Euskal diaspora | 2020eko Otsailaren 20a

Jean Flesher, beti kurri euskalgintzan; Mixel Ducau eta Mattin Lerissa Kalifornian

Joseba Etxarri

Jean%20Flesher_%20beti%20kurri%20euskalgintzan;%20Mixel%20Ducau%20eta%20Mattin%20Lerissa%20Kalifornian

UTAH-EZTERENZUBI. Estatu Batu Mendebalde osoan da ezagutua Jean Flesher. Txoko huntan ere aipatua dugu zenbaitetan, beti ari baita han-hemenka bateko eta besteko euskal ekimen eta ekintzetan. Musikaria da Jean, akordeoia jotzen du, eta Amerikanuak bandako buru fundatzailea da, hainbat euskal bestako musika animatzaile nonahi, Utah-tik Kaliforniaraino, Nevadatik Wyoming-eko puntara... Salt Lake Cityko Euskal Etxean, Monique emaztearekin eta Jean- Jules eta Dominika seme-alabekin, familia zutabeetarik dira Fleshertarrak. Sukaldari gisa, klubeko langile bolondres fina da, Utahko euskal besta eta elgarretaratzeetan beti hor, langile, eta mementua delarik bestagile. Biziki maite du kantuz eta, memorio ederrekoa izanki, artxibo ederra dauka buruan, Ipar Ameriketako euskalduneri buruz, eta euskal kulturari buruz oro har. Izan ere beti maite ukan du zaharrer entzun eta ikastea, eta irakurtzea. ZINEZ ATXIKIA. Iragan urrian, Bilbon munduko euskal komunitateen 7. biltzarra egin zelarik, Estatu Batuetako delegatu jin zen. Eta Bilbon munduko euskal etxeen ordezkari hautatu zuten, Eusko Jaurlaritzaren Aholku-Batzordeko kide. Jende frango estonatu zuen hitzaldi argia eman zuen karia horretara Gasteizen, Eusko Legebiltzarrean, esku-zarta polita bildurik. Bestela ere, baina hola mintzatzen entzunik harro egonen zen doaike Salt Lake Cityn bizi den bere ama Ezterenzubi Ehulieneko Mari Maitia. Belaunaldi hortan --56 urte ditu Jean Flesherrek-- ez pentsa anitz direnik Jeanek bezala euskaldunen lau lengoaiak mintzatzen dituztenak. Euskara bere-berea baitu, nonahiko euskaldunekin ongi moldatzen delarik, Bizkaiko, Nafarroako edo Xiberoko. Eta frantsesez eta espainolez ere bere kondu ikasi du, ongi ikasi ere. Ogibidez eraikuntzan eta baratzetan arizana, egun Euskal Herriko eta Frantziako mubleak, bortak, diseinu eta apaingarriak Estatu Batuetan saltzeko konpainia bat sortu eta aitzinarazten ari da, diseinatzaile eta etxe-dekoratzaile duen emazte Monique (Heguilustoy) Fleseherrekin batera, French Maison LLC izenpean. Negoziokide bila ere ari da. Heldu den asteburuan Jean Fleher Idahoko Boisen egonen da. Kasu huntan, euskal sukaldari gisa, "Ipar Euskal Herriko euskal kozina" moldeak irakatsiko baititu hirian emanen dituen bi ikastarotan. Besteak beste, porrusalda, axoa, ahate errea eta pastiza bat prestatzen irakatsiko die ikasle amerikanoeri, euskaldun eta ez-euskaldun. MIXEL DUCAU eta MATTIN LERISSA. Otsailaren 21etik martxoaren 4ra bisita eginen dute bi kantariek Kaliforniara. Heldu den igandean, 23an, Chinoko Euskal Etxean kantatuko dute. Eta martxoaren 1ean San Frantziskoko Gure Euskal Etxean
Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016