Herriz Herri - Senpere (L) | 2020eko Urtarrilaren 23a

Senpere

Senpere

Zinema konferentzia Larrekon ostiralean - Tibeteko kultura deuseztatzea izan da aspaldidanik Txinako alderdi komunistaren xedea. Horra zer egoera deskubritu duen Gilbert Leroy zinegileak, 1985 eta 1987ko urte artean: monasterioak suntsituak, biztanleriaren pobretzea, oihanen desagertzea, presondegiratzeak, baina ere herrialdearen handitasuna, paisaien edertasuna, izugarrizko mendiak eta aire garbi bat. 30 urte berantago Tibetera itzuli da eta ustegabeko ikaragarria aurkitzen du: autobideak, tunelak, treinak, Lhasa eta Shigatse hiri handiak bilakatu dira. Tibetarrek oraindanik haien herrian lekurik ote dute? Galdera hori hor dago beti zalantzan, “Tibet Ombres et Lumières” filmak ongi argitaratzen du. Herriko kultur sailak, Senpereko Kultur eta Ondare elkartearen laguntzarekin antolatzen du ekitaldi hau, urtarrilaren 24an (18:30). Erreserbak egiten ahalko dira 7€tan Euskal-Herriko turismo bulegoetan baita lekuan bertan, ikuskizuna aitzin. Abisuak Udako lanpostuen eskaintzak idekiak dira Herriko-Etxean. Galderak egin behar dira interneten bitartez herriko webgunean, martxoaren 2a aitzin. Xehetasun gehiagorentzat, deitu Herriko- Etxeko harrera: 05 59 54 10 19. Bertzalde Senpereko Futbol selekzioak antolatzen du ohiko Alsaziako “xukrut” famatua, 10€etan ausarkian emaiten duten partea. Otsailaren 1ean eskuratzea, Ibarrun Inharrian arratseko 17:00etarik landa. Beti bezala komeni da erreserbatzea, deituz: 07 71 07 71 59 edo 06 52 19 50 00, azken epea urtarrilaren 30ean, ostegun arratsean. Senpereko Kultur eta Ondare elkarteak plazaratu du Buruxkak deitua den 18. edizioa, hemen aipagai da GR8 ibilbidea baita ere gure herriaren historian baliatu diren bide nagusienak, bereziki Don Jakoberen beilariek erabiliak. Garai bateko militarrek eraiki zituzten defentsarako harresiak “redoutes” delakoak, hauen arrasto anitz ikusten ahal dira Amotz mendia eta Suhalmendi artean. Irakur errexa, liburuxka hori eskuratzen ahal da dohainik Herriko-Etxean eta Leku-Ona prentsa tokian. Orotarik Sutea, horra zer irudi beldugarriak hunkitu duen René eta Jeanine Sanchez-en bizitegia, Amotz auzoan, kaperako hurbilean. Larunbat goizean gertatu da jabeak falta zirelarik, iduriz garajean zagon garbi-gailu batengatik eta sekulako kalte materialak litzateke. Haatik nehork ez du minartu eta pentsatzekoa da beren familia eta ingurukoen artean behar den laguntza ukanen dutela, ez dezatela etsi. Bertzalde joan den ostiral arratsean, Euskal Elkargoko hautetsiek urteko biltzar nagusia zuten Larreko kulturgunean, 350 kide inguruk parte hartu dute. Urte berriko agiantzen hitzaldiaren ondotik denak gomituak ziren zintzur-bustitze batera, Xan Ithourria plazan eraikia zuten animaleko oihal-etxe baten barnera. Kirol berriak Eguberriak aitzin, krakada bat eskainia izan da errugbi-eskolako haurreri eta karia hortan 500 euroko diru laguntza emana izan da haur horien hezitzaileeri. Ekimen hunen buru “Betiko” elkartea, garai bateko jokolariek osatzen dutena, baita “Hamalaura” elkarteko kide batzuk. Lehenbizikoek kirol zelaiko ostatua kudeatzen dute errugbi partidak direlarik eta bertzek aldiz biharamunean harrerako gelaren garbiketa segurtatzen dute. Orainokoan borondate onezko laguntzak ez dira alferrik egon. Pilotan, bi pilotari ohoratu behar ditugu, nahiz ez diren gure herriarendako arizan, bakoitxak Frantziako txapela jantzi du, esku-huska trinketean. Bata Amaiur Jaureguy B mailan Urruñako Bideondorekin eta bestea Patxi Lopez, artekoen mailan Zuraideko Reteguirekin. Txaloak zueri!
Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3532. zbk

Bizitzen hein bat ikasi orduko berantegi da ja xahartua zira.

Louis Aragon

Gure Hitza | 2020/01/23

Elkor noiz arte?

Jean-Louis Harignordoquy

Berari zerbait interesatzen zaiolarik, Frantses errepublikako presidenteak badaki jendea lausengatzen. Horrela jokatu zen G7a Biarritzen iragan zadin. Erran ere zuen eredugarri dela Euskal Herrian bakearen alde egiten dena. Haatik, geroztik ele eder heiek ez dute ondorio onik ekarri. Epaileek euskal preso politiko bat libratzea erabakitzen duen aldi guziz, Estatuko ordezkaria den prokuradoreak dei egiten du, presoa ez dadin kanpora atera. Noiz konduan hartu gogo dituzte Euskal Elkargoak aho batez bozkatu bake bidearen aldeko ageria eta urtarrilaren 11n Baionan bildu 10 000 herritarren deiadar zuzena? Gisa berean, luze doatzi erretreten araudia aldatzearen aurkako lan uzteak eta karriketako elgarretaratzeak. Nehork ez du ukatzen balitaikela kanbiamendu batzuen beharra; oroz gainetik xahar arranda apalenak dituztenek untsa bizitzeko ahalak ukan ditzaten. Nola ez gogoan ukan beren orenak kondatu gabe, irabazi apalentzat lanean ari diren laborariak, beren gain ariza...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Imprimerie du Labourd - Cazenave bidea, 29 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016