Inbido | 2019ko Irailaren 12a

Txirrindularien Espainiako itzulia

Muslaria

Aurten gure artean ere sekulan baino gehiago aipatu da txirrindularien Espainiako itzulia, ardura Vuelta deitzen dutena hor gaindi. Hoinbeste aipaldi ez da batere harritzeko, lehiaketa hori gutaraino jin baita alabainan. Biarnoan izanik Ipar-Euskal-Herrian barna segitu baitu, haitada baten abiatzea Donapaleun eginez. Txirrindulari lehiaketa guzien artean ezagutuenetarik da itzuli hori, sailkapen bat egin behar-eta hirugarren ezar ginezake, Frantziako itzulia lehen eta Italiakoa bigarren. Frantziako hori 1903an sortu zen, Italiakoa handik sei urteren buruan. Espainiakoa berantago, 1935ean. Hastapenak zailak izan ziren. Espainiako gerla jin zen alabainan eta gero berehala 40ekoa. Batzutan aitzina egin zen halere Espainiako itzulia, hala nola 1941an, bainan arras murrizki, doi-doia hogoita-hamar bat txirrindularirekin. Sail guzia frango mainguka joan zen 1955a arte eta orduan nolazpait bildu zuen hats berri bat. Geroztik, urte guziz egin da eta erraiten ahal da kasik urtetik urterat arrakasta handiagoarekin Soineko gorria Espainiako itzuliak hiru aste irauten du, Frantziakoaren hein bertsua. Haste hartan, udaberrian egiten zen bainan Italiakoak, sasoin berean izanez, itzal handiegia egiten ziola, 1994ean erabaki zuten gibelatzea, agorril hondarrean hasteko. Aldaketa horrek biziki ondorio onak ukan zituen. Gero eta txirrindulari gehiago bai eta bide bazterretan gero eta jende gehiago. Urte berean beste aldaketa bat izan zen. Sailkapenean lehen zenak jauntziz soineko gorria. Lehen bi urtetan liranja kolorekoa zuen, gero xuria eta luzaz horia Frantziako itzulian bezala. Azkenean antolatzaileeri iduritu holako itzuliak bere kolore berezia merexi zuela eta jin ziren beraz gorrirat. Urte hartan berean beste aldaketa bat oraino, itzuliaren beti Madrileko karriketan bururatzea. Luzaz eta luzaz itzulia ez da batereEspainiatik ateratu, lehen aldia 1997an, Portugalen barna ibili baitzen. Denbora batez txirrindulari gehienak Espainiakoak izaiten ziren. Urteak jin eta urteak joan hor ere gauzak azkarki kanbiatu dira. Frantses eta beste auzo herrietako txirrindulari hoberenek nahi ukan dute parte hartu. Orai, hor dira ere Hego-Ameriketako zonbait, patarretan goiti balentria handiak egiten dituztenak. Hain xuxen, gero eta gehiago, fama handia duten haitada asko mendiz-mendi egiten dira. Batto anitz eta anitz aipatzen da, Asturietan kokatzen dena, Covadonga izeneko bi aintziretarat heldu behar. Egia erran, ez dira baitezpada hain gora, 1150 metrotan, bainan 12 kilometro luzeko patar xut baten kaskoan. Jaz, Thibaut Pinot frantsesa lehen sailkatu zen gain hartan. Anquetil eta beste Frantsesak ere badira Espainiako itzulia irabazi dutenak. Aspaldian ez haatik. Azkenik Laurent Jalabert 1995ean. Frantses horietan lehen irabazlea, 1955ean, Jean Dotto motaz italiarra zena. Gero Jean Stablinski, 1958an. Jacques Anquetil 1963an Raymond Poulidor ondoko urtean, 1964an beraz. Roger Pingeon, 1978an. Berantago, Bernard Hinault, bi aldiz, 1978an eta 1983an. Frantses bakarra Espainiako itzulia bi aldiz irabazi duena. Irabazle ere Eric Caritoux 1984an. Gisa batez, Frantzian baino ezagutuago izan baitzen mugaz bestaldean. Eta euskaldunik izan dea Espainiako itzuli hori irabazi dutenetan? Eta bai, bat baino gehiago gainerat! Azkenik, Abraham Olano gipuzkoarra, Anoetan sortua, irabazle 1998an. Besteak aise lehenagokoak izanki, hala nola Delmacio Langarica (1946), Jesus Loroño (1957), Francisco Gabica (1966) eta Marino Lejarreta (1982), denak bizkaitarrak. Aurtengo itzulia 74. da. 32 aldiz español bat izan da irabazlea. Txirrindulari bakarra lau aldiz irabazle atera dena, Roberto Heras.
Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3514. zbk

Har beti kantuz artzeko astia

Charles Trenet

Gure Hitza | 2019/09/12

Emaztea beti petzero?

Menane Oxandabaratz

Joan den egunean etxera buruz ari nintzala irratia entzunez, berri harrigarri bat entzun nuen Ain departamenduan Bourg-en-Bresseko Hiri Elkargoak sobera emazte zuzendaritzako postuetan hartua zituela eta, 90.000Eko isuna pagatu behar! 74 herriz osatua den Hiri Elkargo hortan, 5 pertsona daude zuzendaritzan eta horietarik 4 emazte. 2013an sortu zen lege berri bat Sauvadet deitua, justuki funtzio publikoan emazteek holako karguetan leku gehiago ukan zezaten, 60/40 gizon-emazte edo emazte-gizon. Horrek erran nahi du goi mailako postuetan %60a baino gehiagoko kargurik ez dela emazteeri emaiten ahal. Beste berri batek ere bazterrak inarrosi dituenak, Larresoroko bestetan 26 urteko neska bat bortxatua izan dela entzutean. Joan den astean hasi dira emazteeri eginak diren bortizkerieri buruzko gogoetak edo Grenelle delakaok, azaroaren 25 arte iraunen dutenak. Zenbaki harrigarri batzuk agertzen dira, urte hastapenaz geroztik 100 emazte erailak izan dira beren bizi lagunare...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Imprimerie du Labourd - Cazenave bidea, 29 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016