Gure Hitza | 2020eko Otsailaren 13a

Androide gidariak

Peio Jorajuria

Euskaltzaindiaren mendeburuko ospakizunak bururatuak dira zenbait denboran huntan. Urte bat pasa iraun dute. Jardunaldiak (biltzarrak) arrakasta handiz iragan dira bai eta ere bazterrean antolatuak ziren ikusgarriak, antzerki, kantu, dantza, erakusketa. Orain bere historiaren bigarren mendeko laneri artoski lotua da erakunde ospetsua, euskararen biziraupena luzara segurtatu nahiz. Anartean, lehen mendeburuko ospakizunek fruitu ederrak utzi dauzkigute. Horietan Baionako Kalostrape jatetxean urtarril bukaeran presentatuak izan zaizkigunak: Berri Gogoa, Euskaltzaindiaren lehen ehun urteak liburua eta Euskaltzaindia 100 urteko laguna komikia (edo istorio marraztua, bande dessinée), bi obrak Juan Luis Zabala kazetariak eta Amaia Ballesteros marrazkilariak landuak. Gaualdi literario hortan berean aurkeztua izan zaigu ere Euskaltzaindia Egunak eta lanak dokumentala, Bernardo Atxaga euskaltzainak proposatua eta Fermin Etxegoienek zuzendua. Euskaltzaindia 100 urteko laguna komikia han berean eskuraturik, naizen komikizalea atsegin handiz lotu zaio obra horren irakurketa laketari. Euskaltzaindiaren ehun urteko bizia zaigu hor erakutsia, hastapen nekeak, gerla zibilaren garai gaiztoa eta ondotikako urte emankorrak, barneko gatazkak isilean utzi gabe. Historia hori guzia bisitatzeko, androideak ditugu gidari. Euskaltzaindia XXI. mendeko modernitatean bete betean sartua delako marka. Alabaina, badakizue zer diren androideak. Jende batzuen itxura daukaten robot batzuk dira. Eta komiki huntan, hastapenean Broussain-E19 androideak dauzkigu Euskaltzaindiaren lehen urteak kondatzen, hots lehen euskaltzainetarik izandako Pierre Broussain hazpandar “berpiztuak”. Ondotik Oleaga-E19 androidearen aldi, Nazario Oleaga bilbotarra. Eta gogotik jarraitzen dugu aitzina kondaketa marraztua... Bai, ezin uka atsegin zinez handia hartu dutala komiki horrekin, batzutan leiendak doi bat luzeak aurkitu baditut ere. Eta hau ere erran behar dut: bitxi eta aldi berean goxo egiten du bidelagun ukan ditugun aurpegi ezagunen buruak ikustea komiki hortan, Piarres Lafitte, Jean Haritschelhar, Emil Larre, Iratzeder, Piarres Charritton eta besteak, gaur egungoak barne. Segi beza luzaz bere lan hain baliosa Euskaltzaindiak, teknologia berriek eskaintzen dauzkiguten tresna modernoekin, euskarak gu denen eta tresna mota guzien beharra badu. Goraxago aipatu dut Xabier Diharce Iratzeder olerkari handia, Belokeko xantre paregabea izana. Oroitaraz dezagun haren sortzearen 100. urtemuga dugula aurtengo hau. Ea ba zer eskainia izanen zaikun karia hortara han edo hemen! Nola biziko ote zuen Iratzederrek gaur Belokeko komentuak hartzen ari duen bihurgune handia? Hain segur ximiko handi batekin. Alabaina, fraide beneditarrak gutituz doaz, eta zahartuz. Androideen baitan ezin konda. Beren komentu nasaiegia ezin atxik. Maite Irazoquik duela bi aste kondatu dauku, “Belokeko izarra” artikuluan, bizpahiru urte barne auzoan duten serora beneditarren komentura joanen direla fraideak, historia hain aberatseko komentua bera Habitat et Humanisme fundazioari utzirik. Guri ere zarrazta handia egiten dauku aldaketa horrek!
Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3535. zbk

Gure Hitza | 2020/02/13

Androide gidariak

Peio Jorajuria

Euskaltzaindiaren mendeburuko ospakizunak bururatuak dira zenbait denboran huntan. Urte bat pasa iraun dute. Jardunaldiak (biltzarrak) arrakasta handiz iragan dira bai eta ere bazterrean antolatuak ziren ikusgarriak, antzerki, kantu, dantza, erakusketa. Orain bere historiaren bigarren mendeko laneri artoski lotua da erakunde ospetsua, euskararen biziraupena luzara segurtatu nahiz. Anartean, lehen mendeburuko ospakizunek fruitu ederrak utzi dauzkigute. Horietan Baionako Kalostrape jatetxean urtarril bukaeran presentatuak izan zaizkigunak: Berri Gogoa, Euskaltzaindiaren lehen ehun urteak liburua eta Euskaltzaindia 100 urteko laguna komikia (edo istorio marraztua, bande dessinée), bi obrak Juan Luis Zabala kazetariak eta Amaia Ballesteros marrazkilariak landuak. Gaualdi literario hortan berean aurkeztua izan zaigu ere Euskaltzaindia Egunak eta lanak dokumentala, Bernardo Atxaga euskaltzainak proposatua eta Fermin Etxegoienek zuzendua. Euskaltzaindia 100 urteko lagu...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016