Gure Hitza | 2020eko Maiatzaren 28a

Beste lan egiteko molde bat

Menane Oxandabaratz

Martxoaren 16an, Macron presidenteak erran zuelarik biharamunean eguerditik harat ezin izango zela nola-nahika ibili, bat batean enpresa anitzek behar ukan dituzte beren ateak hetsi. Langile anitzek beren laneko ordenagailua beso azpian etxera buruz joan dira, bulegoetan egiten zutena etxetik egiteko gisan. Jadanik artetan aipatzen zen tele-lana delako hori, baina guti ari zen holako maneran lanean, ez zuen holako arrakasta handirik. Birusa horren ondorioarengatik, behar izan dugu ikasi etxetik lan egiten. Irakurtua nuen duela zenbait denbora egina izan zen inkesta batean, emazteak errezago horrela lanean ari direla, gizonak baino. Aipatua zen etxetik artzean tentazioak izaiten ahal direla beste zerbaiti lotzeko. Nihaur horietan izanez, ene esperientzia ttipia nahi dauzuet kondatu. Etxea bulego bilakatu da, eta bulegoa etxe, horrek behartu nau diziplina baten plantan jartzen. Pertsonalki atzeman dut esperientzia interesgarria, gauza baikor eta ezkorrak nahasten direla. Baikorretan, goizetan ez da tarrapatan bidea hartu behar, Baionara heltzean auto lerroek emaiten duen estresa, leku bat atzeman behar... hots etxen askaldu eta ordenagailua piztu, lasai eguna hasi! Egia ere artikulu bat idatzi etxetik edo bulegotik, ez duela horrek deus aldatzen, lana egiten deno. Gisa hortan ikasten da ere bere buruari zorroztasun neurri batzuen emaiten, usaiazko bizimoldetik kanpo. Tele-lana ahalbidetzen du ere, etxen egin behar diren gauza batzuen egitera, usaian lanetik landa egiten direnak, adibidez xuriketak egin edo bazkaria lanean arizanez planteatu, gamela ez delarik prestatu behar. Beste gauza berri bat ere praktikatu dudana, prentsaurrekoetan zuzenean parte hartzeko ordez, bideo-konferentzia bidez eginak izan dira. Hau ere beti etxetik, tenore batean logiziel batean klikatu eta bat-batean agertzen dira beste hedabideetako kazetalariak eta gomita zabaldu dutenak. Prentsa aitzinekoa pantaila baten bidez egina da, hunek ere auto gastu eta poluzio gutiago eraginez. Hor ere lana berdin egina! Funtsean molde berean ere lanerako bilkura batzuk egin ditut, iduri zait lasterrago eginak izan direla, kalaka gutiagorekin eta eraginkorragoak. Etxeko lanak gauza onak ekartzen baditu, hala ere kasu egin behar da, beti horrela arizanez ez lotura soziala galtzea. Ohartu naiz, aste batzuz etxetik lan eginez, egunero ikusten nituen pertsona batzuekin ez gehiago solastatzea, bi berri kurritzea... horrek eskas bat ere sortzen duela. Biziaren oinarri inportante bat baita ere jendarte oso batekin lotua izaitea! Bulego edo lantegi batean lan egiteak, orenak neurtzen ditu, aldiz etxen tentazioa bada, bazkaltzean “to hau ez dinat egin! eta berriz ordenagailu aitzinean plantatzea. Mezu bat sartzen delarik, xilintxa entzutean berehala ikusi behar nork zer igorri duen, eta artetan berehala erantzuna igortzea, hil ala biziko gauza bat balitz bezala! Azken gertakari hauek segur gauza batzuk aldarazi dituztela, ene ustez onerako, beste lan egiteko molde horrek bide berri batzuk ideki ditu. Gure lur maite hau zaindu nahi dugula, bizia garestiago dela... artetan debaldetan zalapartan ibiltzeko ordez, etxetik lan egin denen onerako!
Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3546. zbk

Beti uros nahi nuke bizi uros izaitea on baita osagarriarentzat

Voltaire

Gure Hitza | 2020/05/28

Beste lan egiteko molde bat

Menane Oxandabaratz

Martxoaren 16an, Macron presidenteak erran zuelarik biharamunean eguerditik harat ezin izango zela nola-nahika ibili, bat batean enpresa anitzek behar ukan dituzte beren ateak hetsi. Langile anitzek beren laneko ordenagailua beso azpian etxera buruz joan dira, bulegoetan egiten zutena etxetik egiteko gisan. Jadanik artetan aipatzen zen tele-lana delako hori, baina guti ari zen holako maneran lanean, ez zuen holako arrakasta handirik. Birusa horren ondorioarengatik, behar izan dugu ikasi etxetik lan egiten. Irakurtua nuen duela zenbait denbora egina izan zen inkesta batean, emazteak errezago horrela lanean ari direla, gizonak baino. Aipatua zen etxetik artzean tentazioak izaiten ahal direla beste zerbaiti lotzeko. Nihaur horietan izanez, ene esperientzia ttipia nahi dauzuet kondatu. Etxea bulego bilakatu da, eta bulegoa etxe, horrek behartu nau diziplina baten plantan jartzen. Pertsonalki atzeman dut esperientzia interesgarria, gauza baikor eta ezkorrak nahasten di...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016