Egun eta bihar | 2020eko Ekainaren 04a

Berri hobeak

J-B D

Duela hiru aste delako konfinatze xorrotx hura arindua izan zen eta aste huntan, berri hobeak izanik osasun zerbitzuen aldetik, beste arintze bat hor dugu, joan den ortzegunean Edouard Philippe gobernuburuak erabili solasen argitarat. Kasik Frantzia guzia kolore berdez ezarria dute, nihun ez da gehiago gorririk bainan Pariseko aldea liranja kolore halere arrisku gehiago badela oraino han gaindi. Eskualde gehienetan beraz berriz ideki dira ostatu eta jatetxeak, nahiz baldintzapean, mahainak elgarretarik hein bat urrun eta holako. Berriz ideki ere kanpalekuak. Etxetik ehun kilometro baino urrunago ez baitzen joan behar, departamendutik ateratzekotan, muga hori hautsi da, nahiz jendeari galdetua zaion ez itzuli luzerik egitea arrazoin handirik gabe, gisa hortan izari baten atxikitzea denen onetan izanen dela. Horiek hola, jende elgarretaratze handiak debekatuak daude eta zinegelak ez dira idekiko ekainaren 22an baizik. Gobernuburuak aski errepikatu du erne ernea behar dugula segitu, eskuak usu garbituz eta maska ezarriz jende asko badabilan tokietarat joaitearekin. Gaitza, gibelerat ari dena, ez dadien berriz azkartu. Iduriz, orokorki, jendeak arras untsa hartu ditu gobernuaren erabaki horiek, anitzek berantetsiak ere zituztenak
Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

Egun eta bihar | 2020/06/04

Laguntzak

J-B D

Gauzak gisa hartarat aldatu baitira, etxe anitz, ttipi eta handi, keinka larrian daude ekonomia- mailan. Hala nola Renault joan den aldian ja aipatzen ginuena. Azken bi hilabetetan, auto berri saltzeak azkarki ttipitu dira. %48z banabeste batean. Emmanuel Macron mintzatu da gaitzeko laguntzak hitzemanez giro hobe baten menturan. Laguntzak auto berriak erosiko dituztenenzat, bereziki erosten badituzte elektrikaz dabiltzanetarik. Laguntzak ere autogintzari emanak diren etxe horientzat, lantegirik ez hestekotan haatik. Bainan arrangurak badira oraino eskualde hortarik. Bestalde ikusi behar hitzeman laguntza horiek askiko direnez.

Irakurri segida

Egun eta bihar | 2020/06/04

Miliarrak

J-B D

Gaitzeko saila akulatu beharra da ere, gostaia gosta, ospitale eta artategien alde. Zazpi aste barne arrunt pikoan ezarriko omen dena. Kontuan hartuz aspaldian eta aspaldian entzuten diren aldarrikapen saminak. Hara hori ere hitzemana. Bainan hori ere zernahi gostako da. Bada gauzaño bat frango bitxia kausi ditakeena. Bat-batean erraiten daukute beharrezko obrak egin behar direla miliarrak gostarik ere. Miliunak aipatzen direlarik hor gaindi, ni segurik durduzatua izaiten naiz, ez baitut diruaren miliunka kondatzeko usaiarik. Eta pentsa beraz miliunen partez miliarrak aipatzen dituztelarik! Dena den, aspaldixkoan, dela Parisetik, dela Europa Batuko agintarienganik, kantu bera enzuten ginuen, sosari biziki kasu eginez behar dela jokatu, zorrik ez gehiago egiteko eta jadanik eginak ttipitzeko, guhauren onetan eta gure ondokoetaz oroituz. Eta orain ez dira batere solas berak, iduri du zorraren emendatzeak ez duela gehiago nehor izitzen.

Irakurri segida

Egun eta bihar | 2020/06/04

Auzapez 19 urtetan!

J-B D

Auzapez%2019%20urtetan!
Herriko bozen sasoin betean gaude oraino eta horra nun jakin den berri bat askitto harrigarria: Ardèche departamenduko Vinzieux herri ttipian (450 biztanle) auzapez hautetsi dute 19 urteko mutiko gazte bat, Hugo Biolley. Maiatzaren 23an hautetsia izan da eta biharamunean, 24an beraz, betetzen zituen bere 19 urteak. Bere ikasketak segitzen ditu Grenoble hirian bainan gero eta usuago bere herrian egonen omen da, bere amaren etxean. Martxoko hauteskundeetan herriko hautagai zerrenda bakarraren buru agertua zen, orain artinoko auzapeza sustatzaile, hunek ez gehiago kargu hori atxiki nahi. Frantzia guziko auzapez gazteena dugu beraz Hugo Biolley eta hala izanen da ondoko egunetan ere nun ez den oraino gazteagoko bat hautetsia izaiten ekainaren 28ko bozen ondotik bainan hori mirakuilu baten gisako gertakaria litake.

Irakurri segida

Egun eta bihar | 2020/06/04

Beste bat

J-B D

Joan den astean idatzi dugu talde berri bat, bederatzigarrena, muntatu zela frantses legebiltzarrean. 17deputatu elgarretaraturik gehienak macrontiar izanak. Eta horra nun hamargarren talde bat agertuko den, beste hainbeste partaiderekin. Hor ere badira macrontiar izanak eta beste zonbait UDI erdiko mugimenduan zirenak. Ondorioz,macrontiarrek gehiengo osoa galdua baitzuten aitzineko astean, boz bakar baten eskasean, orain ahultxago dira oraino, 281 deputatu orotarat, zortzi eskas gehiengo osorat heltzeko. Horiek hola, talde berriak berehala jakinarazi du gobernuaren alde dagoela, Macroni zinez atxikia. Bainan hori hola izanez, zergatik egin dute talde berri bat? Dakienak daki, bainan nik ez dakit eta lanak ditut holako gauzak ezin konprenituz.

Irakurri segida

3547. zbk

Nehork ez daki mundu hau nolakoa izanen den hemendik bizpaiuru urteren buruan.

Roger Pol-Droit

Azalekoa | 2020/06/04

Ibilki hor gaindi... Lilika!!

Ibilki%20hor%20gaindi...%20Lilika!!

Caroline Aphessetche garaztar emazte gazteak igorri zaukun mezu bat, “Lilika” deitzen den proiektuaren berri eman nahi zuela. Gu ere kuriosak izanez, harengana hurbildu gira xehetasun gehiago ukan nahian.

Mendietako gida Caroline Aphessetche ezagutua da, Garaziko inguruetan, duela dozena bat urte “Express Bourriko” enpresa sortu baitzuen. Konpostelako bidean ibiltzen ziren beilarien zakuak eta artetan ibilkariak berak eramaiten zituela gune batetik bestera. Aktibitate hori utzirik beste proiektu bat abiatzer zuen urte hastapen hunta, izurriteak memento batez geldiarazi diona. Halere, gaztetasunak ekartzen duen kemena ukanez, baliatu da hetsialdi hortaz bere egitasmoa aitzinarazteko. Betidanik mendiaren tira bazuela erraiten zaukun, irriño batekin gehitzen zuela, “gazte nintzelarik ere, besta egiteko ordez, mendian nahiago nuen ibili”. Hunen ondorioz, Estatuko Mendietan Gida izaiteko ikasketak egin zituen. Garaztarraren erranetan, ikasketa horiek biziki dorpeak dira, bereziki teknika aldetik burua azkar izan behar dela zioen. Bi urtez ibili ondoan, berriz itzuli zen Euskal Herrirat, eta aitzin aipatu enpresa sortu. Bidaiak ...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016