Jainkoa bizia jendea | 2020eko Urtarrilaren 09a

Argitik argia pizten den bezala

Johanes Bordaxahar

Argitu orduko iluntzen duen egun euritsu hozpil horietako bat da. Autoz doan gazteak ikusten du adin handiko emazte mehats bat errebide bazterrean, mercedez auto ederraren ondoan zutik, manta batetan bildua, itxuraz arranguratua. Gidari gazteak bere lehenbiziko okasionezko Fiat Punto kaxkarra bide bazterrean aparkatzen du. - Ikusten dut, anderea, gibeleko errota zilo duzula. Lagunduko zaitut! Andereak ezpainak ubel, hotzez ikaran: - Garaia zen. Badu bi oren hemen nagola esku ukaldi baten beha. - Anderea, hobe duzu ene autoan sar zaitezen. Beroago izanen zira. Gazteak, lehen aldia du holako lana gertatzen zaiola. Kasu honetan nardagarriena “krika” atzemaitea eta behar bezala erabiltzea da. Baina, azkenean, errota aldatu dio. Tresnak altxatu, eskuak torratu eta andereari: - Ateratzen ahal zira. Auto prest duzu! - Zenbat zor dauzut? Edozein prezio! - Deus ez! Mutikoari ez zaio oroitu ere dirurik galda zezakeenik. Andereak, abiatzean, ez du aski hitz ederrik mutikoa eskertzeko. Handik kilometro batzutara, andere xaharra ostatu xume batetan gelditzen da. Goseak eta hotzak beharturik. Zerbitzariak, neskatoak, irriño batekin, xukadera ekartzen dio, ileak eta aurpegia torra ditzan eta berogailuaren ondoan jarrarazten du. Emazte xaharra laster ohartu da zerbitzaria esperantzetan dela. - Gaixoa, bere haurdunaldiko azken egunetan. Eta lanean hartzera behartua! Partitu aitzin, andereak, 20€ uzten dizkio mahain gainean. Zerbitzariak xehea ekartzeko artean, anderea jada kanpoan da, ilunbean desagertua. Zerbitzariak mahainean xukaderaren plegaduran ikusten du paper bat: “Ez duzu zorrik! Nihaur ere beharretan gertatu naiz!” eta paperaren azpian badira lau hogei euroko billete. - Nola zakien bada sos beharretan nintzela? Gau hartan, oheratzean senar gazteari musu bat emanez xuxurlatzen dio: - Lasai! Antton! Egungo irabaziarekin, gure haurreri Eguberri on baten eskaintzeko manera badugu. Zenbait egun berantago, esperantzetan den ama hunen sukaldean seme gehiena jauzian sartzen da. Ama kexu: - Nun hintzan! Hoin berant sartzeko eskolatik? Eskolako lanak egitekoak. Beti karrika gorri, herrestan, josteta! - Plaza bazterrean nintzan. Etxarteko Domingo kurutzatu dut. Arrunt triste zen. Ezin kontsolatuz emaztea galduz geroz. Elgarrekin ibili gira. Plazako harmailetan jarri-ta lagundu dut negar egiten. Afal-ondoan, aitak, garajetik, bederatzi urteko seme berari oihu egiten dio: - Zaku bat, janariz betea badiagu hemen: irrisa, irina, azukrea eta holako beste gauzekin. Eramanen diok herriaren bertzaldera etorri-berria den familia behartsuari. Badakik hor ama bat baita bere bi haurrekin. - Bihar joanen naiz. Aita! Asteazken arratsaldez izanen dut astia! - Ez! Guk horrelakoak, ez diagu egun argiz egiten. Beharretan den familiari zerbait emaitekotan, gauaz egiten diagu. Zakua, denen isilik, pausatuko diotek ate aitzinean. Biharamunean, etxetik ateratzean, familiako batek zaku betea ikusiko dik. Ez ditek jakinen nork utzi dioten. Herritar bakoitza begiratu ditek atseginekin. Pentsatuz edozein herritar izan daitekeela ongi- -egilea eta bihotz onez denak agurtuko ditiztek. Urtaril honetatik hasiz, egunek argitu ahala, doala guk egin ongia eskutik eskura, argitik argia pizten den bezala.
Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3530. zbk

Jendeari maite duzula erakutsiz etzira sekulan akitzen

Amma

Gure Hitza | 2020/01/09

Hauteskunde urte, gezur urte!

Menane Oxandabaratz

“Zahar hitz, zuhur hitz” liburuxkan horrela zioen erran zahar batek! Herriko bozak laster hor ditugula eta, hiri handi horietan jadanik bazterrak berotzen hasiak baldin badira, ez pentsa herri ttipietan zenbaitzuk ez direla hori gogoan ibilki. Hauteskunde guziak kondutan hartuz martxoaren 15 eta 22an iraganen direnek herritarrenganik interes handiena daukate, nola ez hor presentatzen diren hautagaiak ezagutzen ditugulakoz. Bestalde Herriko Etxea hurbilenik dugun instituzio publikoa izanez garrantzia emaiten du hautesleenganik eta nola ez, gure eguneroko beharreri, gehienik lotuak diren hauteskundeak baitira. Aurtengo herriko bozek beste erronka handi bat ukanen dute, Euskal Elkargoko hautetsiak lehen aldikoz hautatuko baititugu. 2014an izan ziren udalenak eta ondotik Euskal Elkargoa 2016an sortu zen, beraz herriko kontseiluetara hautetsiak hautatzeaz gain, aldi huntan beharko dira ere bozkatu elkargokoak. Garrantzia handia ukanen dute, zeren egitura berri h...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016