Ez bide da deusik irabazten gure solasetan
dena itzuli-mitzuli artzearekin. Mintza gaiten
beraz garbiki, deplauki aitortuz ez dakigula
norat ari giren mundu guzian gaindi hoinbeste
makur egiten duen gaitz izigarri horrekin.
Orainokoan jakintsun handienek ere ez dakite
xuxen xuxena erraiteko segurik, zer den koronabirus
deabru hori. Zer den berenaz, nola
hazten den eta nola hedatzen. Gauza frango
ikasi da bizpahiru hilabete barne bainan beste
frangoren ez jakinean gaude. Ikusten duguna
da, ikusten eta senditzen, holakorik ez dela
naski behinere gertatu, salbu beharbada Erdi-
Aroan peste izurrite ikaragarri bat izan zelarik.
Arrunt nahasiak gabiltza. Segur, lau asteko
konfinatze luze bat jasanik, hein bat latza bainan
gure onetan zena, gaitza etzadien sobera
heda, etxetik ateratzen bederen ahal gira, hori
bera ez baita guti. Joaiten ahal gira guhauren
gusturat Hendaiatik Santa Grazirat edo Saratik
Pauerat. Baimen berezirik gabe eta nehori ez
erraiterik zertarat goazen holako edo halako
tokirat. Itsas hegi hortan berriz ibiltzen ahal,
mendian ere ba. Multxo ttipika bederen. Eskolak
idekitzen ari, saltegi eta lantegi frango ere
ba, giro hobea da hor gaindi. Hatsa hobeki
hartzen dugu.
Ezin gorde haatik badela oraino bide luzea
egiteko gauzak beren usaiako tornurat jiteko.
Ostatu eta jatetxeak hoin aspaldian zerratuak,
ekainean idekitzen ahalko diren ere ezin erran
segurtamenekin. Hori ere makur handia. Bestalde,
hoinbeste besta eta ikusgarri ezabatuak
edo gibelatuak, ez dea zinez kezkagarri?
Konparazione, Herri-Urrats ez da egin maiatzeko
bigarren igandean. Aski karkulatzen ote
dugu zer den Herri-Urrats hori? Besta eder bat
bistan da, guziz argia eta koloretsua, denek
euskararen alderateko atxikimendu kartsu bat
agertuz. Mundu bat bilduz Senpereko aintziraren
inguru xoragarri hortan. Besta arraroa
ez da dudarik bainan denbora berean parada
gaitza ikastolen azkar laguntzeko, badutelarik
preseski holako laguntza baten beharra! Eta
ez guti! Azken berrien arabera, arte huntan ez
bada makurragorik, Herri-Urrats irailaren 20an
izaiten ahal litake. Ondarearen egunak beharrak
ditugun asteburu berean. Artetik erraiteko,
euskara eta ikastolak ez direa hain xuxen
gure ondarearen lore ederrenetarik?
Bainan Herri-Urrats bezala, zonbat hitzordu
balios ez dira ezin segurtatuak izanen giroa
hoin minbera deno! Hala nola herriko bestak
anitz tokitan. Eta hoinbeste ikusgarri, gure kulturaren
lekuko direnak, lekuko ezin aski preziatuak.
Eskas handia izanen da eta anitz gisetarat!
Gainerat, gibelatzen ahalko direnak noiz
eginen dira? Denak udazken hastean, kasik
denak betan edo betantsu? Elgarri itzal handia
eginez orobat.
Bai, arrunt itsu-mandoka gabiltza. Hori ageri da
ere, beharbada oraino gehiago, ez dugu besterik
entzuten, ekonomiaren alorretan. Lantegi
frango keinka txar batean dira, ez jakin zeri
buruz doatzin. Aski lan ukanen duten beren
langile guziak ezin atxikiz aitzina segitzeko.
Sal-erospenen gora-beherak nolakoak izanen
ote diren. Turismoaren sail berezi hortan ere,
zonbat arrangura! "Aurten ez da sasoinik izanen
" diote batzuk. Beste frango baikortxago
daude halere. Ez dela ingelesik ikusiko, ez eta
alemanik, paristar guti ere hain segur. Bainan
hurbilagoko jendea jinen dela, nehork uste
baino gehiago berdin, konfinatzea aitzina
arintzearekin, etxetik ehun kilometro baino
urrunago joaitea haizu izanez. Segur, hori
hola gertatzen ahal balitz, ez litake hain gaizki
denen buru. Salbu hara, ez gira oraino hortan.