Jainkoa bizia jendea | 2019ko Azaroaren 07a

Irriño bat!

Johanes Bordaxahar

Nehork ez du neurtuko haur baten irriñoaren dohaina. Baionako karrika bazterreko oinbide honetan bada ama gazte bat, ‘Mayou’ zubira buruz doana, iparraldera. Lurrari begira, kasu emaiten du oinak nun finkatu. Ñiñia ekartzen du ezker aldean, besoetan. Ñiñia amaren sorbaldaren gainetik gibelera begira dago. Lehenik komertzial batek, beltzez jantzia, ordenagailua sorbaldatik zintzilik, ama (de) pasatzean, ñiñiaren irriñoa kurutzatu du. Gero, soineko fluoz jantzirik, langile baten aldi da. Ondotik turista bat, galtza motxetan eta argazki tresna eskutan. Eta azkenik hor heldu da egoitza finkorik gabeko erromesa. Lauak ama bezala zubira buruz doatzi... Sorbalda gainetik ñiñiak irriñoa eman dio bakoitzari: komertzialari, langileari, turistari eta erromesari. Irriño bera: bat batekoa, bere baitakoa, maitagarria, lañoa, gardena… Alta bada oinezko bakoitzak badu berea... Komertzialak bezeroari botatzen dion irria. Klientek, pilotak murrua jo eta bezala, erreferan itzultzen diotena. Langileak ere badu nagusiari jaurtitzen diona, maiz paretari kontra lehertzen zaiona. Turistari adituaren irrifar kritiko hura jauzten zaio ezpain xokora, etxebazter zaharreri begira. Erromesak nahiago dio berea murruari eman, jendeek baino ongi-etorri hobea egiten diolako. Ñiñiak bakoitzari gogotik eman dio berea. Lauetarik batek ere ezin izan dio izkin egin. Ez komertzialak, ez langilea, ez turistak, ez erromesak. Behingoan, epe labur batez, laueri murru guziak erori zaizkie. Gero, bakoitzak berekin eraman duke pindar ttiki hura. Goraxago, Orbe, Argenterie eta Victor Hugo karrikak juntatzen diren plazatxoan, pailaso-klun bezalako artistak dihardu jendeari irria aterarazten. Ñiñiak sortarazi irrifarra bezalako zerbait pizten du honek ere. Jendea pasatzen da edo gelditzen, edo berdin gelditu orduko joaten. Sosa ematen, edo ez ematen. Baina bakoitzak badu bere lekua, libre, pagatu edo ez. Urrun edo hurbil. Sosduna, sosgabea eta artista, hiruak hein berean dira, karrika gorri. Nehon ez da murrurik, ez jendea bereizteko, ez urruntzeko. Ekitaldia bururatu eta haur bat hurbiltzen zaio pailasoari: - Zu pobrea zira! Botatzen dio aurpegira. Pailasoa harrapatua: - Zergaitik diok hori? - Karrikan lan egiten duzulako eta eskea txapelarekin. - Ez! Arrunt makur haiz. Ni aberatsa nauk. Maite dutana egiten diat eta ene gustura bizi nauk, libre. Hortan aberatsa nauk. Erantzunak haurraren gogoa jo duke zeren mutikoa joan da, xingili xangala, begiak ñir-ñir, lau lorietan. Gogoan punpeka dabilzkion hitzak entzun daitezke: “Aberats”, “Pailaso”, “libre”!! Hau ere beste irri maitagarria, lañoa, gardena... Oxala! Irriño xalo baten graziak aurdik baleza guhaurek gutartean eraikitako harresiren bat!!
Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3522. zbk

Gure Hitza | 2019/11/07

Ipar orratza galdu aitzin!

M.O.

Joan den egunean erosketak egiten ari nintzala, pagatzeko mementoan, kesan pasatu behar nuela eta, langile bat hurbiltzen zait erranez fiteago joaiteko posibilitatea banuela, ene puska nihaurek bipatuz. Erraiten dakot ez nuela nahi, horren kontra nintzala zeren emeki-emeki bezero guziak hola hasten balire berak zuela lana galduko. Berriro erraiten daut lasterrago pasatuko nintzala, ni berriz tematua ezetz, bizian bost minuta ez baginuen hartzen ahal arazo bat baginuela argumentatuz. Horrez gain, holako egin-moldearekin, iduritzen zait gauza batzuk galtzen direla, kesan den langilearekin bi solas egin... harremanak sortuz, bi berri kurritu... kutzukeria bat jakinez. Hots harreman sozial hori da galduko denak hasten bagira bakarrik tresna horien erabiltzen. Bide beretik segituz entzuten da saltegi batzuk 7 egunez idekiak egonen direla, goizeko 6etarik gauerdi arte gelditu gabe. Joan den astean, Baionan berean, auto guzietan saltegi baten publizitatea baginuen, nun ...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016