Azalekoa | 2020eko Maiatzaren 21a

Ardiak lerro lerro... Garaziko bortuetara !

M.O.

Ardiak%20lerro%20lerro...%20Garaziko%20bortuetara%20!

Maiatzean ohidura den bezala, Garaziko artzainak mendira buruz abiatu dira. Duela zenbait urte ikusten ahal ziren ardi tropak, oinez bortuko bidea hartzen zutela, joareen azantzak bazterrak alegeratuz. Gauzak aldatu dira eta gauregun artzaingoa zertan den jakiteko joan gira David Tourreil, Garaziko Mendi Sindikatuko zuzendariarekin hitzegitera.

Garaziko Mendi Sindikatuaren eremua eta araudiak Garaziko mendi eremua 20 herrik erabiltzen ahal dute: Garaziko 19 herriek eta Suhuskunek (azken hau Iholdi-Oztibarreko lurretan delarik). Orotara 16.889 hektare funts dira, horietan 3.888 oihanak. David Tourreil-ek erraiten zaukun 55.000ko bat ardi dela gain horietan egoiten, guti gora behera 150 bat artzainen ardi tropak. Horiez gain, 3.000ko bat behi eta 600 bat zaldi. Artzain horiek, gehienak etxaldeetan diren laborariak dira, “artzain xoil” deitzen direnak guti direla zioen. Zuzendariak oharra egiten zuen badela Garazi eskualdean fama bat, nun uste den mendietan diren artzain gehienak lurrik gabekoak direla, errealitatea ez delarik horrela. Garaziko bortuetan diren 150 bat etxola horiek Garaziko Mendi Sindikatuaren jabetzaren pean dira eta artzainak lanean ari direno, beren esku gelditzen dira. Segidarik ez delarik eta beste artzain batek hartzeko xedea duelarik, sindikatua jabe izanez, harek du saltzen ondokoari. Etxola bakoitzak bere saroa du, horren arabera dira ardiak bazkan egon behar. Garaziko sindikatuaren proiektua David Tourreil-ek erraiten zaukun egitasmo berri baten plantan jartzen ari direla, artzaingoaren ofizioa hobeki ezagutarazteko, bai eta mendietako ingurumenak. Gasnaren egiteko moldea zein nolakoa den erakutsiz, nahi dute ere gasnaren gostua ezagutarazi. Bortuko gasnak duen gostu berezia zergatik duen, garrantzia duela zioen sindikatuko ordezkariak. Beste asmo bat ere badute, etxolan “artzain apairuak” proposatzea. Ez da jatetxeeri konkurrentzia egiteko, baina produktu sinple batzuk eskaintzeko: arroltze eta xingar, talo... baratxuri salda. Janari partekatze horri esker, bi solas eginez artzain baten bizia ezagutzeko parada emanez. Garaziko Mendi Sindikatuak puntu huntaz arduratzeko langile bat hartu du. Azkenik, “Artzainaren bizia” dokumentalaren ekoizten ari dira, Jean-Yves Behoteguy zizelkaria eta Bixoko komunikazio enpresaren laguntzarekin. Artzain belaunaldi desberdinetakoek beren lekukotasuna ekartzen dute, beren ofizioa ezagutarazteko. Film hau, etxolan pantaila handi batean begiratzeko gisan egina da, beti pedagogia xede batekin. Beste gogoeta baten eramaiten ari dira ere, bortuko gasnaren prezioa emendatzea xedea duena. David Tourreil-ek erraiten zaukun ez dela normal kalitateko ekoizpen bat orain den prezioan saldua izaitea (18€/ kiloa). Artzain batek egiten duen lana gehiago balioztatu behar dela zioen. Adibidea emanez, Donibane Lohizuneko saltegi batek ardi gasna 35E kiloa salduko du, irabazi garbi handia eginez, artzain batek egiten ez duena. Mendietako suak Mendiko suen gaia sentsiblea baldin bada, ezin ginen aipatu gabe egon, gaur egun artzainen gain baita ere bortuen zaintzea. Sindikatuko arduradunarentzat dudarik ez da, mendiko suek balio bat dutela. Aspaldidanik den ohidura hunek, zentzu bat duela argudiatzen zuen. “Sua tresna bat da ez dena gelditua denboran, beti sua “tresna” bezala erabilia izan da”, adierazten zuela. Mendiko suak lurralde antolaketa batean kokatzen direla zioen David Tourreil-ek, gehituz Garaziko mendiek ez luketela itxura hori, ez balire egiten. Adibide batzuk emaiten zituen, Portugalen, Australian edo Estatu Batuetan, berriz hasi direla bazter batzuri su-emaiten, bazterrak garbi izaiteko. Gehiago klima aldaketak ekartzen ahal duen eraginak arrangurak emaiten dizkio, horrek baitu kalte gehiago ekarriko, sistemaren aldaketari. Bere iduriko alor huntan ere pedagogia lan baten beharra senditzen du, gauza anitz entzuten direla eta gehienetan argumentuak ez direlarik oinarrituak. Artzaingoaren segida Laborantza saila hunkia izanez, nun etxaldetan segida ez den beti segurtatua, ildo beretik artzaingoak ere jasaiten du etxola batzuk hutsak izaitea. Hau dela eta, Garaziko eremutik haratago, auzo herri batzuenganik galdeak ukanez, sindikatuak erabaki du artzain horier etxolak alokatzea, beti baldintza berdinetan. Hunekin batean bortuan egoiteko egonaldia ere laburtuz doala erraiten zaukun. Garaziko eta Aezkoako bortuen arteko akordioa Garaziko eta Aezkoako ibarren artean, XV. mendeaz geroztik hitzarmen bat izenpetua da, bortuetan diren kabalen ibilbidea edo saroa finkatzeko. Mendien arteko akordio horiek “Fazeria” deituak dira, 450. urteurrena ospatu zelarik, harri bat ezarria izan zen nun irakurtzen ahal den “1556 - 2006 Aezkoa Garazi fazeria”. Araudi hori iduzkiaren arabera egina izan zen, nun baimentzen duen egunaz ardiak bazkaleku batean egoiten ahal diren eta gauaz berriz etxoletara hurbildu behar diren. Ohidura hori beti atxikia da, urtero bi mendi sindikatuen artean akordio bat izenpetzen dute, baliatuz besta baten antolatzeko.
Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3545. zbk

Norbeitek ez badu deusik erraiteko eta hala ere zerbeit erran nahi, beti gaizki mintzatzen da.

Voltaire

Gure Hitza | 2020/05/21

Eta orain?

Janbattitt Dirassar

Ez bide da deusik irabazten gure solasetan dena itzuli-mitzuli artzearekin. Mintza gaiten beraz garbiki, deplauki aitortuz ez dakigula norat ari giren mundu guzian gaindi hoinbeste makur egiten duen gaitz izigarri horrekin. Orainokoan jakintsun handienek ere ez dakite xuxen xuxena erraiteko segurik, zer den koronabirus deabru hori. Zer den berenaz, nola hazten den eta nola hedatzen. Gauza frango ikasi da bizpahiru hilabete barne bainan beste frangoren ez jakinean gaude. Ikusten duguna da, ikusten eta senditzen, holakorik ez dela naski behinere gertatu, salbu beharbada Erdi- Aroan peste izurrite ikaragarri bat izan zelarik. Arrunt nahasiak gabiltza. Segur, lau asteko konfinatze luze bat jasanik, hein bat latza bainan gure onetan zena, gaitza etzadien sobera heda, etxetik ateratzen bederen ahal gira, hori bera ez baita guti. Joaiten ahal gira guhauren gusturat Hendaiatik Santa Grazirat edo Saratik Pauerat. Baimen berezirik gabe eta nehori ez erraiterik zertarat goaze...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016