Inbido | 2020eko Otsailaren 20a

Aurten ez da neguko Olinpi-Jokorik

Muslaria

Aurten%20ez%20da%20neguko%20Olinpi-Jokorik

Kirol lehiaketa guzien artean Olinpi-Jokoek badute ikaragarriko fama! Aldi bat baino gehiago fama hori histu badute ere edo diru negozio oker batzuk edo berdin droga istorio nahasi batzuk! Dena den, gure artean jadanik anitz aipu dira 2024ko Olinpi Jokoak, gehienik Parisen eginen direnak. Frantzian izanen direlakotz dira preseski hoinbeste aipu. Eta gure eskualdean aipaldi anitz ukana denbora batez uste baitzuten hor gaindi surf lerra-kiroletako lehiaketak Miarritzen egiten ahalko zirela. Duela zonbait denbora jakin zen, eta hortaz ere arizan ginen, denen buru Tahitin beharrak direla. Tahiti munduaren beste punta batean da nolazpait bainan Frantziaren kondu ekarria da. Beraz, hain urrun izanikan ere, Frantzian izanen dira. Horiek hola, aurten ere badira Olinpi-Jokoak, uda betean hain xuxen, uztailaren 24tik agorrilaren 8rat, eta Japonian beharrak dira. Horiek udako Olinpi- Jokoak bainan nun dira beraz negukoak, elur-tokietan iragaiten direnak? Badira harritzen direnak hori entzutearekin edo hori irakurtzearekin bainan aurten ez da batere neguko Olinpi-Jokorik. Gainerat ez da gauza berria, aspaldixkoan hola izaiten da bainan jendea frango ahanzkor agertzen da frangotan. Neguko joko horiek 1924an sortu ziren eta lehenak muntatu Frantzian, Chamonix herrian. Erabaki zen udakoen urte berean eginen zirela bainan ez toki berean, elur-tokiak behar-eta, ez eta sasoin berean beraz. Errextasun gehiago Badu ja 26 urte aldaketa handi bat izan zela. Arduradunek erabaki zuten neguko Olinpi-Jokoak lau urtetarik eginen zirela, ordu arte bezala, bainan ez udakoen urte berean, bi urteko epea utziz bien artean. Ondorioz, aurten dira udakoak, bainan negukoak duela bi urte izanak Korean eta ondokoak bi urteren buruan beharrak Xinan. Bai eta, hautua ja trenkatua, 2026koak Italian. Adituek diote aldizkatze horrek, bi sailak ez urte berean akulatu behar, gauza frango errexten duela, lana hobeki partikatuz besteak beste. Horiek hola bada gauzaño bat ez dena oraino behinere gertatua bainan noizbait gertatzen ahal litakeena; neguko Olinpi-Jokoak uztailean edo agorrilean egitea, guk uda dugun keinkan, orduan negua izanki jokoak iragan litazkeen herrialdean. Gaztetxoentzat Hasian hasi, beste gauza bat ere behar dugu haatik aipatu. Erran dugu aurten ez dela neguko Olinpi-Jokorik, erran ere zergatik ez den. Salbu hara, bada lehiaketa berezi bat, duela hamar bat urte abiatu sail berria, zointan Olinpi-Joko izena sartzen baita. Hori da Gazteriaren neguko Olinpi-Jokoen saila. Lau urtetarik hori ere, eta udako jokoen urte berean. Horrek ez du batere erran nahi bi urtetarik badirela neguko jokoak. Sail berri hori egina baita arrunt gazteak diren kirolarientzat. 14 eta 18 urte arte hortakoentzat. Ja polliki abiatuak eta aitzina trebatu nahi dutenentzat, gisa hortan errextasun guziak ba lehiaketa horri esker. Aurten bada lehiaketa hori. Edo bazen izaitekotz zereneta ja iragana da. Suisan zen joan den urtarrilean. Arrakasta pollita ukan du. Deneri nagusi errusiar eta suisar gazteak. Balentria gaitzak egin dituena izan da Valerio Jud suisar neska gaztea, 18 urte heldu den uztailean bete behar. Horiek hola, sail hori azkartuz balinbadoa ere, bazterretik batzuk erraiten dute debaldetan ditazkeela horiek oro! Hola segituz alabainan, lurra beti berotuz joanez, ez dela gehiago holako jokorik nihun izaiten ahalko, elurrra eskas izanen dela-eta. Xo, ez gira oraino hortan!
Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016