Frangotan arizana gira hortaz,
Kostalde guzian itsas-bazterra
obra beharretan dela. Itsasoak
beti aitzinerat egiten baitu, emeki
bada emeki. Jadanik lan asko
egin da, dela Donibane Lohizunen,
Santa Barbarako alde
hortan, dela bestalde. Ezponda
ahultzen ari da, lur lehertzeak
badira gutien ustean. Negu huntan,
eta beti Donibanen, obra
andana bat egitekoa da Erromardi
auzoaldean, han direla
presatuenak. Obra horietan
barne ezpondaren azkartzea.
Gisa guziz haatik baditake
obra horiek ez diren luzarat
askiko eta hor gaindi gero eta
gauza gutiago egiten ahalko
den oraiko itsas-hegian, uhainak
gero eta ausartago izanez.
Haratxago, obra asko egitekoak
dira ere, arrangura berak
gogoan, Maiarko hondartzan,
gune hortan ere itsas-bazterrak
baduela hobeki gerizatua izaitearen
beharra
Ez ahantz ortzegun huntan, azaroak 28, Donibane
Lohizuneko batzokiak bilkura bat muntatzen
duela (19:00), Dukontenea egoitzan.
Gaia, Jose Antonio Aguirre lehendakari
zena, hizlaria, Jean-Claude Larronde historialaria.
Hendaian, joan den egunean, Erlaitzbideko
itsas-bazterrean, emazte gazte batek, bere xakurrarekin
hor gaindi ibilki zelarik, itsas-belar
meta baten azpian ikusi du marrazo larru urdin
bat, uhainek hor pausatua eta hila zena. Marrazo
larru urdin horietarik guti ikusten da gure
eskualdean bainan artetan zonbait ba halere.
Ziburun, badu zonbait urte aipu dela etxegune
handi baten muntatzea Oletako bidearen bazterrean,
Santa Terexa etxetik hurbil. Lehen
proiektu bat baztertua izanik, sobera
handia zena anitzen gustuko, bigarren
bat agertu da. 340 bizitegi berri balitazke,
lehen proiektuan bazirelarik 455.
Saltegi zonbaiten tokia bestalde. Herriko
hirigintza zerbitzuak ez dira haatik
ados, bigarren proiektu hau ere ez dela
hain egokia toki hortan gauzatzeko.
Hirugarren bat atera behar beraz?
Urte guziz, aurten ere beraz, lasterraldi
berezi bat izaiten da Donibane Lohizunen,
arrakasta ederra biltzen duena.
Heldu den igandean eginen da, abendua
untsa hasteko gogoarekin. Hameka
kilometro luzeko lasterraldia da, portuko
hegi hortarik abiatuz (9:30).
Gaitzeko errekontrua gertatu da igandean,
eguerdi ondoxean, Urruñako
errebide handian, Leclerc saltegitik
hurbil. 17 urteko ziburutar gazte batek
bizia galdu du "scooter" delako batean
bazoalarik. Zeiharka lerrako bat egin
du eta bisean bis heldu zen kamiuntto
bat ezin da aski goiz gelditu haren huts
egiteko. Laguntza jin da laster bainan
etzen deus egiten ahal mutiko gaixoaren
salbatzeko.
Anitz tokitan eta anitz gisetarat
urratsak egiten dira, zinez
baliosak, minbiziaren kontra
eta jendea ahal bezenbat begiratzeko
gaitz hortarik. Besteak
beste urrian akulatzen da, azaroan
ere aitzina segituz berdin,
sail berezi bat emazteak erne
ibil diten bularretako minbizia
etzaioten lotu. Medikurat
agertuz gisa hartako etsaminaren
egiteagatik. Denbora
berean diru bilketa bat izaiten
da minbiziaren kontrako
ikerketak laguntzeagatik.
Hendaian indar ederra egin
dute aurten ere, Herriko Etxea
laguntzaile, turismo-bulegoa
sustatzaile, berrogoita-hamar
saltegi partzuer, Aizpurdi lizeoa
eta kirol-elkarte zonbait ere ba.
Geneviève Eguymendia eta
Pierre Lecomte minbiziaren
kontrako elkartearen arduradunek
dute eskuratu bildu den
dirua, orotarat 5163 euro. Hori
turismo-bulegoan egin den bilkura
batean. Hor denek azpimarratu
dute heldu den urtean
ildo beretik segituko dela eta
ahalaz oraino kar gehiagorekin.
Joan den asteburuan ospatu da IKAS-en 60 urteurrena, antolatuak
ziren erakusketa eta ikusgarri desberdinak. Karia hortara bildu
gira Aines Dufau zuzendariarekin jakiteko zertan zen egitura
hori eta hainbat urtez erakaskuntzarako euskarazko material
pedagogikoa zertan den jakiteko
IKAS-en abiapuntua
1959an sortu zen, Aines Dufauk erraiten
zaukun aitzin 1951n “Deixonne” legea bozkatua
izan zela, lurraldeen hizkuntzen irakaskuntzarako
baimena emaiten zuena, hemen
ere euskararen erakasteko ahala bideratuz.
IKAS-eko zuzendariak azpimarratzen
zuen lege bakarra izan dela, geroztik dekretu
batzuk baizik ez baitira onartuak izan.
Euskal Museoan, Euskaltzaleen Biltzarraren
eskutik bildu ziren 200 bat pertsona gogoetatzeko
erakaskuntza mailan nola euskara
erakatsia izan ziteken, bai publikoan bai
eta pribatuan. Garai hartan nahikaria bat
bazen eskoletan euskararen ikasteko, gure
hizkuntzaren geroaren arrangura jadanik
buru batzutan zela dudarik ez da. Orduan
zuten pentsatu egitura bat beharrezkoa zela
eta IKAS zentroa sortu zen, Marie-Jeanne
Malharin eta Jean Haritschelhar izan zirelarik
proiektu horren aitzindari. Hamarkada
hori biziki emankorra zela zioen zuzendariak,
pertsona batzuk itsutuki engaiatu
baitziren,
hala nola Piarres Charritton e...