Herriz Herri - Donapaleu (NB) | 2019ko Azaroaren 28a

Donapaule

Donapaule

“Etxetiargoa Amikuzen”: joan den ibiakoitzeko solasgaia Gamueko jauregian Euskararen Urtaroa kari, Amikuzeko Laminak elkarteak antolatu du joan den ibiakoitzean hitzaldi bat etxetiargoari buruz Gamueko Jauregian. Laurogei bat parte hartzaileren aitzinean, Jean-Claude Mailharinek presentatu dauku Zabalik elkartearekin daraman lana azken urte hauetan gai horri buruz. Biziki argiki esplikatu dauku etxetiargoak zer garrantzia zuen Amikuzen bigarren gerla ondo arte. Zenbaki bat hartzeko, 1892an egin zen inkesta batean, laborari munduan %43 etxetiarrak ziren Amikuzen eta %22 Baxe Nafarroa eta Xiberoan. Lur-jabeen eta etxetiarren arteko harremanak ere xeheki aurkeztu ditu erakutsiz nola etxetiarrak umildurik ziren zonbait lekutan. Gerla ondoan, 1946an, bozkatua izan zen lege baten bidez etxetiarrek ahalak ukanik ere beren abantailetan zen “fermage” formula galdegiteko, ez ziren gauzak legeak proposatu bezain aise joan. Etxetiarren eta lur jabeen artean pataska anitz izan ziren eta auzitara joan behartu zitzaien gauzak trenkatzeko. Laguntzaile onak izan ziren denbora haietan etxetiarren defendatzeko eta hauetan Ellande Massondo eta bere semea Beñat azpimarratuak izan dira. Eskerrak bihurtzen ahal ditugu Zabalikeko Jean-Claude Malharineri eta Amikuzeko Laminak elkarteko gazteeri holako hitzaldia antolaturik. Egia da pasatiak pasatu, etxetiargoak eragin handiak dituela oraino egun Amikuzeko xoko huntan eta jendeen arteko harremanak historia horri lotuak direla. Gai horrek merezi luke gehiago barnatua izaitea eta hor balitaike ikasketak sail hortan egiten dituen gazte batendako parada ona behar diren argitasunak ekartzeko tesia baten bidez. "Enargia-"ren bilkura publikoa Donapaleun azaroaren 27an (18:30) Enargia kooperatiba bat da eta elektrika berriztagarria hornitzen du ipar Euskal Herrian. Bere aktibitateak 2019ko uztailaren 1ean hasi ditu. Bere helburua da elektrika %100 berriztagarria eskaintzea iparraldeko lantegieri eta herritarreri eta horren bidez ekonomia garatzea lanpostu berri batzuk sortuz. Proiektu horren berri emaiteko, bilkura publiko bat antolatu da joan den asteazkenean, azaroaren 27an Donapaleuko Zerbitzu Publikoen Etxean. Ihauteriak berriz bultzatzeko gogoa Amikuzen Ihauterien desfilea ber bultzatzeko xedea agertu da amikuztar batzuen artean. Besta hori ahal bezain jendetsua eta airosa izan dadin eskolen eta elkarteen parte hartzea inportantea iruditzen zaie. Ekimen horren aipatzeko bilkura bat antolatua da Donapaleuko Zerbitzu Publikoen Etxean azaroaren 28an, ostegunarekin (20:00). Erakasle, elkartekide ala guraso, denak ongi etorriak dira! Besta hori herrikoia eta parte hartzailea izaiteko, zer forma hartuko duen denek elgarrekin ikusi behar den gauza. Pikadero filmaren proiekzioa azaroaren 28an Donapaleun Beti Euskararen Urtaroa kari, Pikadero filma proiektatua izanen da azaroaren 28an, ostegunez (20:30), Donapaleuko zinegelan. Joseba Usabiaga aktore nagusia eta Gastibeltza Filmak banatzailea hor izanen dira. Krisi ekonomikoaren ondorioz, burasoen etxean bizitzera behartua den bikote gazte baten bizipenak kondatzen ditu. “Euskara ikasten dut”, Beñat Laxagueren liburuaren aurkezpena azaroaren 30ean Donapaleuko Mediatekan Euskararen Urtaroa kari, Beñat Laxague, “Euskara ikasten dut” liburuaren idazlea mintzatuko zauku azaroaren 30ean, ibiakoitzez, (10:00) Donapaleuko Mediatekan. Landu duen metodoa euskara ez dakiteneri zuzendua da eta hitzaldi huntan xehetasun zonbait emanen dauzku euskararen ikasteko prozesuaz, baita ere zer publikori zuzentzen duen bere lana. Bat bateko itzulpena segurtatua izanen da. “Telethon” kanpaina Amikuzen asteburu huntan hasten Aitzineko urtetan bezala, aurten ere amikuztarrak hor izanen dira Telethon kanpainaren animatzeko. Azken apailuak astelehen huntan egitekoak dira. Beste lekuetan bezala, ekintza gehienak abenduaren 6, 7 eta 8an iraganen dira bainan Amikuzen asteburu huntan berean hitzordua emana da bi jardueren inguruan. Ibiakoitzean, azaroaren 30ean (10:00 – 17:00) Salbatoreko bidean den kamioien kontrolatzeko lekuan “buggython” egunaldi bat proposatua da eta (20:30) St Louis zinegelan kantaldi bat emana izanen da Téléthon-en alde. Hor ariko dira Hiru Soinu, Antton Landaburu eta Bitxiloreak.
Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3525. zbk

Gure Hitza | 2019/11/28

Neguila

Janbattitt Dirassar

Hor berean dugu abendoa, gero eta gehiago abendu deitzen duguna. Ene partetik aspaldian badut haatik halako arranguraño bat, urteko azken hilabeteak ukan baitu lekuka beste izen bat, neguila, batzuk laburtzen dutena, negila erranez, eta arras egokia berenaz, ene gustuko segurik, adiarazteko negua laster hasiko dela. Ez litakea domaia neguila izen hori arrunt eta alde bat galtzerat uztea? Gauza bera beste hilabete izen zonbaitentzat. Hala nola ilbeltza -hilabete beltza – hor delarik urtarrilarentzat eta loraila maiatzarentzat. Gainerat, abenduaren kasuan baditake nahasketa bat bezala bainan egia erran gaurko egunean hortaz ez duke nehork axola handirik. Alde batetik hilabete izena da alabainan eta bestetik Elizaren egutegian Eguberri aitzineko denboraldia. Bestaburu horren prestatzeko baliatzen dena. Bi abendu badira nolazpait. Eguberri aipatu baitugu, hirietako karrika eta plazetan anitz tokitan jadanik ezarriak dira Eguberri eta Urtats gogoan paratzen diren argi...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016