Zernahi gauza itsusi kondatu
da azken egun horietan. Ez gira
xehetasunetan sartuko. Fama
handiko kirolari ohi zonbait dira
mintzatu salatuz nola denboran
trebatzaile ukan dituzten bizpahiru
gizonek bortxatu zituzten.
Erranez ere zergatik ez diren
menturatu orain arte itsuskeria
horien berri emaiterat. Hortaz
badira hor gaindi gaitzeko eztabaidak.
Lerra-joko batzuetaz
arduratzen den federakunde
bat da naski gehienik inarrosia.
Asko mendekatzen zaizkio
burulehenari. Zerbait bazakiela
aspaldian, zerbait baino gehiago
ere berdin, bainan isilik egon
dela. Berak haatik bere burua
arrunt garbi dauka. Azkenean,
joan den larunbat goizean, bere
kargua utzi du halere, bazterrak
lasai diten lehenbailehen.
Asko gisetarat konda ditazke
egunak! Asteka, hilabeteka, urteka
edo berdin mendeka! Bainan
ere, zendako ez alabainan,
ehunka edo milaka, usaia hori
ez bada ere hanbat sartua ere.
Dena den, aski aditzen dugu
hori egun hauetan, badu orain
mila egun preseski Emmanuel
Macron jarria dela presidenta!
Badira dena goresmen ari zaizkionak
eta badira alde bat dena
arrangura plantatuak zaizkionak.
Berrikitan agertu sondaia
baten arabera %64 dira ez dutenak
batere espanturik, iduritzen
zaiote ez dela batere behar
bezalako lehendakaria. %36-ek
aldiz arras ona daukate. Zonbait
hilabete barne bospasei tanto
baditu galduak halere. Eliseo
jauregian ez dute haatik holakorik
azpimarratzen. Aldiz, biziki
polliki kondatzen daukute jaz
jauregi horrek aitzineko urtean
baino aise sos gutiago xahutu
duela. Kasu eginez arizan baita
eta presidentak berak ere bidaia
gutiago egin baitu, bereziki
Frantziatik kanpo. Nork erran
du ez dela berri onik aditzen hor
gaindi? Hori ez dea berri...
Hauxe da bitxikeria hau ere!
Muriel Penicaud eta Marlène
Schiappa bi ministroak mokoka
arizan dira eta oraino ere
lanak dituzte elgar ezin adituz.
Deputatu batek galdetu zuelarik
hobeki sokorritzea haur
bat galdua zuten burasoak,
aste bat gehiago egoiten ahal
lanerat joan gabe, Muriel Penicaud
kontra agertu zen, hori
sobera gostako zela, eta Marlène
Schiappa oldartu zitzaion
ahoan bilorik gabe. Geroztik,
giroa aldatu da gobernuak ere
gibelerat eginik bainan gure bi
andereak beti hotzean daude,
iduriz segurik biziki hotzean. Eta
biak beti ministro.
Duela bospasei urte gaitz bat
agertu zen Ekialde-Hurbileko
baratze frangotan, makur frango
eginez bereziki tomate landareetan.
Geroztik hedatua da
Europan gaindi. Berrikitan arte
ezagutua etzen birus batek ditu
bazterrak kotsatzen. Gaitza Italiarat
sartua izanik, Espainian
ere izanki naski zonbait kasu,
laborantza-ministroak neurri
bereziak baditu hartuak baratzezaingoari
azkarki emanak
direnek biziki kasu egin dezaten
gaitza sartzen bada ere
Frantziarat ez dadien bederen
biziki heda. Azen ontzeko, edo
izaitekotz aza eta beste baratzeki
askoren kaltetan, beste gaitz
bat ere bada ja Frantzian polliki
sartua, Hego-Ameriketatik
nolazpait ekarri xixari batek hedatzen
duena. Eta erremediorik
ez da! Delako xixari horiek behar
dira lehertu eta erre!
Euskaltzaindiaren mendeburuko ospakizunak
bururatuak dira zenbait denboran huntan.
Urte bat pasa iraun dute. Jardunaldiak
(biltzarrak) arrakasta handiz iragan dira bai
eta ere bazterrean antolatuak ziren ikusgarriak,
antzerki, kantu, dantza, erakusketa.
Orain bere historiaren bigarren mendeko
laneri artoski lotua da erakunde ospetsua,
euskararen biziraupena luzara segurtatu
nahiz. Anartean, lehen mendeburuko ospakizunek
fruitu ederrak utzi dauzkigute.
Horietan Baionako Kalostrape jatetxean
urtarril bukaeran presentatuak izan zaizkigunak:
Berri Gogoa, Euskaltzaindiaren
lehen ehun urteak liburua eta Euskaltzaindia
100 urteko laguna komikia (edo istorio
marraztua, bande dessinée), bi obrak Juan
Luis Zabala kazetariak eta Amaia Ballesteros
marrazkilariak landuak. Gaualdi literario
hortan berean aurkeztua izan zaigu ere Euskaltzaindia
Egunak eta lanak dokumentala,
Bernardo Atxaga euskaltzainak proposatua
eta Fermin Etxegoienek zuzendua.
Euskaltzaindia 100 urteko lagu...