Inbido | 2019ko Azaroaren 28a

Bainan nor da Amma?

Muslaria

Bainan%20nor%20da%20Amma?

Aitzineko astean, HERRIA astekariaren lehen orrialdean, gaineko xokoan hauxe zen "mantxeta" deitzen duguna: "Zoriona ez da han edo hemen. Zuhauren baitan behar duzu kausitu". Hori idatzi duena, Amma. Bainan nor da Amma hori? Bi irakurle arizana zaizkit galdeka. Amma ez du bere izena bainan kasik denek hola deitzen dute. India hegoaldean sortua da Kerala aldean, arrantzale familia xume batean, eta hango mintzaira batean "amma" horrek erran nahi du ama, euskaraz bezala beraz, bainan "m" bat gehiago artean sartuz idazten delarik. Haurrean deitzen zuten "Sudhamani" eta bere harat-hunatetan ardura erabiltzen duen izena frango luzea du, gogoan hartzeko ez hain errexa, guretzat segurik, Mata Amritamandamayi. Horrek erran nahi naski "betiereko dohatsutasunerat heltzeko bidea erakusten duena". 66 urte irailean beteak ditu. Indian gaindi aspaldian ezagutua da. Handik kanpo ere gero eta gehiago, munduan barna anitz itzuli egiten baitu. Bere mezua deneri zabalduz. Eta mezu hori hitz gutitan laburbiltzen ahal da: "elgar behar dugu lagundu eta maitatu". Bera erlisionez hin duista da eta horietarik anitz bada Indian. Dio haatik sineste guziak onak direla elgar maitatzeaz arrangura baldin badira. Funtsean, hinduisten artean berean ere badira sail desberdinak eta diote egia bat baizik ez dela bainan ba bide desberdin asko egia hortarat heltzeko. Gogo-bihotzak beti zabal atxikiz. Frangotan aditzen da Amma guru delako bat dela, emazte guru bat, bestalde gehienak gizonak direlarik. Beti hinduista bainan usu errepikatzen duena egiazko erlisionea dela oroz gainetik maitasunarena. Bakoitxak ikusi behar nola hartu behar diren holako solasak. Gaitzeko obrak Diote Amma, bera haurra zelarik, etzela eskolan biziki ibili bainan zinez buru ona zuela, ikusi hinguziak gogoan aise hartzen. Gazte gaztea bere baitarik abiatu omen zen hinduisten erakaspenak sakonki aztertu beharrez. Guru bilakatzeraino. Elkartasun gosez 28 urtetan hasi zen bazterren harrotzen behartsuak behar zirela lagundu. Bere lagun zonbaitekin obra askori plantatu zen. Indian berean, bere sortherrian eta inguru heietan. Zazpi urteren buruan, ikusiz eremaki zuen sailak gero eta laguntzaile gehiago bazuela, erabaki zuen Indiatik lehen aldikotz ateratzea. Itzuli bat gaitza egin zuen. Jende guzieri musuka, erakusteagatik denak maite zituela eta denak lagundu ere nahi. Ameriketan eta Europan, bainan Japonian eta Afrikan ere, gero eta gehiago aipatu ziren Ammaren urratsak. Geroztik, beti bide beretik segitzen du. Urte guziz, zonbait hilabetez Indian dago, kasu eginez han dauzkan obra guzieri, eskola, artategi eta beste! Gaineratiko denbora munduan gaindi kurri eta kurri, beti prediku bera entzunaraziz, elgar maita dezagun eta elgar maita dezagun! Frantzian ere urtero egiten du egonaldi bat. Eztabaidak ere ba Denetan, anitzek laudatzen dute Amma, saindu handi bat balitz bezala. Bainan baditu ere kontrakoak. Batzuk deplauki salatzen dute emazte atrebitu bat izan behar dela, alimaleko kopeta baduena zernahitarako. Deneri konplimenduka eta deneri musuka artzen dena, bainan beti sos galdeka, eskea eginez gelditzen den toki guzietan. Dirua bil eta bil beraz eta askori kezkagarri zaiote hori. Biziki kezkagarri berdin. Nahiz ikusten ahal duten obra ederrak ere badirela, dela Indian dela bestalde. Bainan iduritzen zaiote halere emazte hori ederki baliatzen dela jendearen bihotz onaz, gauza baliosak egiten alde batetik segur bainan bizi ederra eremaki bestetik, arrunt bere gusturat, frangotan jende xeheaz biziki oroitu gabe. Azkenean, nor ote da beraz Amma?
Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3525. zbk

Gure Hitza | 2019/11/28

Neguila

Janbattitt Dirassar

Hor berean dugu abendoa, gero eta gehiago abendu deitzen duguna. Ene partetik aspaldian badut haatik halako arranguraño bat, urteko azken hilabeteak ukan baitu lekuka beste izen bat, neguila, batzuk laburtzen dutena, negila erranez, eta arras egokia berenaz, ene gustuko segurik, adiarazteko negua laster hasiko dela. Ez litakea domaia neguila izen hori arrunt eta alde bat galtzerat uztea? Gauza bera beste hilabete izen zonbaitentzat. Hala nola ilbeltza -hilabete beltza – hor delarik urtarrilarentzat eta loraila maiatzarentzat. Gainerat, abenduaren kasuan baditake nahasketa bat bezala bainan egia erran gaurko egunean hortaz ez duke nehork axola handirik. Alde batetik hilabete izena da alabainan eta bestetik Elizaren egutegian Eguberri aitzineko denboraldia. Bestaburu horren prestatzeko baliatzen dena. Bi abendu badira nolazpait. Eguberri aipatu baitugu, hirietako karrika eta plazetan anitz tokitan jadanik ezarriak dira Eguberri eta Urtats gogoan paratzen diren argi...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016