Lehengoak, denbora onak
omen ziren, bertute handiko
jendeen garaiak. Istorioek
horrela saltzen dauzkigute
denbora iraganak. Baina Joanes
on bezainbat Joanes txar izan
behar zen, gaur bezala.
Gizon saindu horietako
bat, bere bizar zuriarekin,
apezpiku makil luzea eskuan,
soingaineko gaztain kolorezkoa,
San Mikolas, Konpostelako
bidean dator. Uhasteen gaitik
Amikuzeko Kinkileko hibia
doi-doietarik pasatu du.
Aingeru batek salbatu dio
bizia. Aingeruaren besoa, kasu
huntan, menean zuen haltz
adar bat izan du. “Angele Dei,...
custódi, rege et gubérna...”
Xibaltarrera heltzean,
gaztenatzearen pean, hara nun
bi gizon ondoratzen zaizkion
nigar-marrumaka. Hurrantzean,
saindua ohartzen da hirugarrena
hor dutela, lurrean etzana,
hedailo. Bi gizonetarik bat
frailearen aitzinean belauniko
emanik, otoitzez hasten zaio:
- Bihotzeko beilaria, lagun
gaitzazu! Konpostelako bidean
gindoazen hiruak. Bapatean
lagun hau erori zauku, begiak
infrentzuz, hats bahitua… Hila
izan behar da!!
Apezpiku saindua hilaren
ondoan belaunikatzen da, eta
otoitzean hasten:
- Réquiem ætérnam dona eis
Dómine.... Egia diozue. Hila da!
Agian Jainkoak barkatuko dizkio
gezurretan eta gaiztakeriaz egin
dituen makurrak oro!!
Bigarren laguna ahuspez
ematen zaio:
- Bihotz onekoa izan zaitez,
pelegri saindua! Emazkiguzu bi
sos, giristinoki ehortz dezagun!
- Horra ene boltsa osoa. Ez da
lodia baina dena behar bezala
balia ezazue. Nik bidean otoitz
eginen dut zuen lagunaren
arimarentzat.
Bi lagunek ikusi dutelarik
bizardun saindua bidean aski
urrun, hilari ostikoka hasten
zaizkio:
- Jeik’hadi! Iratzar hadi! Joana
duk. Badiagu aski sos ase on
baten egiteko.
- Mugi hadi! Aika! Bazakiagu,
bai, hilarena ontsa egiten
dukala.
Gizona ez da mugitzen. Ez
du hatsik hartzen. Nehondik
jarririk ezin egon, ez belauniko.
Pulsurik gabe, begiak aldrebes.
Hila, egiaz!
Hotz ikara bizkarrean, izidurak
hartu ditu bi lagunak.
- Jainkoak zigortu gaitik. Ez
ziana bidaiariak erran, egiazki
hila zela? Zinezko saindua izan
behar dik. Trufatu gatzaizkiok.
Kasu zer madarikapen botako
daukun. Hago! Baina, ongi
pentsatuz, beste mirakuilu bat
egin dezakek?
Erran orduko, horra biak
tarrapatan bulka-bultzaka,
beilaria harrapatu beharrez.
Haren heinera heldu bezain
laster:
- Beilari anaia, zutaz trufatu
gatzaizkizu. Ebatsi zaitugu. Zure
bihotz onaz baliatu gaituzu.
Torizu zure boltsa. Gure laguna
ez zen egiazki hila. Orain arrunt
hila da. Egiozu biziaren faborea.
Bertan, beilaria belauniko
erortzen da bide erditan,
Xibaltarreri buruz, eskuak eta
begiak zerura... Venite videte
locum ubi positus erat Dominu…
Vere resurexit!
Laster, gaztenatze gain hartarik,
entzun dute gizon baten
heiagora, ikusi ere egin gorpu
zena, besoak airean jestuka.
- Deabru mandilak! Bakarrik
uzten nauzue?
Saindua zutitzen da zeinatuz:
- Hara! Bizi da. Ez zaiteztela ez
gezurretan, ez tzarkerietan ibil!
Emana nauzuen sosa erabil
ezazue zuen laguna sendo
bizi dadin. Jan ezazue ogi eta
gasna neurri onean, edari bakar
batekin.
Bizia dugu dugun altxorrik
baliosena. Jainkoaren dohaina.
Bizia zainduz Jainkoa laudatzen
duzue. Ni banoa aitzina zuen
biziarentzat otoitz eginez.
Angele mei... custódi, rege et
gubérna. Amen
San Nikolasen eragina handia
izan behar zen nun Xibaltiarrak
bizibidez aldatu baitziren.
Ebasle izaitetik emaile bilakatu:
“payo”, “egaxo” eta “beilari”
guzien aingeru begirale.