“Joxe Azurmendi. Euskal pentsamenduaren
ur-jauzia” izeneko
kongresua iraganen da
Donostian, abenduaren 11 eta
13 artean. Ekitaldi hau Jakinek,
EHUk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak
antolatu dute, zegamar
filosofoaren ekarpena aztertu
eta lantzeko xedez.
Filosofia, politika, hizkuntza,
kultura eta literatura aztertu izan
ditu Joxe Azurmendik. Horren
lekuko dira argitaratu dituen 41
liburuak eta 500 bat artikuluak.
Azurmendiren obraz gogoetatzeko,
50 aditu elkartuko dira
San Telmo museoan.
Kongresuaren idekitze ekitaldia
abenduaren 11n eginen da.
Honetan mintzaldi bana emanen
dute Joseba Zulaika antropologoak,
Miren Azkarate hizkuntzalariak
eta Pruden Gartzia
urgazle eta idazleak.
Abenduaren 12an, kongresua
hiru aretotan banatuko da,
Azurmendiren ildo ezberdinak
memento berean landu ahal
izateko. Landuko diren gai nagusiak
gizaberearen filosofia,
gogoeta etikoak, pentsamendu
soziala, kooperatibismoa, nazioa,
estatua eta kultura izanen
dira.
Abenduaren 13an, aldiz, saio
guziak areto nagusian eginen
dira, goizean.
Bi emanaldi berezi ere proposatuak
izanen dira, biak Azurmendiren
olerkigintzan oinarrituak.
Lehen egunean, Gotzon Arrizabalaga
irakasle eta musikariak
kontzertua aurkeztuko du. Azken
egunean, berriz, “Aginako
zero bat” izeneko emanaldia
eskainiko dute Manex Agirrek,
Jon Aranburuk, Marco Bianchik
eta Gaizka Amondarainek.
Durangoko Azokaren 54. edizioa
aurkeztua izan da joan den
astean. Aurtengo honek izanen
dituen berritasunak azpimarratu
ditu, bereziki, Gerediaga
elkarteko lehendakaria den
Nerea Mujikak. Azoka gero
eta handiago egiten ari dela
eta, espazio berri bat erabiliko
dute, Landako gunearen gibelean
dagoen Musika Eskola.
Honetan iraganen dira estreina
ekitaldia, Gogoetaren Plaza eta
DA! PRO egitasmoa. Azken ekimen
hau baliatuko du Azokak
Euskal Herriko programatzaile
eta musikaren sektoreko sortzaile
eta profesionalen arteko
topaketa antolatzeko. Abenduaren
5eko goizean izanen da
hau.
Landako guneak itxura berria
eskainiko du, erakusmahaien
irudia aldatu baitute. Edizio honetan,
264 erakusmahai izanen
dira eta hauetan 405 berrikuntza
izanen dira ikusgai.
Abenduaren 6an, Azokako Sormen
Bekaren irabazleak no
diren jakinaraziko dute. Aurtengo
gaia musika izanen da.
Ekoizpen berriak aurkezteaz
gain, 200 ekitaldi baino gehiago
proposatuko ditu Gerediaga
elkarteak. ...
Euskal Herri osoko gazteen artean
sarea osatu nahi dute Eusko
Ikaskuntzak, Euskadiko eta
Nafarroako gazteriaren kontseiluek
eta Udako Euskal Unibertsitateak.
Horretarako hainbat foro
antolatu dituzte, lau gai nagusi
lantzeko xedez: hezkuntza formala
eta ez-formala, gobernantza,
ongizate materiala eta euskara.
Foroek bi fase ukanen dituzte.
Lehenbiziko fasean 3 elkarretaratze
eginen dira: hasteko, abenduaren
14an Donostian. Ondotik,
Iruñean elkartuko dira, otsailaren
8an, eta azkenik Baionan, martxoaren
14an. Bigarren fasean,
berriz, ordu arteko biltzarretan
parte hartu duten gazte guziak
foro bakarrean bilduko dira. 18
eta 30 urteko gazteek parte hartu
ahalko dute foroetan, eta www.
eusko-ikaskuntza.eus webgunean
izanen dute izena emateko
parada.
Ekimen honen sortzaile diren
gazteen
ustez, foroak “abiapuntua”
izanen dira, eta lanean
segitzeko xedea dutela adierazi
dute. Beren kezkak eta tresnak
agertzeko txosten bat eginen
dute, gobernuak interpelat...
Duela 35 urte hil zuten Santi
Brouard ezker abertzaleko buruzagia
Bilboko bere iker-gelan.
30 urte bete dira, berriz, Josu
Muguruza Herri Batasunaren
parlamentaria Madrilen tirokatu
zutenetik. Azaroaren 21ean,
omenaldia egin diete biei. Lehenik
Bilboko Ametzola parkean
Brouarden oroitarriaren aitzinean
eta gero Errekalden, Josu
Muguruza bizi izan zen auzoan
iragan dira oroimen ekitaldiak.
Josu Muguruzaren alaba eta
Egiari Zor fundazioko kide den
Ane Muguruzak hartu du hitza
Errekalden. Biktimen umiliatzea
hainbertze aipatzen den garai
honetan Estatuaren indarkeria
pairatu duten biktimek ere “umiliatua
sentitzeko nahikoa arrazoi”
badutela adierazi du.
Halaber, Sortuk ere oroitarazi
nahi izan ditu Santi Brouarden
eta Josu Muguruzaren hilketak,
Bilboko karriketan barna egin
den manifestaldiaren bidez.
Bestalde, Gasteizko Legebiltzarreko
osoko bilkura hasi aitzin,
minutu bateko isilunea egin
dute talde guzietako parlamentariek
Santi Brouarden omenez.
Azaroaren 27 honetan estreinatua
izan da Bilboko geltoki intermodal
berria. Honetan elkartuko
dira aldirietako trenak, metroa,
tranbia, autobusak, taxiak eta
aireportuarekiko loturak. Bizikleten
udal zerbitzua ere leku berean
aurkituko da.
Osoki lur azpian dagoen azpiegitura
hau milioi euro baino
gehiago gosta da. Urtean zazpi
milioi pertsona errezibituko ditu,
eta batez bertze, egunean 19
000 erabiltzaile ibiliko dira hortik.
Termibus berriak lau solairu ditu.
Lur arrasean, sarbideak izanen
dira, eta merkataritza gune bat,
oraino bukatua ez dena.
Joan den asteko Herrian aipatzen
genuen nola Iruñeako
udalak ezeztatu duen Pirritx, Porrotx,
eta Marimototxek Nafar hiriburuko
Baluarten eman beharra
zuen ikuskizuna. Hastapen
batean, dena estakuru ibili ziren
udal arduradunek: irregulartasunak,
segurtasuna, e.a. Ondoko
egunetan, haatik, Enrique Maya
alkateak argi eta garbi onartu
du ezeztapen horren arrazoia
politikoa dela. Pirritx, Porrotx eta
Marimototx Ezker Abertzalearen
“pailazoak” omen dira. Honela
mintzatu da auzapez jauna:
"Iruindar asko mindu egiten
dira pertsona horiek txikienekin,
haurrekin, duten harremana
ikustean, ez da onena...”
Zer ez den entzun behar,
bertzenaz!
Iruñeako Udalak ezeztatu du
aitzineko agintaldian onartu
zuten euskararen ordenantza,
eta horren ordez 1997. urtekoa
ezarri du plantan. Erabaki
horren hartzeko, Navarra Suma
koalizioak sozialisten sustengua
ukan du.
Enrique Maya alkateak pentsatzen
du EH Bilduren udal-gobernuak
onartu zuen araudiak euskara
inposatzen zuela, eta horregatik,
euskararen erabilerari
“normaltasuna emateko beharra”
Udalari dagokiola erran du.
Hemendik aitzina, udal-administrazioan
lanpostua erdiesteko
euskara “meritu” gisa hartua izanen
da, eta ez baldintza bezala.
Halaber, ordenantza berriak ez
die euskarazko arretarik bermatzen
herritarrei, eta hizkuntza-
paisaia elebiduna zalantzan
ezartzen du.
Azaroaren 28 honetan hasi da
hondakinak erretzen Zubietako
erraustegia. Mementoan, entseguak
eginen dituzte, eta 2020ko
martxoan jarriko da martxan.
Jose Ignacio Asencio Gipuzkoako
Ingurumen diputatuak
erran du martxotik aitzina Zubietako
plantan tratatuko direla
Gipuzkoako hondakin guziak.
Asencioren ustez, azpiegitura
honek aro berri bat zabalduko
du Gipuzkoarentzat: orain arteko
bertze zabortegi guziak hetsi
ahal izanen dituzte, eta ez dute
hondakinik igorriko bertze lurraldeetara.
Kutsadura ere anitz
murriztuko dela baieztatu du
diputatuak.
Hor berean dugu abendoa, gero eta gehiago
abendu deitzen duguna. Ene partetik aspaldian
badut haatik halako arranguraño bat, urteko azken
hilabeteak ukan baitu lekuka beste izen bat,
neguila, batzuk laburtzen dutena, negila erranez,
eta arras egokia berenaz, ene gustuko segurik,
adiarazteko negua laster hasiko dela. Ez litakea
domaia neguila izen hori arrunt eta alde bat
galtzerat uztea? Gauza bera beste hilabete izen
zonbaitentzat. Hala nola ilbeltza -hilabete beltza
– hor delarik urtarrilarentzat eta loraila maiatzarentzat.
Gainerat, abenduaren kasuan baditake
nahasketa bat bezala bainan egia erran gaurko
egunean hortaz ez duke nehork axola handirik.
Alde batetik hilabete izena da alabainan eta bestetik
Elizaren egutegian Eguberri aitzineko denboraldia.
Bestaburu horren prestatzeko baliatzen
dena. Bi abendu badira nolazpait.
Eguberri aipatu baitugu, hirietako karrika eta
plazetan anitz tokitan jadanik ezarriak dira Eguberri
eta Urtats gogoan paratzen diren argi...