Jainkoa bizia jendea | 2019ko Azaroaren 28a

Sainduen otoitza

Aspaldiko aferak dira: zortzi urte nituen eta Eguberri hurbiltzen. Lehen aldikoz amak eraman ninduen elizako krexaren ikustera. Krexaren ondoan Ama Birjinaren estatuatxo bat jarria zen, sos ontzi ttipi baten gainean. Ama Birjinaren aitzinean “Agur Maria” errezitatu genuen eta dirua sartu sos ontzian. Orduan, nire begi harrituen aitzinean, Ama Birjinaren burua astintzen hasi zen, eskerrak itxuratuz... Eguberri eguna etorri zenean, ugazaitak oparitu zidan “Loterie Nationale” zozketako billete bat. Berehala pentsatu nuen krexako sos ontzia diruz betetzea “Agur Mariak” errezitatuz, zozketa irabazteko. Amari ez nion barkatu, egunero joatea behartu nuen soberakinik ez genuen dirua sos ontzian sartzera eta “Agur Mariak” errezitatzera. Aski harritu zen ama, baina hamar bat “Agur Maria” errezitatu arren, hamar aldiz Ama Birjinak burua astindu arren, zozketan ez nuen ezer irabazi. Ondoko maiatzean Lurden izan ginen. Lurdeko basilikan, “ex-votoak” ikusi nituen itsatsiak lerroan murruetan, Maria Birjinarengandik errezibitutako grazien lekuko. “Merci Marie”, “Merci Marie”, bazter guzietan. Ezin jakin zergatik. Halere, heietako batean eskerraren zergatia argi-argi idatzia zen erdaraz: “Eskerrak zuri, Maria, semea Polytechnique eskolan onartua izanagatik”. Amak esplikatu zidan “Polytechnique” eskola Frantziako ospetsuena zela. Eskola hartan sartzeak segurtatzen zuen diru anitz irabaztea eta enpresaburu ospetsua izatea. Ikusi nituen ere haitzuloan zernahi txanka arrokan dilindan, sendatutako elbarriek han utziak. Sekulako ahalak aurkitzen nituen Ama Birjinan. Eguberriko oporrak amaitu eta etsaminak izan genituen eskolan. Aitortu behar dut josteta iragan nuela etsamina bezpera ikasten aritzeko partez, baina eskolako bidean hogei “Agur Maria” errezitatu nituela. Ama Birjinak Polytechnique eskolan sarraraztea posible bazitzaion, zenbat gehiago ni etsamina gainditzea! Pentsatuko duzue zer gertatu zen. Garai hartan ere biziki maite genuen gure gatu zaharra eritu zen. Xirio benedikatuak amaren gordeka pizturik (ortzantza karraskak eta ximixtak hasten zirenean amak sukaldean pizten zituenak), eta hogeita hamar “Agur Maria” errezitaturik, gure gatua hil zen. Nire otoitzen balioaz dudatzen hasi nintzen. Gehiago dudatzen jakin nuenean nola Lurdeko Bernadettek lurrera erortzera utzi zuen eskaintzen zioten dirua, eskua erre egin izan balio bezala. Gehiago dudatzen Polytechnique eskolako norbaiti entzunik “les collaborateurs c’est comme les ascenseurs, ça sert à monter...”. Ex-votoen artean xerkatu nuen “Eskerrak zuri, Maria, semeak dirua maitatu ez duelako”, edo “Eskerrak zuri, Maria, semeak ez baitu nehor zikindu”, baina ez nuen holakorik nehon aurkitu. Nola ba otoitz egin? Iduritu zitzaidan Jesusen aholkua nire baitan entzuten: “Galde egizak apezei, serora eta fraileei, heiek otoitzean trebatuak, inposiblez argituko haute...”. Aita Sainduaz urrikaldurik (lanpetua sobera...), izan nintzen kardinal eta apezpiku baten ikusten baina biziki okupatuak jende handien aferetan, ez ninduten hartu. Eta horra nun gure herriko apez xume baten bidea gurutzatu nuen, hari galdegitea ordu arte otu ez zitzaidana. Eta goxoki mintzatu nintzen harekin. — Ezagutzen duka Sainduen otoitza, “Gure Aita”? Ezagutzen nuen, bistan dena. — Konturatzen haiz norbaiti mintzo haizela? Harritu nintzen. Ez nintzen sekula konturatu. Apez xumeak segitu zuen: — Hori bera dio Bibliak!... “Jaunak erran du: Herri hau hurbil dut, bainan elez bakarrik; ohoratzen nau, bainan ezpainez bakarrik; nireganik urrun du bihotza” (Isaias 29, 13). Etorriko haiz berriz nire ikustera heldu den urtean, “Gure Aita”- ren ondoko esaldia barnatzera, lehen bi hitz hauek, “Gure Aita”, barnatuko ditukanean. Hartako, usaian, bizi osoa ez da aski, baina aitzinatu behar duk. Konturatzen haiz Jainkoaren Erreinuan hire aita anaia dukala eta ama arreba? Anaia, Mediterraneoan itotzen utzi dukana? Harritu nintzen. Ez nintzen sekula konturatu.
Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3525. zbk

Gure Hitza | 2019/11/28

Neguila

Janbattitt Dirassar

Hor berean dugu abendoa, gero eta gehiago abendu deitzen duguna. Ene partetik aspaldian badut haatik halako arranguraño bat, urteko azken hilabeteak ukan baitu lekuka beste izen bat, neguila, batzuk laburtzen dutena, negila erranez, eta arras egokia berenaz, ene gustuko segurik, adiarazteko negua laster hasiko dela. Ez litakea domaia neguila izen hori arrunt eta alde bat galtzerat uztea? Gauza bera beste hilabete izen zonbaitentzat. Hala nola ilbeltza -hilabete beltza – hor delarik urtarrilarentzat eta loraila maiatzarentzat. Gainerat, abenduaren kasuan baditake nahasketa bat bezala bainan egia erran gaurko egunean hortaz ez duke nehork axola handirik. Alde batetik hilabete izena da alabainan eta bestetik Elizaren egutegian Eguberri aitzineko denboraldia. Bestaburu horren prestatzeko baliatzen dena. Bi abendu badira nolazpait. Eguberri aipatu baitugu, hirietako karrika eta plazetan anitz tokitan jadanik ezarriak dira Eguberri eta Urtats gogoan paratzen diren argi...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016