Azalekoa | 2020eko Maiatzaren 28a

Baionan Etorkinen Pausa

P.C, Diakiteko kide

Pausa deitzen dugu eguerdiko bazkaritik landa egiten dugun loaldi goxoa, laburra bainan indarberritzailea. Izen bera du, PAUSA, Baionan etorkinak errezebitzen dituen egiturak. PAUSA hunek ere nahi du izan goxo, labur eta indarberritzaile. PAUSA bera sortu zen 2018ko azaroan. Hasiak ziren arribatzen saldoan etorkinak, gehienak Afrika beltzetik (Ginea, Mali eta Boli Kostatik bereziki). Beharrezkoa zen zerbaiten antolatzea deusik gabe, teilatu, jateko, arroparik gabe, heldu zirenentzat. Hortakotz behar ziren nahikaria, eraikuntza eta jendeak. Nahikaria. Diakite elkarteak, etorkinen laguntzeko berrikitan sortu elkarteak, egin ditu lehen urratsak, bere laguntzeko zituela kidetzan Etorkinekin, Bestearekin eta La Cimade elkarteak. Baionako Herriak eta Euskal Elkargoak dute segitu, etorkinen laguntzeko eskainiz eraikuntza, jende eta dirua. Eraikuntza. Baionako Herriak bazuen bastimendu zahar bat, aski handia, Aturri ibaiaren bazterrean. Armadari erosia zuen eta geroztik hutsa zagon. Hor da kokatu PAUSA. Jendeak. Badira profesionalak, orotarat 7, Euskal Elkargoak pagatzen dituenak eta bolondresak, Diakite, Etorkinekin eta La Cimadeko kide direnak. Badira elkarte horietarik ehunka, astean zehar, zonbait oren, zonbait egun eskaintzen dituztenak. Xinaurriak dirudite, batzuk karga arin batekin, beste batzuk pisuagoarekin, denak gogo onez ari direnak. Horier guzieri esker da etorkinen egonaldia goxo eta indarberritzaile, nahiz laburra izan. Pundu horiek garatu aitzin, erran ditzadan bi hitz etorkinetaz. Egunero hamarnazka datoz aterbe galde, jateko eske, gizon eta emazte. Gehienak datoz bakarrik, gutiago familia osoarekin, nahiz baden haur parrasta bat, bakar batzuk sortu berriak ere. Guti gora behera, heren bat adin gabekoak dira (15- 18 urte). Kopuru handiena Afrika beltzetik dator, pobrezia gorriak, denetarako gabeziak, ezinbiziak, bidean emanik. Iragana bortitza ukan dute, oraina pisua eta geroa iluna. Esperantzarik gabea. Egoera txar hortarik ateratzeko nahian, esperantzaren leihoa ideki nahian badoatzi iheska, lanjer eta arrisku guziak hartuz. PAUSAk, egunero, kargutan hartzen ditu gizon eta emazte horiek, zahar baino gehiago gazte. Ehun pasa badira gau eta egun. Beren egonaldia eginahala goxoa izan dadien, langile eta elkartekide eskuz esku badabiltza etorkineri laguntza eskainiz. Zerbitzu andana bat proposatzen dute. Hasiz ongi etorriaz, emankorra bainan zauririk ideki gabe. Gero, alabainan, aterbea eta loa: ehun ohe pasa badira barreiatuak gela ideki handi batean. Beharrezkoa ere janaria: hunen biltzea, prestatzea eta zerbitzatzea egunean hiru aldiz. Ahantzi gabe arropen biltzea eta banatzea. Beste postu bat garrantzi handikoa, osagarria eta ongi izaitea: mediku eta erizain andana batek dute beren esku. Bada zer erran ere administrazio lanetaz, hauetan bereziki bidaiatzeko txartelen hartzea eta telefonoak xuxentzea. Bada segur pasta, egitekoa. Bainan ez da ene ustez inportanteena. Egintzetarik urrunago, barnago da errezebitzaileek erakusten duten postura, begirada berezi bat deit nezakeena, humanista. PAUSAn ari diren guzientzat, etorkina, edozoin etorkin, da beren egitekoa. Arras berdina. Lehen auzoaren izaite osoa badu bakotxak, gutarik da, nahiz badiren ñabardura zonbait dutenarekin eta dugunarekin... Goxoa beraz, bihotz altxagarri, nahi du izan PAUSAko egonaldiak. Bainan ez da iraunkorra. Eraikuntza bera ez da egokia hoinbeste jenderen errezebitzeko, dirudi hangar handi bat mukurruraino betea dena, oheak elgarri arras hurbil, garbitzeko xokoak arras xuhurrak, jateko tokiak bezala... Bestalde hastapenetik hola zen xedea, pasaiako, urgentziazko leku baten xutik emaitea. Gisa hortan, salbu eri batzuentzat eta adingabe direnentzat, ez da egoiten PAUSAn. Hiru egunen buruan behartuak dira beren bidaiaren jarraikitzea. Utzi PAUSAko bake eta sosegua eta berriz murgildu segurtasun gabeko mundu batean, anitzetan izigarri gogorra, bihozgabekoa. Badoatzi beraz lerroan lau haizetara, anitzetan Parise alderat, liluraturik, uliak bezala argiarekin. Agian bitzitzen ahalko dute PAUSAko pareta batean irakurtu dutana, papertxo zimurtu eta erdi urratu batean, haur idazkera batekin: "Bizi osoan, badituk bi hautu goizetan: edo berriz etzaten hiz hire ametsa segitzeko edo jeikitzen hiz obratzeko". Lotako ametsa bilaka dadila hezur eta mami etorkin bakotxarentzat! Lerro hauek idatziak izan dira Koronabirusaren krisia aitzin. Geroztik gauzak anitz aldatu dira. Egunetik biharamunerat ateak hetsi dira Pausan. Bolondres kopurua arras murriztu da, hiruzpalau bakarrik egunero, jatekoaren prestaketaz eta banatzeaz, xuriketetaz, arduratzeko. Aldiz Euskal Elkargoak eskaintzen duen langile kopurua handitua izan da. Tokiak ere arramoldatuak izan dira: gizonen eremua handitu dute bakotxaren babesteko, haur eta emazteak zoazilarik urruntxago, Sainte Ursule tokirat. Gisa hortan 114 iheslarik pasatu dute konfinamendu garaia, hurbiletik zaindua zelarik beren osagarria, Médecins du Monde elkarteko laguntzarekin bereziki. Aldaketa horien ondorio zuzena, ez pentsatua bainan zoin altxagarria, da gero eta gehiago beren gain jarri direla atzerritarrak, kasik dena antolatzeraino! Beren esku hartu dituzte orain arte bolondresen eta langileen gain zirenak. Eta hori ez da guti! Beren garatzeaz aktore nagusi bilakatu baitira. Segi dezatela beren geroa beren gain hartzen oztopo guziak gaindituz.
Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

Azalekoa | 2020/05/28

Euskal kultura zertan da?

M.O.

Euskal%20kultura%20zertan%20da?

Izurritearengatik eskuin eta ezker entzun da ikusgarri anitz ezeztatuak edo gibelatuak izan direla. Horren ondorioz kultur sailan ari diren pertsona anitz hunkiak izan dira, gehienak langabezian geldituz. Hau dela eta joan gira Euskal Kultur Erakundeari (EKE) buruz jakiteko egoera zertan den. Pantxoa Etchegoin zuzendariarekin eta Maitena Hernandez kulturaz arduratzen denarekin bildu gira.

Irakurri segida

3546. zbk

Beti uros nahi nuke bizi uros izaitea on baita osagarriarentzat

Voltaire

Gure Hitza | 2020/05/28

Beste lan egiteko molde bat

Menane Oxandabaratz

Martxoaren 16an, Macron presidenteak erran zuelarik biharamunean eguerditik harat ezin izango zela nola-nahika ibili, bat batean enpresa anitzek behar ukan dituzte beren ateak hetsi. Langile anitzek beren laneko ordenagailua beso azpian etxera buruz joan dira, bulegoetan egiten zutena etxetik egiteko gisan. Jadanik artetan aipatzen zen tele-lana delako hori, baina guti ari zen holako maneran lanean, ez zuen holako arrakasta handirik. Birusa horren ondorioarengatik, behar izan dugu ikasi etxetik lan egiten. Irakurtua nuen duela zenbait denbora egina izan zen inkesta batean, emazteak errezago horrela lanean ari direla, gizonak baino. Aipatua zen etxetik artzean tentazioak izaiten ahal direla beste zerbaiti lotzeko. Nihaur horietan izanez, ene esperientzia ttipia nahi dauzuet kondatu. Etxea bulego bilakatu da, eta bulegoa etxe, horrek behartu nau diziplina baten plantan jartzen. Pertsonalki atzeman dut esperientzia interesgarria, gauza baikor eta ezkorrak nahasten di...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Imprimerie du Labourd - Cazenave bidea, 29 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016