Herriz Herri - Aiziritze-Gamue-Zohazti (NB) | 2020eko Otsailaren 20a

Amikuze

Amikuze

Otsail Ostegunak: otsailaren 20an, “Euskararen haurride, lehengusu eta askaziak” Eñaut Etxamendirekin Lehen bi ostegunetan, sala ttipiegi zen jende guzien kokatzeko! Bi aldietan 80 bat pertsona bildu dira eta pentsatzekoa da hirugarren hitzordu hunek ere jendea mobilizatuko duela ikusiz gaiaren garrantzia. Eñaut Etxamendi azken bi hamarkadetan, denbora osoz ari da gure hizkuntzaren barneak ikertzen, disekatzen, xardakatzen eta berriz eraikitzen. Ez du euskara hizkuntza isolatu gisa ikusten, eta metodo konparatiboa baliatuz, grekera zaharra eta latina ditu bidelagun, horiekin sanskritoa, errusiera eta Europa edo Ekialdeko hamarnaka hizkuntza ezagun eta ez hain ezagun. Aski hedatua da jakintza ofizialen guneetan, euskarak ez duela deus ikustekorik bere inguru hurbileko hizkuntzekin, nolazbait zerutik jautsi meteorito bailitzan. Bizkitartean, populuen migrazioak begiratzen badira, bereziki glaziazio handien garaieri buru egin izan genuenean eta ondotik nola Europa berriz populatzen den eremu bildu batetik abiatuz, ohartzen gira betidanik Euskal Herri eta Pirinioak Europako populuen bilgune, abiapuntu eta etengabeko pasaia gune izan direla. Populuen mugimenduek diotena, Eñaut Etxamendik hizkuntzen konparaketan begiratzen du: urrunen dirudi dutenak, uste baino hurbilekoago ditugu agian! Zein diren linguisten egiteko moldeak, zein den berak erabiltzen duen lan moldea eta nundik datorren metodo hori, nola lan egiten duen eta zein diren bere ondorioak, huna gure linguistari pasatu diogun komanda. Eta bidenabar, galdeginen diogu zein den beretako lan animale hunen funtsa, interesa eta geroa, gurea bezalako hizkuntza indartsu baina mehatxatuarentzat. Hitzordua emana da ostegun huntan (20:30), Donapaleuko auzitegi karrikako gelan. Massondoren zerrenda plazaratua Donapaleun “Aintzina Donapaleu”, Charles Massondok herriko bozeri buruz aurkezten duen zerrenda plazaratua izan da joan den asteburuan. Azken aldian ez bezala, orainko auzapezaren oposizionekoak abertzaleekin bateraturik partitzen dira herriko gakoak eskuratzeko. Beren webgunean (saintpalais2020. fr) atzeman daitezke beren zerrenda eta programa. Donapaleuko erakargarritasuna, ekintzen gardentasuna, harreman sozialen sendotzea, osasun erakundeetan inbestitzea, kulturaren babestea, Euskal Elkargoarekin konfiantzaz lan egitea, ingurumenari buruz jarrera aldatzea... dira beren proiektuko ardatz nagusiak. Bilkura publiko bat antolatuko dute martxoaren 12an (20:00), Airetik salan. Aste astronomikoa Donapaleun otsailaren 22tik 29a arte Otsailaren 22tik 29a arte, izarreri beha egoiteko parada emana da Donapaleun plantan ezarria izanen den planetarioan! Hau, Frantsiskanoen etxe ohiaren gibeleko aparkalekuan ezarria izanen da. Animazio ezberdinak antolatuak izanen dira aste hortan: - Otsailaren 22an ibiakoitzez (10:30) eta 26an astezkenez (17:00) zerua ikertzen ahalko da animatzaile aditu baten laguntzarekin. Animazio hauek 7 urtez goitikoeri itzuliak dira - Otsailaren 26an (16:00) bost urtez goitikoendako ipuin batzuk kondatuak izanen dira - Otsailaren 28an ostiralez (19:30) astronomo eta tresna egokiekin, zerua eta izarrak behatzen ahalko dira. Gauak freskoak izanez, pentsa berogailuen ekartzera. Denbora txarra bada, ezeztatua izanen da. Aktibitate hauetan parte hartzeko, izenak aitzinetik eman behar dira: 0559652872 edo https:// mediathequeamikuze.fr Xiberotarrak taldearen kantaldia Donapaleun otsailaren 29an Amikuzeko eta Irulegiko irratiek kantaldi bat antolatzen dute Xiberotarrak talde famatuarekin, otsailaren 29an, ibiakoitzez (20:30), Donapaleuko Saint-Louis zine gelan.
Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016