Hor berean dugu abendoa, gero eta gehiago
abendu deitzen duguna. Ene partetik aspaldian
badut haatik halako arranguraño bat, urteko azken
hilabeteak ukan baitu lekuka beste izen bat,
neguila, batzuk laburtzen dutena, negila erranez,
eta arras egokia berenaz, ene gustuko segurik,
adiarazteko negua laster hasiko dela. Ez litakea
domaia neguila izen hori arrunt eta alde bat
galtzerat uztea? Gauza bera beste hilabete izen
zonbaitentzat. Hala nola ilbeltza -hilabete beltza
– hor delarik urtarrilarentzat eta loraila maiatzarentzat.
Gainerat, abenduaren kasuan baditake
nahasketa bat bezala bainan egia erran gaurko
egunean hortaz ez duke nehork axola handirik.
Alde batetik hilabete izena da alabainan eta bestetik
Elizaren egutegian Eguberri aitzineko denboraldia.
Bestaburu horren prestatzeko baliatzen
dena. Bi abendu badira nolazpait.
Eguberri aipatu baitugu, hirietako karrika eta
plazetan anitz tokitan jadanik ezarriak dira Eguberri
eta Urtats gogoan paratzen diren argi eta
apaindurak. Bazter guzietan zernahi girgilleria.
Gero eta goizago ikusten dira eta gero eta berantago
kentzen dituzte. Norbaiti entzuna diogu hola
segituz Xipirinetan agertzen ahal litazkeela eta
martxoko Andredena Mariak arte denen bistan
uzten. Funtsean, hasian hasi eta beroan bero
zendako ez atxik urte guzian? Erakusterat emanez
egun guziz eta urte guzian Eguberri dela.
Orduan behar litake beharbada garbiki erran zer
den Eguberri hori, hitz bera hameka gisetarat
hartua izaiten ahal-eta.
Horiek hola, hau ere erran behar da halere, lekuka
bederen gero eta gehiago griñatzen direla
delako girgillerientzat egiten diren gastuen mugatzerat,
ingurumenaz ere behar dela oroitu. Eta
beti Eguberri gogoan, ezagun da saltegi handi
horietan gero eta goizago ernatzen direla zernahi
gauza saldu nahiz. Jateko, edateko, beztitzeko,
jostatzeko eta nik dakita zer! Eguberri besta hori
baizik ez balitz bezala!
Hau arrunt bestetik da bainan artetik erraiteko
Olentzero noiz iratzartuko ote da? Norbaiti iduritua
naski begi bat ja idekia duela.
Ingurumena ere aipatu baitugu, entzuten da hain
xuxen ingurumenaren axola hori solasgai nagusietarik
izaiten ahal litakeela heldu den martxoan,
herriko bozak jinen direlarik. Arrazoinekin funtsean,
gai horrek guziak hunkitzen baigitu eta
premiatsuenetarik baitago geroari buruz.
Urteburuko bestak aitzin, zer berri bestenaz?
Xilaba bertsulari xapelketa xarmanki joan da eta
gazte frangok segitu dute, hori ere atsegingarri!
"Herriko bozak" antzerkiak ederki abiatua du
bere itzulia eta Iduzkilore taldeko jokolari horiek
badute segur mereximendu. Hurbiltzen ari zauku
ere Durangoko azoka, liburu eta diskoen feria
handia, urte guziz arrakasta ederra ukaiten duena.
Abenduaren 5etik 8rat iragaitekoa da.
Keinka bereko gertakari aipagarria, arrunt beste
sail batean haatik: heldu den aste hortan, ortzegunean
gehienik oraiko ustez, sukar zerbait
izanen da hor gaindi, treinetan bereziki anitz
langile greban jartzekoak baitira, erretreta solas
ezin onets-eta gobernuaren xedeak, jakin gabe
ere xuxen nolakoak diren bainan iduriturik ez
direla hain onak izanen jende xehearentzat.
Egun beltza izanen dea beraz ortzegun hori? Eta
ondokoak ote? Jendarte nahasi batean bizi gira.
Batzuk espantua merke - "kukuruku, nor gira
gu!" - Sinetsarazi nahiz ogi bihiaren gaineko xito
edo xori gastatuak girela azkenean! Beste frango
alde bat nigarrez, gauzak gero eta makurrago
doatzila. Denek ere indarño bat egiten balute, eta
baginu, hein bat zentzuz eta arrazoinki plantatzeko,
ez litake batere gaizkiago!