Inbido | 2020eko Otsailaren 13a

Izurrite handiak

Muslaria

Izurrite%20handiak

Mundu guzia hortaz mintzo da, Xinan agertu den gaitz hortaz! Han gaindi, eriak ba milaka eta hilak ehunka. Hirigune handi askotan, jende guziak etxen egon behar, gaitza ez dadien heda, gobernuak biziki neurri xorrotxak harturik. Denetan halako beldur bat sartua edo sartzen ari, nun zoin diren arriskuak, gaitza noraino hedatzen ahal den eta denen buru nolako kalteak egin dezazkeen. Adituen arabera, birus berri bat da gisa hortan agertua. Ez da segur lehen aldia holako zerbait gertatzen dela Hiesa edo sida delakoa ere holaxe agertu zen iragan mendean. Birusak nola sortzen diren, eta nola hedatzen, jakintsunak ere ez dira denak ados, birusak berak zer diren ere xuxen xuxena erraiteko lanak badituzte. Hemeretzigarren mende erditsutaraino, nehork etzuen birusik aipatzen. Tabako landareak joiten zituen gaitz bati ohartzearekin, gauzak hasi ziren doi bat argitzen, hola jakin zen birusak bazirela eta guziz kaltegarriak izaiten ahal. Sail hortan aitzinamendu aipagarrienak 1892koak izan ziren. Gaurko egunean, 3600 birus desberdin ezagutuak dira eta horietarik 130 ditazke abere edo(eta) jendeeri zerbait eritasun emaiten ahal diotenak. Aipatuenak naski griparenak. Urteak jin eta urteak joan, ikasi da ere birusak kanbiatzen ahal direla eta kaltegarri bilakatzen ahal hala etziren zonbait, hiesarekin holako zerbait ditake gertatu. Mundu guzian! Beti izan dira izurrite izigarriak eta mundu guzian gaindi. Gaitz kotsukorrak burrustan hedatzen zirenak. Hedatzaile birusak beraz bainan ere bakteria asko berdin. Luzaz eta luzaz nehork etzakien gaitz horiek nundik heldu ziren, orai frangoren kontra xertoak badira, tratamendu asurtiak ere ba. Lehen etzen holakorik! Historialariek kondatzen dute Grezian gaindi izurrite handi batek errautsi zituela bazter guziak duela 24 mende eta erdi. Beste bat izan zen, hain segur aise makurragoa, ehun bat urte iraun zuena, 541etik 637rat idazle askoren arabera, Mediterraneo itsasoaren bazterreko herrialde guziak azkarki zafratu zituena. Portuzportu zabiltzan itsasturiek hedatu zuten, berak ohartu gabean bixtan da. Zernahi eta zernahi jende hil ziren, bainan xuxen erraiteko nehork ez jakin zonbat! Orduko hiri handienetarik baitzen orain Istanbul deitzen duguna, hango jendetzaren %40-a nunbait han hil omen zen arras epe laburrean. Luzaz, zernahi izurrite izan da ere lepra edo legenarekin. Gaitz horrek joiten zituenak arrunt baztertuak izaiten ziren. Oraino ere ez da aparantziarik ere desagertua. Elizetan urte guziz eske bat egiten da lepradunen sokorritzea gogoan. Erdi aroan aldiz, jin zen helde beltza edo pestea, 1340an agertu zena Turkesta eskualdean, harat Xinatik sartua orobat, eta Europan barna itsuski hedatu. Bost urte barne (1347-1352) gaitzeko makurrak egin zituen, diote 25 miliun jende hil zirela gaitz horrengatik! Helde beltz hori eztitu zen frango laster bainan han-hemenka berriz azkartu ere zonbait urteren buruan. Oraino ere ez da denetan desagertua. Frantzian, berriz agertu zen Marseillan 1720an, Europa ekialdean ibilia zen itsasuntzi batean zirenek ekarria, eta hiria azkarki joa izan zen, 80.000 hil edo beharbada gehixago ere. Gaitza azkarrenean zelarik, jendearen sokorritzeko, ikaragarriko bertutea agertu zuen Marseillako artxapezpikuak, hau izanki François- Xavier de Belsunce, motaz euskalduna. Iragan mendean ere izan zen gaitzeko izurritea, espaiñola deitu zuten griparena. 50 miliun hil, bereziki Xinan, Indian eta Europa guzian.
Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3535. zbk

Gure Hitza | 2020/02/13

Androide gidariak

Peio Jorajuria

Euskaltzaindiaren mendeburuko ospakizunak bururatuak dira zenbait denboran huntan. Urte bat pasa iraun dute. Jardunaldiak (biltzarrak) arrakasta handiz iragan dira bai eta ere bazterrean antolatuak ziren ikusgarriak, antzerki, kantu, dantza, erakusketa. Orain bere historiaren bigarren mendeko laneri artoski lotua da erakunde ospetsua, euskararen biziraupena luzara segurtatu nahiz. Anartean, lehen mendeburuko ospakizunek fruitu ederrak utzi dauzkigute. Horietan Baionako Kalostrape jatetxean urtarril bukaeran presentatuak izan zaizkigunak: Berri Gogoa, Euskaltzaindiaren lehen ehun urteak liburua eta Euskaltzaindia 100 urteko laguna komikia (edo istorio marraztua, bande dessinée), bi obrak Juan Luis Zabala kazetariak eta Amaia Ballesteros marrazkilariak landuak. Gaualdi literario hortan berean aurkeztua izan zaigu ere Euskaltzaindia Egunak eta lanak dokumentala, Bernardo Atxaga euskaltzainak proposatua eta Fermin Etxegoienek zuzendua. Euskaltzaindia 100 urteko lagu...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016