Kostaldean | 2019ko Ekainaren 27a
Jondonane besta ederrak
Donibane Lohizunen, oro har ederki joan dira Jondonane bestak, aroa ere alde. Bazen jende eta bazterrak airos ziren. Besten idekitzeko ekitaldi berezian, ikusteko zen nolako mundua bazen, kasik denak gorri eta beltxez jauntziak. Eta zonbat haur kantari eta atabalari, denak loriatuak! Anitzen gustuko, behin ere etzen izana hoinbeste jende ortzirale aratsarekin, giroa ere gisa hartakoa, biziki alegera. Larunbatean, mugimendu gaitza goizetik arats! Hasteko berrehun bat lasterkari Zurekin elkartearen sustenguz, irabazle Eric Etchegaray saratarra. Ondotik, arraulariak battelekuekin eta arrain saltzaileak lasterka, besoetan eremaiten zutela zare bat iduriz segurik arrainez betea. Arroltze moleta prestatzaileen lehiaketan José Fadon nagusi. Bazkari alegera Ramiro- Arrue plazan. Aratsaldean, estropada gustagarriak. Jondonane suek ere ukan dute beren betiko arrakasta. Igandean, zernahi jende mezan eta ondotik, Begiraleak elkartearekin, gaitzeko aurresku ederra. Jarria elizako atean, begia erne eta burua xuxen, Kattalin Ithurralde, Andres Ithurralde auzapez zenaren alarguntsa, ehun eta lau urte joan den azaroan beteak. Bazterrak airos herritarren bazkarian (400 bazkaltiar) eta gero ere ekitaldi guzietan. Baziren ere besta horietarat gomitatuak Bakersfield eta Saint-Germain en Laye hirietako ordezkariak, Donibanek ba-eta harreman berezi batzu hiri horiekin.
Dei bat ez dena ahantzi behar
1940an, duela beraz 79 urte, ekainaren 18an, De Gaulle jeneralak Londresetik zabaldu zuen gaitzeko ondorioak ukan zituen dei bat, etzela alemaneri amore eman behar bainan aitzina ihardoki. Geroztik dei hori oroitarazten da urte guziz, gisa hartako ospakizunak muntatuz gerlari ohien oroit-harri berezien aitzinean. Aurten ere hori egin da eskuin eta ezker. Hala nola Hendaian jende andana bat bildurik Kotte Ecenarro auzapezaren inguruan. Diote heldu den urtean oraino handizkiago eginen direla gauzak 80. urtebetetzea izanen delakotz
Kulturgune berri bat Hendaian
Hendaian, treinen geltokian luzaz izan da jatetxe bat. Aspalditik zerratua dena. Toki hori hutsa zagon eta orai berriz biziko da heldu den udazkenean hor idekiko baita kulturgune berri bat, Borderline Frabrika deitua dutena. Joan den egunean bilkura bat egin da tokian berean erakusteko obrak zertan diren eta nolako saila nahi duten akulatu, Herriko Etxea sustatzaile besteak beste. SNCF etxea ere ba. Dei bat zabaldua delarik ere herritarrek diru laguntza poxi bat segurtatzeko. Hori da kanpaina berezi bat, bultzatua azpimarratuz hendaiar bakoitxak euro bat emanez hori bera ez litakeela batere gaizki. Bilgune hortan izanen dira tailer batzuk eta asko topaketa muntatzen ahalko dira, giro goxo batean edantegi bat ere muntatuko baita. Uda huntan, bi bilkura eginen dira tokian berean, deneri idekiak, jendea hobeki ohartzeko hor gauzatuko diren proiektueri. Lehen bilkura uztailaren 2an, bigarrena agorrilaren 6an, biak asteartearekin beraz eta biak tenore berean, aratsaldeko 6etan.
Argazki erakusketa bat Donibanen
Donibane Lohizunen, denek badakite zoin jeinutsua den Patxi Laskarai argazkilaria. Haren obra asko, "Bazterrak" izenpean bilduak, ikusgai dira uztailaren 14a arte Rotonde erakustegian. Aratsaldetan idekia, 3etarik goiti, asteazkenetik iganderat. Idekia ere larunbat goizetan 10etarik goiti. Ortzirale huntan, ekainak 28, aratseko 7ak eta erdietan, bisitaldi berezi bat izanen da Euskal Kultur Erakundearen kondu, Odei Barroso bertsularia partaide.
Langileak eskas
Hendaian, langile asko greban dira, FO sindikatua sustatzaile, itsas-artategian. Lana ez badute ere utzia, ez hola eta hola uzten ahal ere, erien gatik. Greban direnek diote langileak eskas direla arta guzien behar bezala egiteko. Orotarat 38 lanpostu badirela segurtatuak ez direnak, besteak beste 24 erizain-laguntzailerenak. Zuzendariak aitortzen du arazoak badirela eta proposamen batzuk egiten ditu greban direnek aise eskasegiak kausitzen dituztenak.