Egun eta bihar | 2019ko Uztailaren 13a

Egun eta Bihar

J-B D

Egun%20eta%20Bihar

Makiñunak

Sail huntan ez gira egun segurik biziki ariko Europa Batuaren burutzagitzaz, hau dena kanbiatzen arieta iragan maiatzeko hauteskundeen ondorioz. Ukan dute zernahi bilkura eta lan handiak elgarren artean ezin akomeatuz. Ez baita harritzeko egiazko gehiengorik ez-eta legebiltzarrean. Batek hau eta besteak hura, bilkura horietan iduri zuten makiñunak tratuan ari Donibane Garaziko merkatuan! Gaixo Europa! Macron presidentea ere kexatua, ez litakeela holakorik behar, bainan biharamunean espantuka hautsi-mautsi onak egin direla azkenean. Egiazki onak direnez hori geroak erranen du. Anartean, nola Europa Batuan badiren herrialde handiak eta herrialde ttipiak, guri iduritzen handiak, Frantzia eta Alemania oroz gainetik, buruzagitzaren berritze horrekin, oraino handitu direla eta tttipiak beti berdin ttipi egoki. Ez dugu erran nahi handiak ttipi behar litazkeela eta ttipiak handi bainan Europak behar lukeela orekatuago izan, eta hori ttipi eta handi denen onetan!

Conforama

Biziki ezagutua da Conforama etxea bere altzari saltegiekin. Frantzian gaindi, berrehun bat saltegi eta orotarat 9000 langile. Aspaldian azkarraren fama daukan etxea, duela zortzi urte, oraino azkarrago izan nahiz, Steinhoff hego- afrikar etxe handiari uztartua. Eta horra nun berri txarrak hedatu diren joan den egunean. Jakin da Conforamak lanak dituela ezin ihardokiz, 32 saltegi alde bat zerratu behar dituela hemendik urte bat barne nunbait han eta idekiak egonen direnetan langile gutiago atxiki. Orotarat, 1900 lagun kanporatuak litazke. Besterik ezin egin omen Steinhoff etxea bera ere maingu ibilki-eta, diru sartzeak azkarki tttipitu baitzaizkio denbora guti barne.

Zazpi miliun euro

Iragan mende hortan fama handiko politikaria izan zen Raymond Barre eta fama ona zuena gainerat. Biziki xintxoa zela eta biziki xuxena. Giscard d'Estaing presidenteak gobernuburu izendatu zuen 1976an. 2007an zendua da sei urtez Lyon hiriko auzapez egon ondoan. Eta horra nun zernahi aipaldi baduen berriz egun hauetan, Pariseko astekari batek berria hedaturik baizik-eta saltsa nahasi batean barne izana zela. Diote hil aitzineko urtean zazpi miliun euro bazituela pausatuak, gordeka bezala, alegia-eta deusez, Suisako banku batean. Istorio harrigarria zinez, kasik ezin sinetsia jakinaren gainean nolako fama zaukan. Bainan zendako ari dira orai hortaz erran eta erran, hola, denboraren buruan? Zerga-zerbitzu batek norbaiti salaturik naski holako zerbait izana zela. Segurtatuz ikerketak eginak izan direla azken hiru urte horietan eta frogatua izan dela delako dirua isilka pausatua izana zela. Erakusterat emanez gehiago dena gobernuburu zenaren ondokoek behar den guzia egin dutela denak xuxen xuxena ezartzeko, milioi bat euro pagatua zerga-biltzaleeri. Bainan nehork ez jakin delako sosa nundik jina zen. Istorio bitxia azkenean eta untsa nahasia. Nunbaitik jakinen ote da egia ondoko egunetan?

Kukuruku!

Gertatzen ez denik ez da behialakoak ziona! Oléron ugarteko emazteño bat auziperatua izan da bere auzoko senar-emazte batzuk salaketa bat eginik, baizik- eta etzutela lo untsa egiten ahal delako emaztearen oilarra, Maurice deitua, goizetan sobera goizik hasten zela (eta dela) kukuruku eta kukuruku! Hauxe da oilar atrebitu eta ausarta zinez! Nola afera biziki seriosa den, epaileek ez dute auzia segidan trenkatu. Karkulak behar dituzte egin behar den denbora guzia hartuz. Bere erabakiaren berri emanen dute beraz irailaren 5ean, ez lehenago. Arte huntan, oilar futitu tzar hori artzen ahalko da kukurukuka nahi duen bezenbat. Ez gaizki har irakurle ironia pixka bat balinbada gure solasetan! Guk ere kukuruku eta biba zu Maurice, jo aitzina!

Itzulia

Joan den asteburu hortan etzen mugimendu eskasik hor gaindi! Jendeak milaka eta milaka oporretarat joan, edo beren autoekin, edo berdin treinez. Errebide frangotan, zernahi galkadura! Txirrindularien Frantziako itzulia abiatu da eta hiru astez bazterrak azkarki harrotuko ditu. Bestalde, manifestaldiak izan dira bereziki Parisen. Alde batetik Horiz Jauntzi delakoek erakutsi nahi beti berdin bero daudela, nahiz aitzineko astetan baino aise gutiago ziren. Bestetik emazteek jasaiten dituzten bortizkeriak salatzen dituztenak, eskualde hortarik ere arrangurak ez baitira ttipituz ari bainan ba emendatuz izaitekotz.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

Egun eta bihar | 2019/07/11

Euskal irakaskuntzaren gora-beherak

Euskal Konfederazioa Baiona, 2019ko uztailaren 4a

Azken hilabete eta aste hauetan euskararen eta euskarazko irakaskuntzaren aldeko mobilizazioak biderkatu dira: erakasleen greba maiatz hastapenean, elkarretaratzea Akademia ikuskaritzako Donibane Lohizuneko egoitzaren aitzinean, Biarritzeko Danborrada, Donapauleko elkarretaratzea eta bilkuraren trabatzea ekainaren 26an. Joan den astean irakurri eta entzun daitekeen arabera, badirudi azkenean Seaskak Hezkunde ministeritzatik 19,5 postu erdietsiko dituela eta murgiltze klaseak ondoko ikasturte sartzean idekiko direla Irisarrin eta Ainhoan. Bainan zenbat mobilizazio antolatu eta zenbat energia xahutu behar den Estatuak berak izenpetu hitzarmena errespeta dezan (Seaskaren kasuan) edota erakasle, guraso eta Akademia ikuskaritzak aspaldi adostu murgiltze klase hauek idekitzeko! Joan den larunbatean, ekainaren 29an, Euskal Elkargoko hautetsiek aho batez onartu dute euskarazko kalitatezko irakaskuntza eskaintzaren aldeko deliberoa. Pozgarria da ikustea erakasleek eta guraso elkarteek darama...

Irakurri segida

3507. zbk

Harritzen niz ikusiz badirela jendeak ez direnak sekulan deusetaz harritzen

Lucien Jerphagon

Gure Hitza | 2019/07/11

Altxorren bidea

Peio Jorajuria

Santiagoraino heldurik hogeita hamahiru egunez, itzuliak gira etxera. Barkatuko dautazue berriz ere joan den aldiko gai beraz ari banaiz hemen. Alabaina, etxeratu berri huntan, ez dut oraindik bertzerik buruan. Egin dugun bost asteko ibilbide zoragarriak, nahiz batzutan neketsua izan, burua osoki betetzen daut. Aitortu behar dut ere denbora hortan guzian Euskal Herriko eta munduko gertakariez frangotto deskonektaturik egon girela. Noizean behin halere berriño batzuk pikorkatzen genituen, bereziki han hemenka bide bazterretako ostatuño zenbaitetan kafeño bat hurrupatzen genuelarik, tokiko diario edo egunkariari soako lasterra ematen geniola, tituluak gehien bat begiztatuz, artikuluetan gehiegi sartu gabe. Eta gure ibilaldia bururatzean, berri hau ere jin zaigu: Peio Jorajuria dela Seaskako lehendakari berria, Paxkal Indoren segida harturik. Eta berehala jin zaizkit telefonoz goresmenak, oraindik Santiagon nintzela. Hauxe argitu behar dut haatik: ene homonimo bat da Seaskaren buru ...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016