Jainkoa bizia jendea | 2020eko Otsailaren 19a

Frog-trail Baigorrin

Johanes Bordaxahar

Udaberriko asteburu euritsu batez horra nun Errekagorriko igelak oro biltzen diren Zubizabaleko putzuan. Ehun bat igel trebe dira hor elgarretaratuak lehiaketarako. - Baigorrin muntatzen duten UltraTrail-a mundiala bilakatu da. Zergatik guk, igelek, ez dugu gurea antolatuko? Irteera Zubizabaleko putzutik finkatua dute eta helmuga Belaztai mendi bixkarreko pentzeko xeilan. Hor daude, ur bazterrean, multzoan, ‘Kerra, kerra, zer lehiaketa ederra!’, beren coach-ekin hizketan, kardio-GPS-ak eta tracker-rak kontrolatzen, warming-running- -stretching-etan jardun... "Danba" joan da tiroa. Horra, salto eta brinko, igel guziak arrapaladan errekari gora. Inguruetako xoriak, harrituak, bazterretarik tiruritaka: - Herrestari trauskilak! Ez zirezte sekulan gain hartara helduko. Erronka handiegi ezarri duzue. Itzul zaitezte errekara! Jadanik, maldari gora, larre sasietetik ateratzean bizpahiru dozena gelditu da, bihotza taupaka, zintzurra korropilo. Gorago, Beherekobordako mahastiko harresiari lotu aitzin, basurdea atera zaie: - Tripa zakuak! Buzokek zuetariko zenbait aztaparretan hartu eta eramanen zaituztete. Itzul zaitezte zuen ihiztokara! Hortan, igel zentzudun andana batek, arriskuari oharturik, gibelera egin du. Besteek xori elemenia beti hor dute txioka, trufan: - Zangaluz handiusak! Iguzkiak sarri xahutuko zaituzte! Itzul zaitezte errekara. Bestaldetik, mizpira arbolatik, beleak karrankaz: - Igel ergel, mengelak! Zer asea egin behar dugun istante. Azeriek uzten bagaituzte! Igel tropa pollitak gibelera egin du, beldurra popatik, punpeka, gainbehera. Bitartean, mahasti goienera heltzean dozenaxka bat baizik ez da gelditzen. Gainekobordako pentzean sartzean, ustegabean, kulebra batek igel bat ahoan eraman du. Besteak, errabiaz, itsuki, tematuki, badoatzi aitzina, beti aitzina. Pentzean, ardiak oro bi aldetarik lerroan eman zaizkie. Pietatez, igel ahitueri begira, hauek bihotza ahotik dutela... - Gaizo ttakalak! Akabo! Zuen planta ikusiz, zuenak laster egina du. Bizi piru bat duzueno otoitz bat kantatuko dauzuegu. Aspaldiko aire batean, “Requiem” hasi dira marrakatzen. Kantuak azken bizpahiru igel, hor berean, bihozgabetu ditu. Maixterrengo belardian bakar bat baizik ez doa, azkena. Oraingoan, Maixter-en astoak ikaragarriko arrantza bota du gain hartarik, Errekagorriko haran guzia daldaran ezarriz. Denek, burua apal, hil-zeinutzat hartu dute. “Halabeharra, igel dohakabeak!” Baina ez!! Laster zabaldu da berria, astoak igel baten balentria goraki aupatu nahi zuela. “Bai, bai! Azken igel batek Belaztaiko keheta iragan berri duela!” Maixter-en xakurra, “Pipittin” gain hartako berriketari ofiziala baita, txapeldunari hurbildu zaio. - Biba zu!... Amazing! You are the champion! Zer diozu zure garaipenaz? - Mantxuut! - (oihuka) Se.ku.la.ko – ba.len.tria – e.gin – du.zu.la? -... Kazetaria ohartu da igela harria bezain elkorra dela!! Halere, hunek mikroan mintzatu nahi duela keinu egin dio. - Barkatu! Arras sorgorra naiz! Baina, begiak beharri baititut, ikusi zaituztet bazterretarik bihotz emaiten. Kantuekin animatu gaituzue. Eskerrak nahi dizkizuet eman, zuen laguntza gabe ez nintzen sekula helduko. Senditu dut zuen sustengua, nitan ezarri duzuen konfiantza... Bihotzetik, esker onez, Agur!
Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3536. zbk

Gizon baliosa da duenetik emaiten badakiena.

(Einstein)


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016