Euskal diaspora | 2020eko Ekainaren 04a

Chinoko Centro Basco, Buenos Airesko Amalur eta Bakersfieldeko Noriega ostatuak

Joseba Etxarri

Chinoko%20Centro%20Basco_%20Buenos%20Airesko%20Amalur%20eta%20Bakersfieldeko%20Noriega%20ostatuak

CHINO, KALIFORNIA. Los Angeles Times egunkari ospetsuak artikulua argitaratu du maiatzaren 29an Chinoko Centro Basco jatetxeari buruz. Izan ere, pandemiaren karietara jatetxeek hetsirik egon behar izan dutelarik eta ber idokitzeko pertsonen arteko distantzia neurri zorrotzak ezarri behar dituztelarik, kazetak galdegiten du ea posible izanen denez euskaldunen "Basque family style" hori, erran nahi baita mahai eta jarleku luzeen ohidura atxikitzea, elgar ezagutzen ez duen jendea mahai berean jartzeko usaia gorde eta Ameriketako euskal jatetxe historikoetan sormarka eta berezko izaera edo ezaugarria den hori aitzinaraztea. Mahai luzeen moldea euskal ostatuen DNAko parte izan da euskaldunak Estatu Batu mendebaldean ezartzen hasi zirenetik 19. mende erdian, eta hori gabe heien nortasunaren zati garrantzitsua den zerbait galduko litzateke. Monique (Elgart) Berterretche izpurarrak eta bere senar Peyo Berterretche jatsuarrak 1970an erosi zuten Centro Basco ostatua, berez John eta Grace Robidartek 1940an sorturikoa, jatetxe eta kantina, hotela eta pilotalekua dituena. Chinon martxan den ostaturik zaharrena da egun. Artikuluan, Centro Bascoko nagusi diren Berterretchetarrak mintzo dira. Peyo 1999an hil zen eta egun Bernadette (Berterretche) Helton alabak, eta sukaldean Joseph Berterretche semeak kudeatzen dute, ama Moniquek, 89 urte dituenak, oraino maite duelarik gainbegiratu eta superbisatzea. Lekua erreferentzi pundua da euskaldunendako Chino aldean eta lagun eta bezero andana ederra du Chinoko euskaldunen eta ez euskaldunen artean, guziek maite dutelarik bertako "euskal famili estilo" eta euskal- amerikar sukaldaritza molde tradizionala. Chinorendako eta Chinoko euskaldunendako leku zinez garrantzitsua da Centro Basco, lehen, orain eta baita geroari so ere. BUENOS AIRES, ARGENTINA. Jan-edateko aferak hizpide ditugularik, aipa dezagun Ameriketako beste puntan, Buenos Airesen, errentagai ezarri dutela munduan idokirik den euskal etxe zaharreneko --Laurak Bateko-- jatetxea. Jatetxe honi Amalur izena ezarri zion, duela astebete arte bere azken kudeatzaile izan den Shanti Aboitiz euskal-argentinarrak (sortu, Coloradon sortua izan arren). Orain, jatetxea hetsirik pandemiaren karietara, Aboitizek deliberatu du hetsialdia bururatzen delarik ez arra zabaltzea. Lekuaren jabe den Euskal Etxeak, beraz, errentan ezarri berri du. Sukaldea duela guti berritua, bihar berean martxan hasteko maneran omen dago. Interesatuek, igorri proposamenak secretaria@laurakbat. com.ar helbidera. BAKERSFIELD, KALIFORNIA. Eta ez ahantz salgai edo errentagai dagoela baita ere Bakersfieldeko Noriega hotela, bere kantina, jatetxe, kantxa eta hotel zaharrarekin. Hemen ere eskaintzak goaitatzen dituzte, kasu huntan berrikuntzak seguruenik beharrezkoak direlarik. Ausartzen?
Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3547. zbk

Nehork ez daki mundu hau nolakoa izanen den hemendik bizpaiuru urteren buruan.

Roger Pol-Droit

Gure Hitza | 2020/06/04

Aldian aldikoa

Peio Jorajuria

Koronabirusaren izurriteak agerian utzi du osasun zerbitzuen ahulezia Frantzian, eta bertze asko herrialdetan ere funtsean. Urte luzetan ekonomia eta finantzak dira fagoratu Frantziako ospitale publikoetan, osasun alorraren kaltetan. Halaber zaharretxe frangotan. Bada urteak mediku, erizain eta artatzaileak oro ahalbide gehiagoren galdezka badabiltzala. Orain arte debaldetan. Lerrokatu diren gobernu desberdinak deiadar horieri elkor egon dira. Eskasia gorrian izanikan ere, haatik, ikaragarriko lana eraman dute artatzaileek azken hilabete hauetan, izurriteari gogor egiteko, beren osasuna lanjerean emanez frangotan. Iduri luke oraingoan gobernua konturatu dela gauzak behar direla bertzelakatu, osasuna lehen ezarriz, eta ez ekonomia eta dirua. Maiatzaren 25ean abiatu dira “Osasunaren Ségur” delakoaren jardunaldiak (edo biltzarrak), osasun munduko, sindikatuetako eta gobernuko ordezkarien artean. Zazpi aste iraunen dute solasek eta negoziaketek, Nicole Notat...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016