Jainkoa bizia jendea | 2020eko Maiatzaren 28a

GIZATIARRAGOAK IZAITEN IKASI KORONABIRUSETIK

Jose Antonio PAGOLA

Arras denbora gutian, gure hauskortasunaz jabetzen ari gira gizakiak. Ikusi dugu ez daudela pertsona ahulak bakarrik. Gizadi osoa da ahula. Bat-batean, koronabirusaren pandemiak erakutsi dauku gizateria arriskuan dagoen espeziea dela. Egun gutitan apalago eta zalantzatiago bihurtzen ari gira. Pentsarazten, hausnarrarazten eta gogoetarazten ari zaigu birusa. Biztanleriaz gainezka dagoen mundu huntan ez gira ados jartzen klima-aldaketaren aitzinean erantzuteko, natura hondatuz doalarik, abere-espezie batzuk galtzen… ez da harritzekoa birusak, ekosistemako parte baitira, espero ez bezala jokatzen hastea. Egunotan gisa guzietako gogoetak ari dira zabaltzen gizarte sareetan. Oihartzun handia izan du Eliane Brum idazle brasildarrak iradokitakoak: “Pandemiaren ondorioa klima-krisia dagoeneko askoz emekiago eragiten ari denaren ondorio kontzentratu eta zorrotza da. Birusa laster biziko duguna erakusten ari bailitzaigu bezala da”. Ez dakit egiaz hala izango den. Nolanahi ere, birusa dela medio ez dezakegu gure burua engainatu. Egun bakan batzuetan desegin da mundua gizakiek kontrolatzen ginuelako uste inozoa. Aldatu beharrean gaude gure bizimodua. Guziak espezie berekoak girela erakusten ari zaigu birusa. Behar-beharrezkoa dugu elkartasun handiagoz bizitzen ikastea gizadi osoaren ongia bilatuz. Uneotan mundua gidatzen ari den sistema gizagabea da: pribilegiatu guti batzuk zentzurik eta gizatasunik gabeko ongizaitera eramaten ditu, eta gerizagabeko jendetza ikaragarriak bizitza hondatuta uzten ditu. Sistema hunek ez du uzten herriak ados jartzen gizadiaren ongia bilatzea erdigunean ezartzeko guzien etxea izan dadin lur batean. Kristauek ere pentsatu eta gogoetatu beharra dugu ea nola lagun dezakegun pandemia ondoan gisa gizatiarrago eta solidarioagoan bizitzen ikasteko. Kristau askok ez daki Jesusek mundu huni egin ekarpen garrantzitsuena Jainkoaren egitasmo humanizatzailea sustatzea izan dela, Jainkoaren erreinua deitzen zuena. Egitasmo hau ez da izaitez erlijione bat. Edozein erlijioneren sineste, agindu eta errituez haratago doa. Jesusen arabera, bizitzaren azken misterioa Jainkoa da, guzien Aita. Gizadia bere seme-alaba guzien familia da argi eta garbi. Zuzentasuna, berdintasuna, elkartasuna nagusi izango diren familia bat eratzea izango da Aitak hemen, lur huntan, duen helburu bakarra. Hau da gero eta mundu gizatiarragoa egiteko bidea, nun guziak duin bizi ahal izan gaitezen. Eta baita egun batean, heriotzaz haratago, gizadi guziarentzat biziaren Betea ezagutzeko esperantzaz bizitzen laguntzen gaituena ere fededunak. Guzien aita den Jainkoaren baitan sinesteak aldi huntan lagun gaitzake ez bakarrik espezie bereko kide girela senditzen baizik eta familia bakar bateko alaba eta seme girela. Guziak haurride girela esperimentatuz indartu daiteke elkartasunean hazteko gure gaitasuna. Haurridetasun jarreran biziz gizadi guziaren ongia bilatzera bultza gaitzake, pobre eta behartsuenenganik hasita. Hauxe da Jesusen dei nagusia gizakiei: “Bila zazue lehenik Jainkoaren erresuma eta haren nahiaren egitea, eta beste hori guzia gainerat emanen dauzue” (Matiu 6, 33).
Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3546. zbk

Beti uros nahi nuke bizi uros izaitea on baita osagarriarentzat

Voltaire

Azalekoa | 2020/05/28

Baionan Etorkinen Pausa

P.C, Diakiteko kide

Pausa deitzen dugu eguerdiko bazkaritik landa egiten dugun loaldi goxoa, laburra bainan indarberritzailea. Izen bera du, PAUSA, Baionan etorkinak errezebitzen dituen egiturak. PAUSA hunek ere nahi du izan goxo, labur eta indarberritzaile. PAUSA bera sortu zen 2018ko azaroan. Hasiak ziren arribatzen saldoan etorkinak, gehienak Afrika beltzetik (Ginea, Mali eta Boli Kostatik bereziki). Beharrezkoa zen zerbaiten antolatzea deusik gabe, teilatu, jateko, arroparik gabe, heldu zirenentzat. Hortakotz behar ziren nahikaria, eraikuntza eta jendeak. Nahikaria. Diakite elkarteak, etorkinen laguntzeko berrikitan sortu elkarteak, egin ditu lehen urratsak, bere laguntzeko zituela kidetzan Etorkinekin, Bestearekin eta La Cimade elkarteak. Baionako Herriak eta Euskal Elkargoak dute segitu, etorkinen laguntzeko eskainiz eraikuntza, jende eta dirua. Eraikuntza. Baionako Herriak bazuen bastimendu zahar bat, aski handia, Aturri ibaiaren bazterrean. Armadari erosia zuen eta geroztik hutsa z...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016