Mundu zabalean | 2019ko Urriaren 10a

Gerla bezperak Siria/ Turkiako mugan

M.L.

Gerla%20bezperak%20Siria/%20Turkiako%20mugan

Azken engaiamendu eta solasak iragan asteburuan entzun ditugu. Turkiak eraso militar bat abiatzekotan du, tenore honetan ez badu jada abiatua, Siria ipar ekialdeko lurretan. 2018an jada lehenbiziko eraso bat eraman zuen leku bertsuetan, aldi honetan ordea, Donald Trump-en manuz amerikar armada leku horietarik ateratzen zela egiaztatu bezain segur. Badu orain zortzi urte Bachar Al Assad Siriako presidenteak gerla abiatu duela bere populuaren kontra. AEB-ek orduan Obama presidentearekin, aitormen bizkorrak atera zituzten Bachar-en kontra, eskatuz Damas hiri nagusitik leku egin zezan. Baina beste estatuetarik laguntza gutxi ukanen zuela oharturik, ez du manerako eraso militarrik eraman. Azen ontzeko, 2014an, DAECH talde islamistak gerla bitxi hori baliatu zuen Sirian eremu basamortutsu eta zabal batzuk kontrolpean hartzeko, pentsatuz abilki elgarren kontra ari ziren Bachar eta errebelde siriar talde desberdinak ez zirela sekulan elgarrekin lotuko DAECHen haizatzeko. Denbora bertsuan Amerikarrak, maiz Frantziak eta Erresuma Batuak lagundurik, hasi ziren hegazkinez DAECH-ek irekiak zituen hiriguneak erasotzen. Paraleloki, 2000 soldadu amerikar igorriak izan ziren Siriarat, DAECH-i kentzeko hartu zuen eremua. Kausitu zuten sortzea FDS “indar demokratiko Siriar” bat, bildu dituena 5000 arabiar eta 15 000 Siriako kurdiar. Hauek, amerikarrek asko armaturik, konkistatu zuten lehenik Siriako ipar ekialdea Kobane hiri nagusiarekin. Berehala zutik ezarri zuten Siriako kurdiar eremu bat bere kudeantza bereziarekin. Orduan, Recep Tayyp Erdogan turkiar presidentea haserretu zen, ikustearekin Turkian lurralde autonomo bat eskatzen duten Kurdiarrek, Siriako muga pasatu bezain laster kurdiar eremu autonomoan haurrideak atzematen zituztela. Jada 2018an lehen eraso militar bat eraman zuen Siriako kurdiarren kontra, Afrine lurrralde-partea beretu zuen eta handik kasatu kurdiarrak eta Yezidiak. AEB-ek azaldu zioten alabaina Erdogani DAECH-en kalitzea zela lehen helburua, lan horretan Siriako kurdiarren behar gorria bazutela. DAECH-en errestoa ez oraino osoki itzalia, hona nun joan den abenduan Donald Trump-ek aitortzen duen soldadu amerikarrak kenduko dituela Siria ipar ekialdetik. Krisi politiko bizkorra sortzen da: kanpoko aferen ministro amerikarrak kargua uzten du. Europa Batua fermuki mintzo da, horrela gerla berri bat piztuko duela Erdoganek. Trump-ek ez du erabakia gauzatzen. Zortzi hilabetez AEB eta Turkiako diplomatek sekulako lana daramate geriza-eremu bat finkatzeko Turkia eta ipar ekialdeko Siriaren artean. Turkiak hor beren kontrolatu nahi baititu DAECH-eko militante armatuak. Amerikarrek ahalik eta eremu ttipiena proposatzen dute, Erdoganek nahi ditu gutienez mugatik 30 kilometrotan hedatzen diren lurrak. Erdogan haserre mintzo da pazientzia galtzen ari duela, bereber eraso militar bat abiatuko duela. Joan den asteburuan hasten dira amerikar soldaduak Siria ipar ekialdetik joaiten. Hori baieztatzen dio gainera Donald Trump-ek telefono dei batetan. Honek ez du jende handirik bere alde mintzo denik dosier horretan. Errepublikano alderdiko buruzagi entzutetsuenak kontra ditu. Pentsu dute hauek demokratekin bat kausituko dutela soldaduak berriz igortzea Siria iparralderat. Memento honetan oro prest dago ordea gerla berri batentzat. “indar demokratiko Siriarreko” kurdiarrek hasiak dituzte jadanik tunel eta gerizak eraikitzen Erdoganen erasoari buru egiteko. Erran dute borroka hori hastearekin ez dituztela zaintzen ahalko DAECH-eko presoak, ez eta ere leku berezietan gerizatzen dituzten borrokalari islamisten emazte eta haurrak. Pasatzean azaltzen dute islamisten kontrako gerletan 11000 gudari kurdiarrek bizia galdu dutela. Nazio Batuen Erakundea guziz kezkatua mintzatu da: gerla berri horrekin piesenerat apailatzen ari dela. Gehitu du bere lana izanen dela jendalde zibil multzoak eraso militarretatik kanpo atxikaraztea. Europa Batuak errepikatu du Erdoganen erasoaren kontra dela, besterik gabe. Recep Tayyp Erdoganek bi helburu ditu gerla horrekin. Batetik behin betikoz ezabatu bere kurdiarren eta Siriakoen arteko loturak. Bestetik geriza-eremu horretan kokatu, Turkiak Siriatik errezibituak dituen 3,2 milioi emigranteen erdia. Beste hitzetan errana: kurdiarrak ito nahi ditu beren lurraldetan siriar iheslarien artean. Turkiako kurdiarrak Hamar milioitik hamabost artean estimatuak dira, zenbakia nondik heldu den. Turkiako buruzagiek 1923 urtetik haste hainbat entsegu burutu dute kurdiarren ezabatzeko, nazioarteko erakundeen isiltasuna lagun. 1920 urtean, lehen mundu gerlatik ateratzean, nazioen elkarteak ofizialki lurralde bat ezagutzen die. Bi urte gabe kontrako erasoa piztu eta gaur oraino ez da gelditzen. Mustafa Kemal Turkiako presidente bilakatu eta kurdiar hitza bera debekatua da. 1932an legebiltzarrak kurdiarrak deportatzea erabakitzen du. Milaka eramanak dira beren lurralde naturaletik kanpo, protesta kolektiboak odolean itoak direlarik. Kalkuluetan gehienik hurbildu ahal izan direnek diotenez, ofizialki zenbaki bihirik ez baita, Kurdiarren herena gutienez deportatua izan da 1932/1939 artean. Erdoganek, menturaz petrolioa merkexago arrapatu nahian harremanak lotu zituen Irak-eko kurdiarrekin, hauek Erbil hiri nagusiaren inguruan lurralde autonomo bat erdietsi eta. Abila, eman zituen jestu batzuk Turkiako Kurdiarren alde. Ordutik badituzte eskola kurdiarrak eta kurduerak ezagupen zerbaixka badu Anatolia probintzia erraldoiko parteño batean. Baina aldeko haizea laster pasatu da. Berrikusi ditu gauzak Erdoganek eta errepresioa berriz lehen eman du. Siriako Kurdiarrek Turkiaren segurtasuna lanjerean eman dezaketela azalduz Amerikarrei sinetsarazi die Siriarekin duen mugaren segurtatzeko geriza-eremu bat behar duela hartu Siriako lurretan. Siriako Kurdiarrak Siriako ipar ekialdean dira kokatuak Kurdiarrak. Afrin, Hassake eta Jezireh deitu hiru lurraldetan tokiko jendetzaren gehiengoa osatzen dute. Baina hiruek ez dute elgar hunkitzen. Orduan gaia biziki konplikatuagoa da. Adituenek bi milioi eta bost ehun miletan estimatzen dituzte. 1960-1998 urtetan bake erlatiboan daude Kurdiarrak. Hafez Al Assad Siriako presidenteak ez die deus nortasun berezirik onartzen, baina etsaitzat daukan Turkiak ez bezala, nahi du erakutsi Siriako minoriak errespetatzen dituela. Dudarik gabe aterpe politikoa onartzen die Turkia borrokatzen duten Kurdiarrei. 1998an arrunt aldatzen da egoera, Siria eta Turkia adiskidetzen dira eta Abdullah Oçalan errefusiatu kurdiarra abandonatzen du Siriak. Hala ere, eta gauza kuriosoa, PYG alderdi kurdiarrak segitzen du Baxar Al Assad sostengatzen 2014 arte. Ordainez honek kurdiar eremua uzten du PYG alderdiaren esku, nahiz eta borrokatu aiseago Siriako beste populuen kontra. Ordea hona DAECH jabetzen dela Siriako parte batez, kurdiar partetik arras hurbil. Orduan Siriako Kurdiarrek lehentasuna emaiten diote DAECHen haizatzeari. Kobane hiritik DAECH haizatzen dutelarik nazioartearen ezagupena erdiesten dute, guziz Amerikarrena. Hauen sostengu militar handiagoari esker emeki baina segurki kausitzen dute DAECH haizatzea eskutan zituen hirigune guzietarik. Orduan sentitzen dute Siriako kurdiar parte osoa autonomo bilaka daitekeela, eta PYG buru. Erdoganen erasoek Turkiatik oroitarazten die berriki erdietsia, hortzez haginez eta odolez zaindu beharko dutela.
Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3518. zbk

Gure Hitza | 2019/10/10

Denen sustengua merezi!

Menane Oxandabaratz

Joan den egunean Herriarentzat izan naiz Baionako Suprefeturaren aitzinean, ospitaleko lan sail desberdineteko, mediku, erizain, administrazioko langile eta lehen aldikoz kuadro batzuk mobilizazio bat egin baitute. Harat heltzean ikusten zirelarik denak beren laneko jantziekin, bakoitzak bere taulier xuria soinean, bere izena eta ospitalean duen ardura idatzia, bulegora sartzean gogoeta batzuk ukan ditut. Nork ez du beretzat edo(ta) hurbileko batentzat ospitaleko langile horien beharra ukan? Nork ez du bihar horien artamenduen beharra ukanen? Nor axolatzen da horien lan baldintzetaz, guhaur horien zerbitzuen beharretan izan edo izanen girela? Alta badu orain zenbait hilabete urgentziako langileek beren kezkak plaza publikora ekarriak dituztela, herritarrenganik sustengu guti ardiesten dutela. Nihaurek horietan izanez, bat batean ukan dut kontzientzia hartze bat ikusi dituztalarik. Sendi zen osasun munduan diren pertsona horienganik etsipen eta akidura handi bat, ...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016