Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2020eko Ekainaren 04a

Aiherra

Aiherra

GOZATEGIA jatetxea ortziralean irekitzen Zonbeit hilabete hetsirik egon ondoan, azkenean GOZATEGIA jatetxea irekitzen zauku, kudeatzaile berriekin. Azken egun hauetan bada mugimendu herri barneko ostatuaren inguruan. Oier eta Carine ari dira jo ta ke tokiaren prestatzen, ortziralean baitute abentura berria hasiko. Aste huntan, ostatuaren telefono zenbakia eskuratu bezain laster, hau ostatuko ateetan afixatuko dute. Horrela bazkari edo afarientzat, aitzinetik erreserbatzen ahalko da. Udako ordutegia plantan ezarriko dute, erran nahi baita astelehen, astearte, asteazken eta igandetan ostatua goizeko 7:30etarik arratseko 7ak arte irekia izanen dela. Ortzegun, ortzirale eta larunbatetan goizeko 7:30etarik gauerdi arte. Zerbitzu tenoreak hauek dira: eguerditik arratsaldeko 2ak arte, eta afariko arratseko 7etarik 9:30ak arte. Eguneko menua 13€tan izanen da: salda, sartzea, plata eta deserta. Menu-kartak ere proposatuko dituzte ortzegun arratsetik igande eguerdi arte, 2 hautu eskainiz, eta kudeatzaile berrien xedea da tokiko ekoizpenak eta baserrietakoak zerbitzatzea. Ongi etorri Carine eta Oier... Bide on! Herriko kontseilu berriak auzapeza eta axuantak aho batez hautatu Joan den martxoan herriko bozak iraganik, azkenean herriko kontseilu berria joan den astelehen arratsean bildu zen, Denen Etxean. 15 kontseilariek, lehen bilkura honetan hartu erabakiak denak aho batez bozkatu dituzte. - Arño Gastambide orain artinoko auzapeza hautagai bakarra zen auzapez izaiteko, eta hau berriz hautatu dute. Hautatu dituzten 4 axuantak edo auzapez-ordeak hauek dira: lehena Frederic Hernandez, bigarrena Maite Oxarango, hirugarrena Samuel Biscay eta laugarrena Chantal Echevertz. Kontseilarien artean lana gehiago eta hobeki partekatzeko gisan, beren artean deliberatu dute axuantak 2 urtetarik aldatzea hemendik goiti. - Ondotik, lan talde ezberdinetan sartzea deliberatu dute kontseilariek, Biga Bat Izturitze eta Aiherraren arteko eskola multzoak 3 ordezkari eta ordezkari-orde berri ukanen ditu hemendik goiti: Arño Gastambide, Chantal Echevertz eta Kattalin Duhalde, Anne Marie Darguy, Maite Oxarango eta Frederic Hernandez - Auzapez eta auzapez-ordeen ordainsariak hauek izanen dira hemendik aitzina: 1567,43€ auzapezarentzat eta 253,42€ axuantentzat. Bilkura hondarrean 500 maska josi zituzten herriko 12 dendariak auzapezak eskertu zituen. Gozategia jatetxearentzat, azken egun hauetan kudeatzaile berriak ari zirela ostatuaren prestatzen aipatu zuten ere, hunen irekitzea herritarrek igurikatzen zutela azpimarratuz. Herriko etxetik abisuak - Maskak Herriko Etxean eskuragarri: Herri Elkargoko bigarren maska banaketa Herriko Etxean antolatua da usaiako irekitze tenoretan. - Herriko ostatuen irekitzea: AUXOTEA, ekainaren 2an, asteartez eta GOZATEGIA, ekainaren 5ean, ostiralez. - Hondarkindegiak berriz irekiak dira, eta zerbitzua hitzordurik hartu gabe baliatzen ahal da, lehen bezala. - Herriko kontseilu berria instalatu da. Maiatzaren 25eko bilkura bilduma herritarrek laster ukanen dute, mailez, eta gisa berean hemendik goiti herritarrek eskuratuko dituzte kontseiluko bilkura guzien bildumak.
Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3547. zbk

Nehork ez daki mundu hau nolakoa izanen den hemendik bizpaiuru urteren buruan.

Roger Pol-Droit

Gure Hitza | 2020/06/04

Aldian aldikoa

Peio Jorajuria

Koronabirusaren izurriteak agerian utzi du osasun zerbitzuen ahulezia Frantzian, eta bertze asko herrialdetan ere funtsean. Urte luzetan ekonomia eta finantzak dira fagoratu Frantziako ospitale publikoetan, osasun alorraren kaltetan. Halaber zaharretxe frangotan. Bada urteak mediku, erizain eta artatzaileak oro ahalbide gehiagoren galdezka badabiltzala. Orain arte debaldetan. Lerrokatu diren gobernu desberdinak deiadar horieri elkor egon dira. Eskasia gorrian izanikan ere, haatik, ikaragarriko lana eraman dute artatzaileek azken hilabete hauetan, izurriteari gogor egiteko, beren osasuna lanjerean emanez frangotan. Iduri luke oraingoan gobernua konturatu dela gauzak behar direla bertzelakatu, osasuna lehen ezarriz, eta ez ekonomia eta dirua. Maiatzaren 25ean abiatu dira “Osasunaren Ségur” delakoaren jardunaldiak (edo biltzarrak), osasun munduko, sindikatuetako eta gobernuko ordezkarien artean. Zazpi aste iraunen dute solasek eta negoziaketek, Nicole Notat...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016