Herriz Herri - Azkaine (L) | 2020eko Maiatzaren 28a

Azkaine

Hauteskundeak Ekainaren 28an ditugula iragarri dute berria; beraz, Urruña, Ziburu eta bertze ondoko herri zenbaitetan bezala, Azkainen ere boza emaitera gomitatuak gira. Martxoaren 15ean, lehen itzulian, 5 zerrenda ginintuen lehian, orain arteko auzapezaren taldea ginuelarik boz gehiengoaren biltzaile. Orain lau asteren buruan, herriaren kudeaketa berriz normaltasunera heltzeko, herritar bakotxak eginen du Herriko Etxeko itzulia eta kontseilu berria lanean abiatzeko gai izanen da. Mendekostez elizkizuna Maiatzaren 31n, eukaristia ospatzeko baimena etorri da, segurtasun neurri zorrotzak erabiliz bistan da. Huna betebehar batzuren aipamena: Eliza zolako ate nagusitik sartu, eskuak garbitu, kantuko orriak norberak hartu eta markatu tokian jarri espazioak errespetatuz. Maska emaitea aholkatua da, ez bada derrigorrezkoa ere; Jaunartzea, bere tokian egonez eskura emana izanen da. Aspaldian, Kontziliotik lekora mihian hartzea baztertua zelarik, berriz ikusten zen jestu hori gero eta gehiago! Konfinatuak Salbatoretik Mendekosteko gertakizuna arte, Jesusen lagunak elgarretaratuak beldurti eta uzkur zagotzilarik afaltegian (Cénacle), huna nun etorri zitzaioten Jesusen ibilbidearen ber-irakurketa egiteko argiaren suertea. Eta deskonfinatzeko garaia bizi izan zuten, Mendekostez hartu zutelarik Biziaren Hats berria eta Hats hori nasaiki zabaltzeko indarra geroxago. Jesusen giza- poderean ez zutela gehiago sinesterik izan behar baizik bere bihotzaren erakaspen bikainean zutela Iparrorratza, munduko lau hegaletan aurkituko zituzten haurrideekin bizitzeko. Izpiritua, laguntzailea, sendagilea hartu eta etxetik atera konfiantza osoarekin. Azken igande huntan, Euskal Telebistako leihoan Gipuzkoako Oriotik zuzendua zen ospakizunak sortu daut harridura, han eta hemen kokatuak ziren kantariak denak emazteak, apeza eta gain hartan organo-joile xahar xaharra gizon bakarrak zirela ohartzean. Nun ziren ba oriotar gizonak, denak treinerutan trebatzera joanak? Euskal Elizaren etorkizunaz bi gogoeta egiteko parada eman daut irudi horrek. Beharrik elkartasunezko gizadia eraikitzen jarraikitzeko, Izpirituak emaiten duela kemena, Elizatik kanpo ere sinesten baitut. Bainan, kristau sinesdunen bihotzetan, eta agian Elizan ere, behartsueri eta bihotz urratueri lehentasuna emanez eta bide berriak urratuz joanen garela aitzina sinetsi nahi dut.
Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3546. zbk

Beti uros nahi nuke bizi uros izaitea on baita osagarriarentzat

Voltaire

Gure Hitza | 2020/05/28

Beste lan egiteko molde bat

Menane Oxandabaratz

Martxoaren 16an, Macron presidenteak erran zuelarik biharamunean eguerditik harat ezin izango zela nola-nahika ibili, bat batean enpresa anitzek behar ukan dituzte beren ateak hetsi. Langile anitzek beren laneko ordenagailua beso azpian etxera buruz joan dira, bulegoetan egiten zutena etxetik egiteko gisan. Jadanik artetan aipatzen zen tele-lana delako hori, baina guti ari zen holako maneran lanean, ez zuen holako arrakasta handirik. Birusa horren ondorioarengatik, behar izan dugu ikasi etxetik lan egiten. Irakurtua nuen duela zenbait denbora egina izan zen inkesta batean, emazteak errezago horrela lanean ari direla, gizonak baino. Aipatua zen etxetik artzean tentazioak izaiten ahal direla beste zerbaiti lotzeko. Nihaur horietan izanez, ene esperientzia ttipia nahi dauzuet kondatu. Etxea bulego bilakatu da, eta bulegoa etxe, horrek behartu nau diziplina baten plantan jartzen. Pertsonalki atzeman dut esperientzia interesgarria, gauza baikor eta ezkorrak nahasten di...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016