Heriotze – Bide-Arteko Koxe
Mari Marisco zendu zaigu 89
urtetan (uztail erditan egin beharrak
zituen 90). Oraindik pixkor
zen eta deskonfinamenduaz
baliatu nahiz, Donibane Garazirat
joana zen, lorios. Maluruski,
eroriko bat egin du karrikan eta
buru hezurra hautsirik altxatu
dute sokorritzaileek, eta berehala
eraman Donapaleuko ospitalera.
Zorigaitzez, han eman du
azken hatsa. Urritzateko errekako
Senperenbordan sortua zen,
sei haurrideetarik hirugarrena.
Geroxago, Bidegorrietara joan
zen familia bizitzera, aitamek auzoko
etxalde hori erosirik. Aritzakungo
Itsusiko Mayi Bordarekin
ezkondurik, Bidarrairat etorri ziren
bizitzera, lehenik Turxilbeherean,
ondotik berek eraikitako
Bide-Artean. Seme bat ukan
dute, Jean-Pierre. Koxe Mari
ttipia deitua zen hemen, alabainan
bazen bertze Koxe Maririk
herrian, hala nola Koxe Mari
handia. Ofizioz laborari ekarria
zen Koxe Mari ttipia, bainan ez
dut sekreturik salatuko erranez
kontrabanda munduko pertsonai
garrantzitsuenetarik bezala
ezagutua zela. Koxe Marik eta
Mayik urte urosak bizi izan dituzte
beren hiru alaba ttipiekin,
Kattalin, Graxi eta Añarekin, eta
ere beren hiru arra-haur ttikiekin.
Azken agurrak eginak izan zaizkio
Koxe Mariri, gaurko egoera
sanitarioak behartzen dituen
neurri mugatuetan, Donibane
Garaziko hiletxean eta astelehen
arratsaldean gure herriko elizan.
Gure partetik, Mayiri, Jean-
Pierre eta Moniqueri, hauen hiru
alaba eta bizilaguneri eta haur
ttipieri, bai eta jendaki guziari
gure doluzko agurrik zintzoenak.
Bertzalde, jakin dugu ere Brigitte
Crouzat gure herritarraren ama
zendu dela, eritasunez, Chalon-
sur Saône aldean. 83 urte
zituen. Familia huni ere gure
dolumin bizienak.
Eskolatik zenbait berri – Deskonfinamenduak
ekarri duen
sartze berri bitxi huntan, herriko
eskolako 36 ikasleetatik
14 berriz
hasi dira, erakasleek
auzapezarekin adosean ezarri
neurrien errespetuan. Lehen bi
asteetan 14 ikasle beraz, eta
ondotik 6 ikasle gehiago dira
abiatuko. Buraso batzuk haatik
deliberatu dute beren haurrak ez
batere eskolara igortzea, heldu
den buruileko sartzea arte. Eta
jantokian, hor ere neurriak errespetatu
behar-eta, bi zerbitzutan
jaten dute haurrek.
Mendi lasterketak ezeztatuak
Heldu den uztailaren 18ko
mendi maratoia eta maratoi-erdia
ezeztatu ditu Baztandarrak
elkarteak. “Erran gabe doa pena
haundia dela, bainan helburu
nagusia da gure arteko bakotxa,
elkarteko kide, lasterkari, laguntzaile,
atera dadin osagarri
onean epidemia huntatik” dio
elkarteak. Eta hitzordu berri bat
finkatuko du heldu den urterako.
Herriko kontseilu berria
Gobernuak erabaki du maiatzaren
18tik harat beren karguan
jartzen ahalko direla martxoan
gehiengo osoz hautatuak izan
diren hautetsiak. Gisa hortan,
onodko egunetan izendatuak
izanen dira gure herriko auzapeza
eta axuantak.