Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2020eko Otsailaren 20a

Uztaritze

Uztaritze

Ur Begiren biltzar nagusia Urtarrilaren 17an iragan zen Lapurdi gelan, auzapeza, hautetsi batzuk eta 110 bat kide hor zirela. Hasieratik Alain Laborde lehendakariak txosten morala aipatu du eta ber denboran erran eskua pasatuko zuela lehendakaritzan. Iragan urteko ekitaldiak (oso desberdinak dituela elkarteak) aipatuak izan dira bakotxa bere arduradunarenganik: Hegoaldean bisitak (Annie Ambroise), antzerkia (Xan Errotabehere), mintzaldi-konferentziak (Aguxtin Errotabehere), Plazerrekin kanta taldea (Anttoni Zubiri), margo eta arte sorkuntzak (Solange Verrichon), mendi ibilaldiak (Bernadette Errotabehere), mutxiko ikastaldiak eta pintxo lehiaketa (Jean-Claude Altzumard), baratzegintza tailerrak (Marie-Jeanne Chaléon) eta azken sortua: Danborrada (Joana Breuillé). Hots denetarik egiten da batere beldurrik gabe. Elkartearen helburua da Uztaritzeri eta bereziki Heraitzeri bizi emaitea, hortako Auzo Baita gela berria ongi baliatzen dutela. Orekatuak agertu diren diru kontuen txostena eta txosten morala, aho batez onartuak izan dira. Aurtengo egitasmoetara pasatuz ekitaldi guziek segituko dute, lehenbizikoetan izanen direla Hartzaro festibalean parte hartzea eta martxoan zehar izanen diren 6 konferentziak (ondoko egunetan aipatuko ditugunak). Zuzendaritza berritua izan da bukaeran eta laster Xan Errotabehere lehendakari berri izendatua izan da, idazkari dela Françoise Vidal eta diruzain Françoise Monteils. Elkarteak gaur-egun 190 bat kide ditu. Uztaritze Adiskidantzako baso baten inguruan bukatu da biltzarra. Mintzaldi Ur Begik antolatu lehen mintzaldia izanen da beraz ortzirale arratsalde huntan (18:30) Lapurdi gelan Hartzaro festibalakari. Gaia: Getariar Juan Sebastian Elkano mariñelaren lehen munduko itzulia. Magellan portuges aitzindari batekin abiatu zen 1519an 5 itsasontzitan eta 239 gizonekin bide berri batzu zabaldu nahiz. Gorabehera asko jasan ondoan azkenean itsasontzi bakar bat 19 mariñelekin heldu zen berriz munduko itzulia eginik Espainiara, Getariarra buru 1522an. Magellan Filipinetan zendu zen. Halere frantses historiak ez du sekulan onartu euskaldunaren balentria. Ibilaldi luze horren berri aipatuko du Rafael Zulaika, Elkano fundazioaren arduradunak. Sartzea urririk. Mus xapelketa Martxoaren 1ean antolatua da Frantziako xapelgoaren kondu mus xapelketa bat Didier ostatuan. Huna nola iraganen den eguna: 9:00ak eta 12:30 artean kanporaketako partidak; 13:30etan bazkaria elgarrekin 25 eurotan, 15:30etarik goiti partiden segida. Parte hartzaile bakotxari 12 euro eskatua izanen zaio izen emaitean. Izenen emaiteko telefonoz egin daiteke bi zenbaki hauetari bati: 05 59 93 06 26 edo 06 37 40 33 89 otsailaren 27a arte. Deneri idekia. Inbido eta hordagoak libro!
Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3536. zbk

Gizon baliosa da duenetik emaiten badakiena.

(Einstein)


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016