Jainkoa bizia jendea | 2020eko Ekainaren 04a

Arranoak... oldartsu dabiltza!

Johanes Bordazahar

Nagusiak nahi duena, mutilak ahal duena. Abrakuko harkaitz- gainetan daukan kabitik arranoa jautsi zen, Munhoko iturri xilora. Iturri bazterreko arrokaren gainean beha zagon pika. Ondoan pausatu eta eztiki hasi zitzaion: - Pika, Pika! Haugi enekin! Bien artean eginen diagu ihizia! Bakoitzak bere trebeziarekin ihizi gehiago harrapatuko diagu. Gero harrapakinak partekatuko ditiagu. Pikak, bere kurrixka garratzekin: - Ez, ez, ezetz!... Anartean, nork zainduko dauzkit arroltzeak, Jauna! Urruntzen banaiz miruak janen ditu. - Ez hadila kezka hire arroltzez. Hire etsaiaz ni aduratuko nauk. baino hobeki eginen dugu, Jauna! Zergaitik ez duzu deitzen miru zuria. - Uste duka? Galde eginen dioiat. Mirua hantxe zagon gaztenatze zaharraren adarraren puntan, barrandan. Arranoa arbolara jautsi zitzaion, hinkili-hankala. - Miru! Haugi! Pikarekin, hiruek ihizaldi ona eginen diagu. Miruak gomitari ezin zion ezik eman. Gostuz ez bazen, errespetuz bederen behar zion arranoari jarraiki. Gomitaz harro mirua! Arranoa hegazti ttipiago batetaz behartzen zen behingotz. Hiruen artean, oihan, sasi, larre bazterrak errautsi zituzten. Gaixo erbi, sasi-ardi, urtxintxa, uso, eper, oilasko eta ahate! Mokoz ez bazen, erpez andana ederra garbitu zuten. Oihan hegian, pago handiaren azpian, harrapakinez - Hiruekin biekin gina zuten metaren inguruan, ihizialdiaz harro zauden hiruak. - Hi, Pika buztan luze! Egizkiguk partimenak, bota zion arranoak, handius! - Ez! Jauna! Bazkaltzerakoan nagusiari tokatzen zaio haragia partekatzea. - Beraz, Miru! Hik egik! Bilkiekin, miruak hiru meta egin zituen, berdin-berdinak, larrudun ala lamadun, adardun ala adargabe, apaxdun ala aztapardun.... - Beraz, Miru, nun duk ene partea? - “Lehenik aitaren!” zuri egokitzen zaizu, ene Jauna! Harrazu hiruetarik gustukoen duzuna. - Zozoa! Uste nian zentzua begia bezain zorrotza huela. Manera onak ez bide dituk ikasi. Moko ukaldi fier bat kasko gibelean eta hor berean net kalitu zuen mirua. - Banaketa berriz hasi behar diagu, Pika. Hea nola jokotzen haizen? - Ah! Ez naiz ni nagusia! - Hik bederen manera hobeak dituk. Erna hadi! - Beraz hiru parte horietarik bat eginen dut zure mokoarentzat, bestea eskuineko aztaparrarentzat eta azkena ezkerrekoarentzat. Eta gainera, Mirua opari. - Lana ongi egin baituk, harrak hiretzat bare hori. Nola nahiz hire hegalaldi nekearentzat ez zaik komeni sobera gizentzea. Pika, bare lerdetsua mokoan, fit eta fut, sasipean desagertu zen. Jendeen antolakuntza nagusietan: monarkian, diktaduran, errepublikan edo dena delakoan, bortizki ez bada lañoki, poderean denari dena haizu zaio.
Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3547. zbk

Nehork ez daki mundu hau nolakoa izanen den hemendik bizpaiuru urteren buruan.

Roger Pol-Droit

Azalekoa | 2020/06/04

Ibilki hor gaindi... Lilika!!

Ibilki%20hor%20gaindi...%20Lilika!!

Caroline Aphessetche garaztar emazte gazteak igorri zaukun mezu bat, “Lilika” deitzen den proiektuaren berri eman nahi zuela. Gu ere kuriosak izanez, harengana hurbildu gira xehetasun gehiago ukan nahian.

Mendietako gida Caroline Aphessetche ezagutua da, Garaziko inguruetan, duela dozena bat urte “Express Bourriko” enpresa sortu baitzuen. Konpostelako bidean ibiltzen ziren beilarien zakuak eta artetan ibilkariak berak eramaiten zituela gune batetik bestera. Aktibitate hori utzirik beste proiektu bat abiatzer zuen urte hastapen hunta, izurriteak memento batez geldiarazi diona. Halere, gaztetasunak ekartzen duen kemena ukanez, baliatu da hetsialdi hortaz bere egitasmoa aitzinarazteko. Betidanik mendiaren tira bazuela erraiten zaukun, irriño batekin gehitzen zuela, “gazte nintzelarik ere, besta egiteko ordez, mendian nahiago nuen ibili”. Hunen ondorioz, Estatuko Mendietan Gida izaiteko ikasketak egin zituen. Garaztarraren erranetan, ikasketa horiek biziki dorpeak dira, bereziki teknika aldetik burua azkar izan behar dela zioen. Bi urtez ibili ondoan, berriz itzuli zen Euskal Herrirat, eta aitzin aipatu enpresa sortu. Bidaiak ...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016