldean jokatzeko berexiak izan direnak!

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3505. zbk

Nehori ez bazira sobera fidatzen hortaz etzira sekulan dolutuko

Leonado de Vinci

Gure Hitza | 2019/06/27

Bederatzi miliar!

Janbattitt Dirassar

Oraino haur hutsa nintzalarik eta Zelaiko eskolan ibilki, Urtsu mendiaren zola hartan – aspaldiko ixtorioa da beraz – oroit niz errientak behin erran zaukula lau miliar jende baginela lur huntan bizi eta jendetza beti emendatuz zoala.

Oraino haur hutsa nintzalarik eta Zelaiko eskolan ibilki, Urtsu mendiaren zola hartan – aspaldiko ixtorioa da beraz – oroit niz errientak behin erran zaukula lau miliar jende baginela lur huntan bizi eta jendetza beti emendatuz zoala. Besterik erran ote zaukun gai hortaz, ez niz gehiago oroit, bainan ateraldi hori ez dut ahantzia, lau miliar ginela beraz. Ez hain aspaldi, nazioarteko erakunde nagusiak plazaratu txosten batean irakurtua dut orai zazpi miliarren ozka gainditua dugula. Eta badakizue zer jakina dutan joan den egunean? Hola segituz, 2050ean, heldu baita 31 urteren buruan, bederatzi miliarretarat helduak izanen girela. Kasik hamarretarat hain segur. Hori idatzi duen ikerlea gogoetatua egoki. Nun nola kokatuko den, eta nun nola biziko, hoinbeste jende! Jatekoa ez ote den eskastuko. Ez gituenez kotsadura zerbaitek itoko. Egia erran, bada hameka gogoetaren egitekoa. Gauzak sobera ilun ikusi gabe ere bistan da, eta aise gehiago txarrena gogoan ibilki bagira. Jadanik ere l...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Imprimerie du Labourd - Cazenave bidea, 29 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016