Egun eta bihar | 2019ko Azaroaren 21a

Poupou

J-B D

Poupou

Raymond Poulidor duela hiru urte, Frantziako itzuliaren segitzaile.

Ez gaude sail huntan egun aipatu gabe iragan mendeko frantses kirolari ospetsuenetarik batto, denek Poupou deitzen zutena, fama handi-handiko txirrindularia, Raymond Poulidor. 83 urtetan pausatu da eta bazter guzietarik hedatu dira burrustan goresmen kartsuenak. Hainbeste adiskide bazuen eskuin eta ezker. Biziki maitatua zen alabainan, gisa hartako jitea ere baitzuen, jendekina, lagunkina, kasik beti omore onean! Frantziako itzuliari esker bildua zuen alimaleko arrakasta. Pentsa, hamalau aldiz egin du itzuli handi hori. Hameka aldiz hamar lehenetan sailkatuz. Hiru aldiz bigarren eta bost aldiz hirugarren. Aldi bat ere ez lehen haatik, behin gauza gutik egin bazuen ere ez baitzen deneri aitzindu. Gisa hortan zuen bildu galtzailearen fama. "Poupou beti hor, beti hoberenetan, bainan sekulan ez lehen!", horra jendea nola mintzo zen. Berak ardura irriño batekin hartzen zituen gisa hortako arrailleriak. Frantziako itzulitik kanpo ere bazuen balentria frango eginik. Han eta hemen 189 aldiz lehen ateratua eta hori bera ainitz da, biziki ainitz. Espainiako itzulia irabazia 1964an. Nornahirekin laket zitzaion goxoki egoitea solas eta solas. Etzen batere handikaria ez eta ohore gosea. Etzuen ahanzten bera Limousin eskualdeko laborari etxetiar xume baten familian sortua zela. Beti biziki atxikia egon da bere sort-herriari eta han eman du bere azken hatsa. Azken hilabetea herriko ospitalean egonik, bihotza akitua zuela. Heldu den urtean, uztailaren 9an, Frantziako itzulia Saint-Léonard herri hortarik pasatzekoa da bainan bera ez da beraz han izanen. Segur haatik omenaldi bero bat berriz eskainiko zaiola egun berezi hortan.
Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

Egun eta bihar | 2019/11/20

POLANSKI

Xipri Arbelbide

Egun hauetan badu berriz ere aipaldi Polanski zinegileak. Emazte batek akusatu du baizik eta bortxatu duela. Ez da lehen aldia. Jadanik 10 eta 16 urte arteko bost neskatxek gauza beraz akusatua zuten aitzineko urteetan. Egia erran, bada "la presomption d'innocence", auzitegiak kondenatua ez deno, nehor ez liteke "hobendun" ekarri behar. Salbu, Polanskiren kasuan, Ameriketan kondenatua izana da 1977an 13 urteko neskatxa bat bortxaturik eta sodomisaturik. Preso emana ez izaiteko, Frantziarat joan zen ihesi, geroztik lasaikixko bizi baita handihandia, deusik ez balitz bezala, zenbaitentzat estradizioa merkeago delarik. Ez bakarrik bizi, diru laguntza ederrik ere eskuratzen du filmak egiteko. Frantzia, Polonia eta Suisa dira aterbea emaiten dioten herri bakarrak. Beste nehorat ezin joan, Interpoolek begitan daukalakotz. Suisan preso eman zuten 2009an zenbait astez. Berehala, zinegilearen alde agertu ziren izen famatu zenbait: Frederic Mitterand, Woody Allen ...

Irakurri segida

3524. zbk

Gure Hitza | 2019/11/21

Herriko bozak

Umore handia eta izpiritu idekia zituen Piarres Larzabal azkaindar apez idazleak, hain segur begi onez ikusiko zukeen aspaldiko bere antzerki bat Maika Etxekopar züberotar taula zuzendariak hain polliki gaurkotzea. Larrazken huntan mail goreneko jokolariek antzestua, herriz herri arrakasta gaitza, ez erraiteko itzela, biltzen ari du. Antzerki horrek bi gogoetaren bazka eskaintzen baitu, heldu den martxoko herri hauteskundeetan aurkeztuko diren ipar Euskal Herritar guziei on eginen lieke ikustea. Bai, gure hiri eta herri gotorrenetan bulta huntan hasiak dira bazterrak berotzen, zerrenden eta egitarauen apailatzen; zonbait gunetan ez da zerrenda eskasiarik. Aldi huntan, gutiz gehienek ingurumena ezartzen dute lehen aipamenetan. Lapurdiko hirietan itsasoaren kutsadura dute kezka nagusi, udan metatzen diren jende oste handiegiengatik euri erauntsi bakotxak ur zikinak gaindikaraziz, zonbait egunez hondartzetan nehor ez ditaikelakotz maina. Ez litaikea berdin kezkat...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016