Deskonfinamenduko lehen urratsak Amikuzen
Zortzi asteren buruan,
konfinamendutik ateratzen
hasi gira. Bakoitzak
bere maneran. Ez
da segur krisi aitzinean
ginuen giroa ukanen
dugula ondoko aste eta
hilabetetan. Macronek
gerla hitza aipatu zuen
birusaren erasoa izendatzeko,
ez zen segurenik
hitz egokiena zeren
eta gerla finitzen delarik
denak dantzan eta elkar
pottaka hartzen dira!
Gure kasuan ez du iduri
holakorik izanen denik mementoan bederen.
Amikuzeko herrietan, eskolak berriz abiatu dira. Arberatze, Arboti,
Arüe, Domintxine eta Etxarri bateratzen dituen elkartean (RPIan),
haurren erdiak lehen astean eskoletarat joan dira. Ama eskolako
ttipiak sartuko direlarik aste huntarik goiti, hiruetarik bi izanen dira.
Euskal Elkargoak hornitu dituen maskak etxeetarat heltzen ari
dira emeki-emeki. Bestalde, maiatzaren 11tik goiti hondarkin guziak
berriz bilduak dira, kesa horiak barne.
Donapaleuko merkatua berriz abiatu da eta saltetxeek ere beren
ateak zabaldu dituzte. Anitzek espero dute, ekainaren lehen egunetan,
ostatuek eta jatetxeek ere berdin eginen dutela.
Duela zonbait aste, konfinamendua hasi zelarik, Garruzeko Ñoelek
asmatu zituen bertsu batzu, Herria kaseta huntan pasatu genituenak.
Berari, galdegin diogu konfinamendutik ateratzean zer erran
zezaken. Huna bidali dauzkigun bertsuak beti “Aita semeak tabernan
daude” airean kantatzen ahal direnak.
Errepika:
Etxe zokotik ateraturik, gira hamekaz geroztik
Etxe zokotik ateraturik, libro konfinamendutik
Bi hilabetez gelditu eta, berriz mugitu gaitezke
Paperik gabe, baimenik gabe, ehun kilometro arte.
Erran daukute eritasunak, gibel egina duela
Bainan halere kobibirusa, beti bizirik dagola.
Iduri luke Euskal Herriak, ez direla hainbat joak
Hortaz eskertu behar ditugu, erizain ta medikuak.
Ez gaiten lotsa garaituko da, kobidaren iruzurra
Goresten bada elkartasuna, irabaztea segurra.
Bi hilabetez konfinatzeak, froga bat ekarri dauku
Ahal dugula sufritu gabe, bizi-moldeak aldatu.
Bizi-moldeak aldatu eta, gozatu udaberria
Sasoin hunekin loratuko da, nahi dugun libertatea.
3545. zbk
Norbeitek ez badu deusik erraiteko eta hala ere zerbeit erran nahi, beti gaizki mintzatzen da.
Ez bide da deusik irabazten gure solasetan
dena itzuli-mitzuli artzearekin. Mintza gaiten
beraz garbiki, deplauki aitortuz ez dakigula
norat ari giren mundu guzian gaindi hoinbeste
makur egiten duen gaitz izigarri horrekin.
Orainokoan jakintsun handienek ere ez dakite
xuxen xuxena erraiteko segurik, zer den koronabirus
deabru hori. Zer den berenaz, nola
hazten den eta nola hedatzen. Gauza frango
ikasi da bizpahiru hilabete barne bainan beste
frangoren ez jakinean gaude. Ikusten duguna
da, ikusten eta senditzen, holakorik ez dela
naski behinere gertatu, salbu beharbada Erdi-
Aroan peste izurrite ikaragarri bat izan zelarik.
Arrunt nahasiak gabiltza. Segur, lau asteko
konfinatze luze bat jasanik, hein bat latza bainan
gure onetan zena, gaitza etzadien sobera
heda, etxetik ateratzen bederen ahal gira, hori
bera ez baita guti. Joaiten ahal gira guhauren
gusturat Hendaiatik Santa Grazirat edo Saratik
Pauerat. Baimen berezirik gabe eta nehori ez
erraiterik zertarat goaze...