Herriz Herri - Hazparne (L) | 2019ko Irailaren 12a

Hazparne

Hazparne

10 egun pantailarik gabe Pantaila baten (ordenagailu, telebista, bideo joko...) aitzinean sobera egoitea ez dela on oharturik, badu zonbait urte Frantzian barna hamar egunetako desafioa apailatzen dutela eskola batzuk. Erakasle eta buraso uztartzen dira haurren laguntzeko eta beste ausagailu batzuk proposatuz, pantailarik gabeko biziak ere baduela gostu erakusteko. Hazparnen Santa Terexa eskola horietarik da: eskulanak, ibilaldiak, jokoak proposatuak dira haurrentzat eta hauek punduak irabaziz, beren buruarekin zoin gehiagokan ari dira. Gertakari horren karietara, herriko CCAS-a eta Urtsuia kolegioa elkartu dira konferentzia bat eskaintzeko: Jacques Brodeur quebectar pentsalaria da eta pantailarik gabeko denboraldi horren sortzailea. Dio ez dela pantailarik gabe bizitzea galdegiten bainan molde arrazoinatu batean erabiltzen erakutsi behar zaiela haurreri. Sartzea urririk izanen da eta orori idekia, Haritz Barne gelan (20:00) irailaren 16an. Filosofia haurrekin ere ''Le cercle des petits philosophes'' filma ikusgai da irailaren 15ean, Haritz Barnen (18:00). Filmaren ondotik Julie Vanderschmitt, hezitzaile berezitua eta Filo tailer animatzailea hor izanen dira, haur eta helduekin eztabaidatzeko: filosofia, bizia eta nola egin gure inguruari idekitzeko. Gai zabal eta interesgarria!! Mediatekaren sartzea Ttipi ttipien loria egiten duen Huntz anderea berriz hasia da ipuin kondatzen euskaraz buruilaren 4an, eta usaia duen bezala segituko du asteazkenetan (10:30). Oraidanik jakin behar da irailaren 21ean (10:30) ikusgarri berezi bat emanen dela: ''De plume Hazparne et de vent''. Hogeita bost minuta iraunen du eta 18 hilabetetik goiti ikus daiteke. Haatik, tokiak mugatuak izanki aitzinetik atxiki behar dira 05 59 70 16 83 deituz. Taloaren eguna irailaren 15ean Hazparneko Taloaren Kofradiak taloaren eguna apailatzen du 4. aldikotz. Goizetik abiatuko da tokiko ekoizpenen merkatuarekin, eliza sahetsean. Hor berean, talo edo pintxo hoberenaren xapelketa iraganen da: elkarteek, partikularrek edo profesionalek parte hartzen ahal dute. Kofradiaren desfilea ikusten ahalko da herrian barna (9:30). Hamarrak eterdietan izanen den mezaren ondotik, zoin gehiagokaren emaitzak eta sariak emanen dira. Kofradiak zazpi partaide berri hartuko ditu bere baitan:  Bi pilotari: Peio Larralde eta Alexis Inchauspe.  Euskal Plantxako Xavier Charriton.  Bob's Beer garagardoaren sortzailea den Bob Worboys.  Beskoitzeko kontserbategi baten arduraduna den Anne Rozes.  Kanboko xokolategiaren nagusi den Christophe Puyodebat.  Hazpandar gasna egilea den Dominique Aincy. Kofradiaren bazkaria Berria trinketean eginen da.
Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3514. zbk

Har beti kantuz artzeko astia

Charles Trenet

Gure Hitza | 2019/09/12

Emaztea beti petzero?

Menane Oxandabaratz

Joan den egunean etxera buruz ari nintzala irratia entzunez, berri harrigarri bat entzun nuen Ain departamenduan Bourg-en-Bresseko Hiri Elkargoak sobera emazte zuzendaritzako postuetan hartua zituela eta, 90.000Eko isuna pagatu behar! 74 herriz osatua den Hiri Elkargo hortan, 5 pertsona daude zuzendaritzan eta horietarik 4 emazte. 2013an sortu zen lege berri bat Sauvadet deitua, justuki funtzio publikoan emazteek holako karguetan leku gehiago ukan zezaten, 60/40 gizon-emazte edo emazte-gizon. Horrek erran nahi du goi mailako postuetan %60a baino gehiagoko kargurik ez dela emazteeri emaiten ahal. Beste berri batek ere bazterrak inarrosi dituenak, Larresoroko bestetan 26 urteko neska bat bortxatua izan dela entzutean. Joan den astean hasi dira emazteeri eginak diren bortizkerieri buruzko gogoetak edo Grenelle delakaok, azaroaren 25 arte iraunen dutenak. Zenbaki harrigarri batzuk agertzen dira, urte hastapenaz geroztik 100 emazte erailak izan dira beren bizi lagunare...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016