Herriz Herri - Senpere (L) | 2020eko Otsailaren 20a

Senpere

Senpere

Iragan gertakariak Pasa diren egunetako bi ekitaldi nahi nituzke aipatu, biek ere herritar andana bat ekarri baitute Larreko salarat, beren ikusmina xorroxtu nahian. Zinemari doakionez, aurkeztua izan zauku “Le Chemin d’Ernoa” Louis Delluc zinegileak grabatua 1921 urtean, film mutu moduan. Kondakizunaren istorioak ez zuen baitezpadako garrantzirik, haatik irudietan gure eskualdeko anitz xoko agertu dira, lasterregi iduriz. Halere garai hartako Senpereko karrika ongi erakutsia izan da, baita nahas-mahas Azkaine, Behobia, Bidarte, Urruñako tren geltokia eta bertze. Merezi luke orduko argazkiak konparatzea oraiko irudiekin ohart gaiten zer aldaketak izan diren mende bat barne. Bertzalde, BECtso saioak bere aldetik bertsuzale asko bildu ditu, Herri Urrats-i laguntza ekarri nahiz eta nehori ez zako dolutu bere ateraldia. Goi mailako bertsulariek ikustaldi bikaina eskaini baitute, lehiaketako izpiritua bazterrera utzirik beren trebezia hoberenean arizan dira publikoaren atseginetan. Alabainan ariketako gaiak ez ziren baitezpada errexak, erran nezake korapilatsuak zirela, holakoetan erakusten dute beren irudimen eta mugarik gabeko talendua. Ongi txalokatuak izan dira, berriz etor daitela lehenbailehen. Denetarik Otsaileko azken igandean eta hilabetero bezala, elizako plazan emanak izanen dira mutxikoak eta bertze (11:30- 23:30), Saltoka Ttikik animaturik. Ihauterietako giro alaia balia daiteke, dantza ezagun horietan parte hartzeko. Bertzalde, Urdazubiko Arrantzaleen (AAPPMA) elkartearen biltzar nagusia iraganen da, igande goizean otsailaren 23an 9:00etatik lekura, Denen Etxean. Udako lan eskaintzen epea ari da hurbiltzen, martxoaren 2a, galderak egin behar dira lehenbailehen Herriko-Etxean edo hunen webgunean. Herriko bozen berri Aitzineko aldean, Dominique Idiart-ek aurkeztu zuen bere zerrenda, oraikoan Pierre-Marie Nousbaumek berea agerrarazi du, hemendik laster programaren argibideak emanen dituzte. Hirugarren zerrendak agertu behar luke laster, Jean-François Béderède “Senpere Bai”-ren izenean, presentatuak ditu norabide garrantzitsuenak.
Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016