Herriz Herri - Senpere (L) | 2019ko Urriaren 09a

Senpere

Senpere

Urria hilabete aberatsa izanen da kulturaren aldetik, bi erakusketek osatuko dute, bata Larreko kulturgunean bestea Larraldean. Mugak erakusketa Larrekon Prentsaurrekoan, aitzin solasaldietan jaun merak eta Anne-Marie Daugareil kultur arduradunak azpimarratu dute herriaren parte hartzea ekitaldiaren antolaketa lanetan bai eta gela hori uztea 3 astez. Gero Ttito Aguerrek aurkeztu dauzku erakusketaren mamia eta egitaraua. Uharte- Garazin sortua izanik ere aspaldi huntan familiatu ondoan, Aldapa etxaldean senpertar bilakatu da eta iduriz bizitegi hunek sortarazi du artistaren bokazioa. Larriki aipatzeko, erakusketa iraganen da urriaren 10etik azaroaren 2ra, sartzea urririk, asteartetik ostiralera (10:00-12:00 / 15:00- 19:00), larunbatetan (10:00- 12:00 / 15:00-19:00), igandetan (15:00-18:00). Estreinaldia urriaren 10ean ostegunarekin, Ruper Ordorikaren kantuekin. Bisita komentatuak hiru larunbatetan (17:00) euskaraz eta (18:00) frantsesez. Mintzaldia / hurbilpena “mineralogia” asteazkenarekin urriaren 16an (19:00), mineralogiaren ikerketan adituen parte hartzearekin. Haurrenganako sentzibilizazioa, 15 klasek parte hartuko dute, lehenik entzun eta ikusiz, gero eskua emanez tailerretan. Azaroaren 1ean ostiralean (20:30) Kalakan taldeak segurtatuko du bururatzeko kontzertua (sartzea 16€ /10€, geroago aipagai). 110 obra presentatuko ditu Ttito zizelkariak, zurez, burdinez, aluminioz, kobrez, alabastroz edo paperez, sekulako altxorra senpertarrek baitezpada ikusi behar ditugunak, hutsezina eta urririk. Pirinioak argazkietan Larraldean Jean Lavigne mendizale eta argazkilari adituak, lehen aldikotz aurkeztuko ditu Euskal-Herria zeharkatuz hartu mendi argazkiak, urriaren 10etik 27ra, Amotz Larraldean. Erakusketa idekia izanen da ostegunetik igandera (16:00-20:00). Bertzalde hitzordu aipagarria izanen da, urriaren 19an larunbatarekin (17:00) Jean Lavigneren filmaren proiekzioa “Pirinioak, une baten karietara” Raymond Boniren musika inprobisatuarekin eta ondotik (18:00) estreinaldia. Biharamunean urriaren 20an, berriz filmaren proiekzioa (16:00) eta hunen ondotik (17:00) Raymond Boni eta Marc Roger-en kontzertua, publikoa ametsetan bidaiaraziko duen musikarekin. Parte hartzaile guziek liluratuak behar lukete gure mendien argazki xoragarriekin eta nola ez Pirinio guzieri dagozkien filmarekin, ez huts egin. Buruileko sortze eta heriotzeak Sortze bat soilik deklaratua izan zauku, ongi etorria beraz Ander Rabbe Mendi Bixta bidexkan bizi denari eta zorionak hunen buraso eta familiari. Heriotzeen aldetik 4 seinalatuak izan dira: Jerome Labayle-Troy 42 urte, Yves Sabourin 66 urte, Marie-Hélène Ubiria sortzez Lopez 59 urte eta Hubert Snauwaert 87 urterekin. Dolu hauek hunkitzen dituzten familia eta ahaideeri, dolumin bizienak. Etxaldeen transmisioak ostegun huntan Euskal Herriko Laborantza Ganbarak proposatzen ditu elkarrizketa batzuk deituak “Café Transmission”. Gure herrian iraganen da Elkartetxean Panpili gelan, urriaren 10ean (20:00). Hemendik laster utziko duten beren aktibitatea laborantza mailan, baita etxalde batean plantatu nahi dutenak gomitatuak dira, kafe baten inguruan, galdera asko baitira aztertzeko. Kontaktua: Mael Béril-Heim tel: 05 59 37 18 82 edo mael@ehlgbai.org.
Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3518. zbk

Gure Hitza | 2019/10/10

Denen sustengua merezi!

Menane Oxandabaratz

Joan den egunean Herriarentzat izan naiz Baionako Suprefeturaren aitzinean, ospitaleko lan sail desberdineteko, mediku, erizain, administrazioko langile eta lehen aldikoz kuadro batzuk mobilizazio bat egin baitute. Harat heltzean ikusten zirelarik denak beren laneko jantziekin, bakoitzak bere taulier xuria soinean, bere izena eta ospitalean duen ardura idatzia, bulegora sartzean gogoeta batzuk ukan ditut. Nork ez du beretzat edo(ta) hurbileko batentzat ospitaleko langile horien beharra ukan? Nork ez du bihar horien artamenduen beharra ukanen? Nor axolatzen da horien lan baldintzetaz, guhaur horien zerbitzuen beharretan izan edo izanen girela? Alta badu orain zenbait hilabete urgentziako langileek beren kezkak plaza publikora ekarriak dituztela, herritarrenganik sustengu guti ardiesten dutela. Nihaurek horietan izanez, bat batean ukan dut kontzientzia hartze bat ikusi dituztalarik. Sendi zen osasun munduan diren pertsona horienganik etsipen eta akidura handi bat, ...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016