Jainkoa bizia jendea | 2020eko Maiatzaren 21a

Hontarzün eta lanik beharrenak

Jean-Louis Davant

Birüs ezdeüs batek mündüaren erdia etxen zerratürik etxeki deikü. Karia hortara, ahatze düenak berriz ikusten dü zoin diren bizitzeko gaüzarik beharrenak: aire hona, hur garbia, janari sanoa, osagarria, xahütarzüna, arropa, aterpea, alkarrekin berrikatzea, alkar lagüntzea, behar delarik hara-honarakatzea, eta horien güzien ükeiteko, adinean gireno lan egitea. Beharrüne horiez arta hartzen düen langile mota zonbaiti esker, bizia aitzina joan da konfinamentü / zokoalatze denbora hortan: medezi, erizain eta botikari, laborari, agro-janaritzako langile, kamiu gidari, salgietako kütxazain, zikinontzi biltzale, bazter eta barne xahazale, postari, elektrizista, ütürgin / plonbier, irakasle, bankuko enplegatü, süehaile, polizia, soldadu zonbait, füntzionari eta beste... Ofiziorik beharrenak, üsü bortitzenak, apalenak, mesperetxatüenak eta merkeenak. Bai eskerrak, eta gero agian zerbait haboro ere gisa batez kanpoan zerratürik egon diren jente horier, denen zerbütxüko laneala behartürik, beren osagarria lanjerean ezarriz, eta zonbaitek bizia galdüz. Orai egin ahala badükeie beste ofizio eta lanbide zonbaitek, hala nola dendari / jostünek, etxegintzako langileek, indüstriakoek, libürütegiek, baratzezainek, arimen artazaleek eta ezpiritüen betatxazaleek, bereziki apez eta psikologek, laster agian ostalerek eta kültürako sorzale, artista, aktür eta enplegatüek... Etxen zerratürik egonez ere, lüzeala plazer güti. Haurrek ezin egona eremü hertsi batetan, gazteek ezin edena lagünak ikusi gabe, etxekoek lan gaitza baten eta besteen egartez, emazte joak ifernüa, beti joilearen bistan, xaharrek pena handia haur eta arrahaurrak ezin ikusiz... Hots, konfinamentü hori dener gogor izan zaikü, lazgarri lüze. Arren aste zonbaitez barnen bizitzea hain neke balin bazaikü, zer erran giniro bizi osoan zerratürik egon behar bagünü? Alta hori da preso diren zonbaiten zortea, bereziki hogeita hamar urte hontan Frantzia pe hortan presoner dauden hiru lapurtarrena. Haier pentsa dezagün azkarki, haien alte ahal dügüna oro egin, zeren Ebanjelioaren arabera, azken jüjamentüan Jinko semeak erranen deikü: gose nintzan, egarri, bülüzgorri, arrotz, eri, preso, eta lagüntü naizü, edo ez naizü... Beste jenterik ere badago lüzaz barnean zokoalatürik, eri eta xaharrak bereziki: haien alte ber gisan ahal dügüna egin dezagün. Egün batez, beharbada lüza gabe, gure aldia dükegü. Geroari ere pentsa. Atzokoaren arrapika izanen ote da? Ber bidetik aitzina joanen girea, egüneko interes llabürrena gogoan, biharamenik ez balitz bezala? Mündüa hola ibili zaikü azken berrogeita hamar urteetan, eta ondorioak hor dütügü denen bistan, ikusi nahi dütügün ber: klimaren berotzea prefosta, bena beste zonbat kalte bazterretan, aski aipatürik direnak. Ekonomia ere zinez hauskor eta minbera, erremedioak eta janariak mündüko beste püntatik behar direlarik. Eta hainbeste jente bide bazterrean ützirik, azkarren TGVa ez beita nonahi eküratzen, ez eta noiznahi, nolanahi. Pandemia hori ez ote da zentzü hon amiñi baten arrapizteko parada? Hala behar lüke. Haatik ez dezagün ametsik egin, partida gaitza beitükegü. Batetik galtze handiak izan dira, bestetik giderretan direnek beren TGVa gero eta zalheago erabili nahiko düe, betiko bürdüin bidetik, besteez axolatü gabe. Doi bat jüstizia nahi düanak badüke zer egin. Burutzeko, gogoan ditut Orioko ermitatik Euskal Telebistaren bitartez igandero meza hedatzen diguten sei pertsonak: apaiza naski, pianoa jotzen duen gizona, eta gaurko elizaren oinarri soziala irudikatzen duten lau andre kantari fidelak. Eskerrik beroenak eta elkartasun agurrak urrutiko Zuberoa naturalki konfinatu honetatik.
Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3545. zbk

Norbeitek ez badu deusik erraiteko eta hala ere zerbeit erran nahi, beti gaizki mintzatzen da.

Voltaire

Azalekoa | 2020/05/21

Ardiak lerro lerro... Garaziko bortuetara !

M.O.

Ardiak%20lerro%20lerro...%20Garaziko%20bortuetara%20!

Maiatzean ohidura den bezala, Garaziko artzainak mendira buruz abiatu dira. Duela zenbait urte ikusten ahal ziren ardi tropak, oinez bortuko bidea hartzen zutela, joareen azantzak bazterrak alegeratuz. Gauzak aldatu dira eta gauregun artzaingoa zertan den jakiteko joan gira David Tourreil, Garaziko Mendi Sindikatuko zuzendariarekin hitzegitera.

Garaziko Mendi Sindikatuaren eremua eta araudiak Garaziko mendi eremua 20 herrik erabiltzen ahal dute: Garaziko 19 herriek eta Suhuskunek (azken hau Iholdi-Oztibarreko lurretan delarik). Orotara 16.889 hektare funts dira, horietan 3.888 oihanak. David Tourreil-ek erraiten zaukun 55.000ko bat ardi dela gain horietan egoiten, guti gora behera 150 bat artzainen ardi tropak. Horiez gain, 3.000ko bat behi eta 600 bat zaldi. Artzain horiek, gehienak etxaldeetan diren laborariak dira, “artzain xoil” deitzen direnak guti direla zioen. Zuzendariak oharra egiten zuen badela Garazi eskualdean fama bat, nun uste den mendietan diren artzain gehienak lurrik gabekoak direla, errealitatea ez delarik horrela. Garaziko bortuetan diren 150 bat etxola horiek Garaziko Mendi Sindikatuaren jabetzaren pean dira eta artzainak lanean ari direno, beren esku gelditzen dira. Segidarik ez delarik eta beste artzain batek hartzeko xedea duelarik, sindikatua jabe izanez, harek du saltzen ond...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016