Mundu zabalean | 2019ko Uztailaren 12a

Mundu Zabalean

M.L.

Grezian aldaketa politikoa

Deputatu bozetan eskuin-zentroko “Demokrazia berria” alderdia atera da lehen bozen %39,7arekin, parlamentuan berak eskuratu ditu 300 aulkietatik 158. Syriza, lau urte hauetan gobernatu duen alderdiak, Alexis Tsipras lehen ministro, bozen %31,4 eskuratu ditu eta 86 deputatu aulki. Kinal sozial-demokrata alderdia hirugarren atera da 22 aulkirekin, KKE alderdiko komunistek 15 aulki, eta MeRa 25 ezkerrekoak 9 aulki eskuratzen ditu, hauxe izanki eta Yanis Varoufakis Syrizatik ateratu zena. Eskuin buruko “greziar aterabidea” alderdiak 10 deputatu eskuratzen ditu.

Iranek nuklear ahalak emendatzen

2015eko Vienako hitzarmenean Iran engaiatua da nuklear energia bakarrik helburu zibilentzat baliatzerat. Geroztik Donald Trump-ek hertxatzen baititu nazioarteko beste estatuak berarekin harremanak hausterat, ondorioz krisi ekonomiko zorrotzean sartua da. Aste honetan tanto berri bat markatzen hasia da, lanak abiatu baititu uranioaren aberastea, %3,67tik 5eraino. Behrouz Kamalvandi Iraneko energia atomikoaren erakunde buruak gehitu du bi hilabete barne erabaki berriak hartuko dituela. Nola nahiz ere prest dago gibelerat egiterat, Vienako hitzarmenean finkatu bezala nazioarteak Iraneko petrolio erospenak arra abiatzen baldin baditu.

Europako parlamentu berritua paretaren aitzinean

Uztaileko lehen egunean Bruselan bildu da lehen aldikoz Europako Parlamentu berritua, 748 deputaturekin, horietan %60 lehen aldiz sartu direnekin. Baina Carles Puigdemont, Toni Comin eta Oriol Junkeraz hiru deputatu katalanek atea hetsirik atzeman dute. Segur da euro parlamentari bihi batek ez duela protestarik egin, baina milaka bildu ziren katalanak parlamentuaren aitzinean, uztailaren hiruan, salatuz demokrazia araudiak kolpatzen direla. Europako auzitegiak erran beharra du, noiz ezin jakin, hiru katalanek Espainiako legeria nagusiari men erakutsi behar dioten ala ez Euro-deputatu aulkian jartzeko. Laster hautatu behar dute Europar gobernua edo Batzordearen burua. 28 estatuek aurkeztu duten Ursula Von der Leyen PPEko deputatuari gehiengo osoa emanen diote, edo ez! Hara parlamentuaren lehen lan konplikatua. Europa batuaren kudeantza eramaiten duena izan behar baita deputatuek eta estatuek hautatua. Euro-deputatuen gehiengoak jestu gutxiz onartu zuen ordea parlamentuaren buru kargurako David Sassoli italiar demokrata alderdikoa. 748 deputatuak zortzi multzotan eman ziren saio ofizialaren aitzinetik. Multzo kopurutsuena PPE eskuin-zentrokoa da 182 deputaturekin (aitzinekotik -39), eta bost presidente-orde ukanen ditu parlamentuan. S&D sozial-demokrata multzoa da bigarren 154 deputaturekin (aitzinekotik -40), 3 presidente-orde izanen ditu. Hirugarrren “Berritu” multzoa (Renew), zentro-liberala 108 aulkirekin (aitzinekotik +40), bi presidente- orde izanen ditu. Laugarren Berdeak 74 deputaturekin (aitzinekotik +24), bi presidente- orderekin. Bosgarren eskuin burukoak (I.D.) 73 deputaturekin (aitzinekotik +24), presidente-orderik gabe. Seigarren CRE eskuin-anti federalistak 62rekin (aitzinekotik -7) hauk ere presidente-orderik gabe. Zazpigarren ezker puntakoak GUE 41 deputaturekin (aitzinekotik -11), presidente- orde batekin. Gelditzen dira 54 ez lerrokatuak, horietan Italiako “bost izarrekoak”, presidente-orde bat izanen dutenak.

Afrikarrak barne merkatuaren indartzearen alde

Afrikar Batasuneko (Union Africaine) 45 estatu hitzartu ziren joan den igandean beren arteko paga-sariak apaltzen hasteko. Tasa gabeko eremua (Zone de libre échange continentale) deitu dute gune ekonomiko berria. Hobeki errana jada iragan urtean sortua zuten etiketa Rwandan bildu zirelarik, baina egiazko kanorea hartzeko errana zuten bederen 22 estatuk bederazka onartu beharko zuela. Igande honetan kontuak ateratzean agertu da jada 52 estatuk izenpetua dutela, horietan 25ek jada baieztatua edo erratifikatua dutelarik. Haur sortu berriak ederra dirudi, baina paga-sarien apalketa abiatzeko lehenik adostu behar dira zein diren egiazki afrikar ekoizpenak erraiteko. Jakina denez, Afrikak lehen gaiak esportatzen ditu, eta Afrikan lantegiak dituzten holding mundialistek beren ekoizpenak mundu osorat saltzen dituzte Afrikarrei baino aise kopuru handiagoan. Hala ere ZLEC hori sortzearekin afrikar estatuen arteko harreman ekonomikoak %60 emendatuko direla konbentzituak dira adituak.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3507. zbk

Harritzen niz ikusiz badirela jendeak ez direnak sekulan deusetaz harritzen

Lucien Jerphagon

Gure Hitza | 2019/07/11

Altxorren bidea

Peio Jorajuria

Santiagoraino heldurik hogeita hamahiru egunez, itzuliak gira etxera. Barkatuko dautazue berriz ere joan den aldiko gai beraz ari banaiz hemen. Alabaina, etxeratu berri huntan, ez dut oraindik bertzerik buruan. Egin dugun bost asteko ibilbide zoragarriak, nahiz batzutan neketsua izan, burua osoki betetzen daut. Aitortu behar dut ere denbora hortan guzian Euskal Herriko eta munduko gertakariez frangotto deskonektaturik egon girela. Noizean behin halere berriño batzuk pikorkatzen genituen, bereziki han hemenka bide bazterretako ostatuño zenbaitetan kafeño bat hurrupatzen genuelarik, tokiko diario edo egunkariari soako lasterra ematen geniola, tituluak gehien bat begiztatuz, artikuluetan gehiegi sartu gabe. Eta gure ibilaldia bururatzean, berri hau ere jin zaigu: Peio Jorajuria dela Seaskako lehendakari berria, Paxkal Indoren segida harturik. Eta berehala jin zaizkit telefonoz goresmenak, oraindik Santiagon nintzela. Hauxe argitu behar dut haatik: ene homonimo bat da Seaskaren buru ...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016