Gure Hitza | 2020eko Ekainaren 25a

Gure gogoetan

Menane Oxandabaratz

Nahi nuke sar-hitz huntaz baliatu agurtzeko bi pertsona berrikitan galdu ditugunak, biek Euskal Herria maite, biak euskaltzale amorratuak, biak jendekinak, biak fededunak, biek beti jakin izan dutena harreman goxo eta omoretsua erakusten. Mattin Larzabal eta Jamattitt Bidart, Kuxkurrio izenarekin ezagutua. Larunbatarekin Mattin-i azken agurra egiten ginakola, astelehenean berria etorri zen Jamattit Kuxkurrio hil zela. Bientzat entzun da Euskaldun Fededun zirela, bai dudarik ez da, beren baitan bi fede kurutzatzen zirela: euskalduntasuna eta giristinotasuna. Lehena “gure” Mattin! Norbait abian delarik, bakoitzari bere baitan oroitzapen batzuk gogoarazten zaizkio. Gure Irratian ibiltzen nintzelarik, astelehen arratsetan, atzo balitz bezala ikusten dut Mattin bere bulego xokoan, ikusi orduko bere irri gozoarekin erraiten zuela “untsa hiza?”. Zainetan edo kexu etortzen nintzanean, bazuen beti mintzatzeko molde bat, nun ene baitan nuen kerra, Mattin entzutean lasaitzen zen. Beti bi berri jakin nahian, kazetaria zen, haren galderak ez ziren inoxenteak edo kuriostasun hutsez pausatuak. Beti gibelean zerbait jakin nahian edo zuen informazioa xuxena zenez segurtatu beharrez ibilki. Ondotik, Herria astekari huntan berriz kurutzatzeko parada ukan dut, Mundu Zabala kronika idazten zuela eta elkarteko kide zela. Astekarian beti eskukaldi baten emaiteko prest, Mattin holakoa baitzen! Jamattitt Kuxkurrio, ez adin berdinean segur, baina hunen joaiteak ere sortzen du histura, errespetu handia zor genion. Jamattitt-ek bazuen beti grazia, begiak dirdir, irri pollit batekin solastatzeko gaitasuna zuena. Alta bere iraganean, bizi izan zituen memento dorpeek emaiten ahalko zioten beste izaera bat, baina ez, burua xut, solasa alegera... eredu bat zen! Holako pertsona bat ikusterakoan, nere baitan egiten nuen nundik eta nola aski indar badu, gogotasun hori bere baitan ukaiteko. Hori da hain segur entzun ditugun lekukotasunek azpimarratu duten euskaldun fededun izaitea, ez bakarrik ele hutsez, baina ekintzez obratzen zuena. Holakoetan gira ohartzen, bizian jende batzuen kurutzatzeak zer aberastasuna eta erakaspena ekartzen dauzkiguten. Bizian, adina aitzinatuz doala, baditugu gure bihotz xokoan, bide bazterrean utzi gaituzten familiako edo lagun batzuen oroitzapenak betirako hor geldituko direnak. Maiz erraiten dugu horrelakoa da bizia! Bai egia, laster egina da gaur pertsona batekin solastatzea, bihar ez gehiago gure artean izaitea. Behar ere biziak segitzen du, eta egunerokotasunak ekartzen dituen harat-hunatek berriz gaina hartzen dute. Artetan bozkariozko berri batek denak ahanztarazten dituela eta beste aldi batzuetan zerbait entzuterakoan pil-pilean jartzen girela. Bizitzen girela marka! Zer ote da bizitza? Bakoitzak bere baitan du erantzuna. Segur dena, gurekin bide parte bat egin dutenak, kurutzatzeko parada ukan ditugun pertsonak, betirako gogoan atxikiko ditugula.
Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3550. zbk

Aski badakik bizitzen balinbadakik.

Betiko errana

Gure Hitza | 2020/06/25

Gure gogoetan

Menane Oxandabaratz

Nahi nuke sar-hitz huntaz baliatu agurtzeko bi pertsona berrikitan galdu ditugunak, biek Euskal Herria maite, biak euskaltzale amorratuak, biak jendekinak, biak fededunak, biek beti jakin izan dutena harreman goxo eta omoretsua erakusten. Mattin Larzabal eta Jamattitt Bidart, Kuxkurrio izenarekin ezagutua. Larunbatarekin Mattin-i azken agurra egiten ginakola, astelehenean berria etorri zen Jamattit Kuxkurrio hil zela. Bientzat entzun da Euskaldun Fededun zirela, bai dudarik ez da, beren baitan bi fede kurutzatzen zirela: euskalduntasuna eta giristinotasuna. Lehena “gure” Mattin! Norbait abian delarik, bakoitzari bere baitan oroitzapen batzuk gogoarazten zaizkio. Gure Irratian ibiltzen nintzelarik, astelehen arratsetan, atzo balitz bezala ikusten dut Mattin bere bulego xokoan, ikusi orduko bere irri gozoarekin erraiten zuela “untsa hiza?”. Zainetan edo kexu etortzen nintzanean, bazuen beti mintzatzeko molde bat, nun ene baitan nuen kerra, Mattin entzutean lasaitzen zen. Beti ...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016