Jainkoa bizia jendea | 2020eko Maiatzaren 28a

GIZATIARRAGOAK IZAITEN IKASI KORONABIRUSETIK

Jose Antonio PAGOLA

Arras denbora gutian, gure hauskortasunaz jabetzen ari gira gizakiak. Ikusi dugu ez daudela pertsona ahulak bakarrik. Gizadi osoa da ahula. Bat-batean, koronabirusaren pandemiak erakutsi dauku gizateria arriskuan dagoen espeziea dela. Egun gutitan apalago eta zalantzatiago bihurtzen ari gira. Pentsarazten, hausnarrarazten eta gogoetarazten ari zaigu birusa. Biztanleriaz gainezka dagoen mundu huntan ez gira ados jartzen klima-aldaketaren aitzinean erantzuteko, natura hondatuz doalarik, abere-espezie batzuk galtzen… ez da harritzekoa birusak, ekosistemako parte baitira, espero ez bezala jokatzen hastea. Egunotan gisa guzietako gogoetak ari dira zabaltzen gizarte sareetan. Oihartzun handia izan du Eliane Brum idazle brasildarrak iradokitakoak: “Pandemiaren ondorioa klima-krisia dagoeneko askoz emekiago eragiten ari denaren ondorio kontzentratu eta zorrotza da. Birusa laster biziko duguna erakusten ari bailitzaigu bezala da”. Ez dakit egiaz hala izango den. Nolanahi ere, birusa dela medio ez dezakegu gure burua engainatu. Egun bakan batzuetan desegin da mundua gizakiek kontrolatzen ginuelako uste inozoa. Aldatu beharrean gaude gure bizimodua. Guziak espezie berekoak girela erakusten ari zaigu birusa. Behar-beharrezkoa dugu elkartasun handiagoz bizitzen ikastea gizadi osoaren ongia bilatuz. Uneotan mundua gidatzen ari den sistema gizagabea da: pribilegiatu guti batzuk zentzurik eta gizatasunik gabeko ongizaitera eramaten ditu, eta gerizagabeko jendetza ikaragarriak bizitza hondatuta uzten ditu. Sistema hunek ez du uzten herriak ados jartzen gizadiaren ongia bilatzea erdigunean ezartzeko guzien etxea izan dadin lur batean. Kristauek ere pentsatu eta gogoetatu beharra dugu ea nola lagun dezakegun pandemia ondoan gisa gizatiarrago eta solidarioagoan bizitzen ikasteko. Kristau askok ez daki Jesusek mundu huni egin ekarpen garrantzitsuena Jainkoaren egitasmo humanizatzailea sustatzea izan dela, Jainkoaren erreinua deitzen zuena. Egitasmo hau ez da izaitez erlijione bat. Edozein erlijioneren sineste, agindu eta errituez haratago doa. Jesusen arabera, bizitzaren azken misterioa Jainkoa da, guzien Aita. Gizadia bere seme-alaba guzien familia da argi eta garbi. Zuzentasuna, berdintasuna, elkartasuna nagusi izango diren familia bat eratzea izango da Aitak hemen, lur huntan, duen helburu bakarra. Hau da gero eta mundu gizatiarragoa egiteko bidea, nun guziak duin bizi ahal izan gaitezen. Eta baita egun batean, heriotzaz haratago, gizadi guziarentzat biziaren Betea ezagutzeko esperantzaz bizitzen laguntzen gaituena ere fededunak. Guzien aita den Jainkoaren baitan sinesteak aldi huntan lagun gaitzake ez bakarrik espezie bereko kide girela senditzen baizik eta familia bakar bateko alaba eta seme girela. Guziak haurride girela esperimentatuz indartu daiteke elkartasunean hazteko gure gaitasuna. Haurridetasun jarreran biziz gizadi guziaren ongia bilatzera bultza gaitzake, pobre eta behartsuenenganik hasita. Hauxe da Jesusen dei nagusia gizakiei: “Bila zazue lehenik Jainkoaren erresuma eta haren nahiaren egitea, eta beste hori guzia gainerat emanen dauzue” (Matiu 6, 33).
Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3546. zbk

Beti uros nahi nuke bizi uros izaitea on baita osagarriarentzat

Voltaire

Gure Hitza | 2020/05/28

Beste lan egiteko molde bat

Menane Oxandabaratz

Martxoaren 16an, Macron presidenteak erran zuelarik biharamunean eguerditik harat ezin izango zela nola-nahika ibili, bat batean enpresa anitzek behar ukan dituzte beren ateak hetsi. Langile anitzek beren laneko ordenagailua beso azpian etxera buruz joan dira, bulegoetan egiten zutena etxetik egiteko gisan. Jadanik artetan aipatzen zen tele-lana delako hori, baina guti ari zen holako maneran lanean, ez zuen holako arrakasta handirik. Birusa horren ondorioarengatik, behar izan dugu ikasi etxetik lan egiten. Irakurtua nuen duela zenbait denbora egina izan zen inkesta batean, emazteak errezago horrela lanean ari direla, gizonak baino. Aipatua zen etxetik artzean tentazioak izaiten ahal direla beste zerbaiti lotzeko. Nihaur horietan izanez, ene esperientzia ttipia nahi dauzuet kondatu. Etxea bulego bilakatu da, eta bulegoa etxe, horrek behartu nau diziplina baten plantan jartzen. Pertsonalki atzeman dut esperientzia interesgarria, gauza baikor eta ezkorrak nahasten di...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016