Hegoaldean | 2019ko Uztailaren 11a

Hegoaldean

Hegoaldean

Aldaketak AEK-ko zuzendaritzan

AEK erakundeak aldaketak eginen ditu heldu den ikasturtean. Azken hamahiru urteetan Mertxe Mugika (Elorrio, 1963) izan da koordinatzaile nagusia, baina kargua utziko du. Alizia Iribarrenek (Elizondo, 1976) hartuko du haren lekua. Azken hau luzaz Erriberako AEK-ko arduraduna izan da. Urriaren 1ean gauzatuko da kargu aldaketa. Bere kargua utziko duela jakinarazteko egin duen mintzaldian, Mertxe Mugikak oroitarazi du nola, 2017ko Korrikan, euskalgintzako eta erakundeetako ordezkariek Santiago zubia, hots, Gipuzkoa eta Lapurdiko muga, zeharkatu zuten elkarrekin. Irudi hura betiko geldituko omen zaio gogoan. Euskalgintzan gertatzen ari diren urrats baikorrak azpimarratu ditu Mugikak; euskaltegietan gero eta ikasle gehiago izatea eta Euskaraldiaren inguruan sortu den mugimendua eman ditu adibide gisa. Halaber, ondoko urteetan indartzeko gelditzen diren sailak aipatu ditu. Alde batetik, politika aurrerazaleak eraman behar direla adierazi du. Bestalde, administrazioa eta lan eremua euskalduntzeko baliabide gehiago galdegin ditu. Hirugarrenik, hizkuntza eskubideak bermatzeko oraino ere gabeziak badaudela ohartarazi du. Helburu guzi horien betetzeko, elkarlana baitezpadakoa dela erranez bururatu du bere agurreko mezua.

Memoria historikoa

Eusko Jaurlaritzak Gerla Zibil garaiko eta frankismoaren lehen urteetako biktimen behin-behineko txostena aurkeztu du uztailaren 3an. Horren arabera, orotara 19 998 euskal herritar hil zituzten 1936-1945 urteen artean. Horietarik 5 887 gizateriaren kontrako hilketak izan ziren, gehienak errepublikaren aldekoak. Gizateriaren kontrako krimen gisa kontsideratzen dira bonbardaketak, jujamenduz kanpoko exekuzioak, heriotza zigorrak edo presondegian gertatu hiltzeak. Jaurlaritzaren, EHUren Giza eskubideen Unesco Katedraren eta Aranzadi institutuaren arteko elkarlanari esker osatua izan da “Gerra Zibilean eta lehen frankismoan izandako hildakoak (1963-1945)” izeneko ikerketa. Zehaztu behar da ikerketa oraino zabalik dagoela, gauza segura omen baita ez dutela informazio guzia bildu. Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiak eta Aintzane Ezenarro Gogora institutuko zuzendariak aurkeztu dute txostena. Hauek azaldu dutenaren arabera, 19 998 biktimei buruzko informazio guzia datu-base batean aurkitzen da, eta interesa duten guziek eskuragai dute Gogora institutuaren egoitzan. Biktimak heriotza motaren arabera sailkatu dituzte. Borrokan hil zirenen kasuan, 6 767 gudari eta miliziano eta 5 479 matxinatu kontatu dituzte. 2 252 pertsona hil ziren presondegian, eta bonbardaketetan, berriz, 1 363. Bertze 1 130 lagun jujamenduz kanpoko exekuzioetan hil zituzten, eta 995 pertsonek borrokatik kanpoko ekintzen ondorioz galdu zuten bizia. 895 errepublikano hiltzera kondenatuak izan ziren, eta 247 borrokatik aparteko bertze arrazoi batzuengatik hil ziren. 910 heriotza sailkatu gabe gelditu dira. Kontatu dituzten kasik 20 000 hil horien artean, herritarrez eta gudariez aparte, Francoren aldeko tropetan hil ziren herritarrak ere sartu dituzte: 5 500.

EHHE-200

Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa (EHHE-200) aurkeztu du Euskaltzaindiak Bilboko bere egoitzan. 200 hitz-familia eta kasik 2 600 sarrera eta azpisarrera dituen bilduma da, euskararen historia ezagutzeko tresna ttipi baina garrantzitsua izan nahi duena. Joseba Lakarra euskaltzainak erran duenaren arabera, hitzen sorrera aztertzea eta azaltzea da 2009an abiatu zen proiektu honen helburua. Honela azaldu du argitalpen berria: “Etimologia eta hiztegi etimologikoak hizkuntzaren barne historia aplikatua dira; hots, fonologian, morfologian, dialektologian, lexikologian, sintaxi diakronikoan eta abarretan oinarritu eta hitzen inguruan antolatutako hizkuntzaren ikerketa eta azalpena”. Mementoan paperean argitaratu dute, baina geroago internet bidez ere zabaltzeko xedearekin. Lehen liburuki honen ondotik, hiztegia osatzen eta aberasten segituko du Euskaltzaindiak. Hiztegi hau euskararen historia aztertu nahi duten ikertzaileentzat idatzia izan da, nagusiki. Hala ere, filologo eta hizkuntzalariek bezala, hizkuntza-zale tasuna duen nornahi interesa dezake EHHE-200 delakoak.

Eusko Alkartasunako idazkari nagusi aldaketa

Ekainaren 24an Pello Urizarrek Eusko Alkartasuna alderdiko idazkari nagusi kargua utzi ondoan, Joseba Gezuraga hautatua izan da behin-behinean haren lekua betetzeko. Alde bateko idazkari nagusia hautatzeko barne-prozesua Gezuragak zuzenduko du. Joseba Gezuraga Eusko Alkartasuneko kide da 1986an alderdia sortu zenetik. Lekeition sortua da 1959an. Lanbidez irakaslea da. Leioako Ostalaritza Eskolan ari izana da lanean. Lekeitioko zinegotzi izana da 1987tik 1999ra. Zortzi urtez EAko Nazio Batzarreko presidente kargua bete du eta Bizkaiko koordinatzailea izan zen 2017 arte.

Arabako ahaldun nagusia

Arabako ahaldun nagusi gisa Ramiro Gonzalez hautatua izan da bigarren aldikoz, EAJren eta PSE-EEren bozei esker. Jeltzaleek eta sozialistek koalizioan gobernatuko dute bertze lau urtez. Haatik, oraingo honetan gehiengo osoa izanen dute, aitzineko agintaldian ez bezala. Ganberako 51 batzarkideetarik 27k Ramino Gonzalezen alde bozkatu dute. Kike Fernandez de Pinedo EH Bilduko hautagaiak, aldiz, 12 boz eskuratu ditu, hots, koalizio soberanistako batzarkideenak. Elkarrekin Podemosek eta PP alderdiak xuri bozkatu dute. Kargua hartu ondoan egin duen agerraldian, aitzineko legegintzaldian abiatu susperraldi ekonomikoa bere horretan atxikitzearen alde egin du, Araba “lehiakortasunean” buru eta Europan erreferente izanen den lurralde bilakatzeko. Halaber, ondoko urteetako lehentasunak finkatu ditu: hazkunde ekonomikoa, kalitatezko lana, gizarte kohesioa eta lurralde oreka.

Nafarroako Gobernua

Nafarroako gobernu-programari buruzko adostasunera heldu dira PSN, Geroa Bai, Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra alderdietako ordezkariak, eta horrek Maria Chivite sozialistak presidente kargua eskuratzea ahalbidetuko du. Alderdi bakoitzeko zuzendaritzek hitzarmenerako oinarria berretsi behar dute orain. Ondotik Gobernu egitura eta osaketa adostu beharko dituzte, baina horretara heltzeko negoziaketak Sanferminak pasatu ondoan abiatuko dituzte, hain segur. Hala ere, gobernu-programa berretsirik ere, lau alderdiek ez lukete gehiengo osoa erdietsiko inbestidura saioan (PSNk 11 ordezkari ditu, Geroa Baik 9, Nafarroako Ahal Duguk 2 eta Izquierda-Ezkerrak 1). Beraz, EH Bilduren abstentzioa ezinbertzekoa da Navarra Suma koalizioak agintea ez hartzeko eta Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidente izendatzeko. Chivitek gainerako alderdi politikoen jarrera eskertu du “elkarrizketarako eta akordioak lortzeko erakutsi duten borondateagatik”. Buruzagi sozialistaren arabera, uztailaren 5ekoa anbizio handiko akordioa da, aurrerakoia, herritarrak oinarri hartuz aitzinamendu sozialak ardatz dituena eta Nafarroak dituen erronka ekonomikoei erantzuna eman nahi diena, elkarbizitzan arreta berezia ezarriz.

Euskal presoak

Joxe Angel Otxoa de Eribe ETAko presoa baldintzapean libro utzi dute, eri handi delako. Mexikotik kanporatu ondoan, 2 000. urteko urtarrilean ezarri zuten preso Espainiako agintariek, 30 urteko kartzela-zigorrarekin. Euskal presoek pairatzen duten “alferrikako sufrimendua” lehenbailehen geldi dezan galdegin dio Etxerat elkarteak Espainiako Gobernu berriari.

Ikurrinik gabeko Sanferminak

Usaian bezala, uztailaren 6ko eguerditan ttanko hasi dira Sanferminak, La Pamplonesa bandako zuzendariordea den Jesus Garisoainek bota duen txupinazoarekin. Baina, azken lau urteetan usatuak ez ginen bezala, ez da ikurrina haizu izan aurtengo besten idekitze ekitaldi ofizialean. Joseba Asiron auzapez ohia eta Itziar Gomez hautetsia ikurrina bat atera nahiz hasi dira EH Bilduren eta Geroa Bairen ordezkarientzat erreserbatua zen balkoitik, baina udaltzainek ez dituzte utzi, Enrike Maia auzapez berriak debekatua baitzuen.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3507. zbk

Harritzen niz ikusiz badirela jendeak ez direnak sekulan deusetaz harritzen

Lucien Jerphagon

Gure Hitza | 2019/07/11

Altxorren bidea

Peio Jorajuria

Santiagoraino heldurik hogeita hamahiru egunez, itzuliak gira etxera. Barkatuko dautazue berriz ere joan den aldiko gai beraz ari banaiz hemen. Alabaina, etxeratu berri huntan, ez dut oraindik bertzerik buruan. Egin dugun bost asteko ibilbide zoragarriak, nahiz batzutan neketsua izan, burua osoki betetzen daut. Aitortu behar dut ere denbora hortan guzian Euskal Herriko eta munduko gertakariez frangotto deskonektaturik egon girela. Noizean behin halere berriño batzuk pikorkatzen genituen, bereziki han hemenka bide bazterretako ostatuño zenbaitetan kafeño bat hurrupatzen genuelarik, tokiko diario edo egunkariari soako lasterra ematen geniola, tituluak gehien bat begiztatuz, artikuluetan gehiegi sartu gabe. Eta gure ibilaldia bururatzean, berri hau ere jin zaigu: Peio Jorajuria dela Seaskako lehendakari berria, Paxkal Indoren segida harturik. Eta berehala jin zaizkit telefonoz goresmenak, oraindik Santiagon nintzela. Hauxe argitu behar dut haatik: ene homonimo bat da Seaskaren buru ...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016